Turkiak iragarri du ez duela muga itxiko EBk bere hitza bete arte

Greziak salatu du 4.000 pertsona saiatu direla «indarrez» muga zeharkatzen, eta Turkiari egotzi dio taldeak antolatzea. Erdoganek esan du bonbardaketetan 2.100 soldadu siriar hil dituztela

Iheslariak Grezia eta Turkia banatzen dituen Meric ibaia zeharkatzen, Europan sartu ahal izateko. ERDEM SAHIM / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Trukerako txanpon bilakatu dituzte Recep Tayyip Erdoganek eta Europako Batasunak gerretatik ihesi doazenak. Duela lau urteko iheslarien fluxua geldiarazteko Bruselarekin hitzartutako akordioak boterea eman dio estatuburu turkiarrari, eta baliatu egin du. Siriako gerrak okerrera egitearekin batera, beste milioi bat inguru lagunek Turkiara jo dute ihesean; eta hark iheslari gehiago ezin dituela jaso argudiatuta, mugak zabaldu ditu, eta ohartarazi du ez dituela itxiko baldin eta EBk bere hitza betetzen ez badu. Izan ere, Turkiak egozten dio Bruselari akordioan jasotako diru laguntzak ez ematea.

Ez da lehen aldia estatuburuak ohartarazten duena ez duela nahikoa baliabide Siriatik ihesi doazen migratzaile guztiak jasotzeko —3,5 milioi inguru errefuxiatu daude egun herrialdean—. Oraingoan, ordea, testuingurua bestelakoa da.

Babes bila

Herenegun Siriako Armadak, Errusiako hegazkinen laguntzarekin, 33 soldadu turkiar hil zituen, eta Turkiak haren kokalekuak bonbardatuz erantzun zion. Azken orduetan bi aldeek nolabaiteko menia bat hitzartu duten arren, ez dago argi hark noiz arte iraungo duen, eta lehia horretan EBren eta NATOren babesa bilatzen du Turkiak. Ankarak, aliantzako kide izanik, badu aukerarik estatu kideen laguntza eskatzeko, bere subiranotasuna arriskuan dagoela argudiatuz. Baina NATOk berak izango luke azken hitza, eta ez dirudi haren alde egingo lukeenik. Horregatik beste bidea aukeratu du Turkiak, alegia, errefuxiatuei atea ireki eta estatu kideak ataka estuan jartzearena.

Bien bitartean, Bruselak dio akordioak indarrean jarraitzen duela, eta mugak zabaltzearen erabakia «behin-behinekoa» dela —Turkiako Gobernuko bozeramaileak herenegun esandakoari eutsiz—. Izan ere, iheslariek oztopo asko gainditu behar dituzte Europaren bihotzera heldu aurretik, tartean Greziak lurreko eta itsasoko mugan jarritako Poliziaren eta militarren kontrolak.

Atenasek herenegun itxi zuen Turkiarekiko muga, eta, bart gobernuak salatu duenez ,«4.000 pertsona inguru saiatu dira hura legez kanpo eta indarrez zeharkatzen». Greziako Barne ministro Michalis Chrysohoidisek Turkiari egotzi dio haiek «antolatu» etabidaltzea.

Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk ukatu du halakorik, eta iheslariei negar gasa jaurtitzea egotzi dio: «Guk ez ditugu zertan geldiarazi gure herria utzi nahi dutenak, baina Greziak haiek gizaki gisa tratatzeko betebeharra du». Atenasek, baina, ohartarazi du bere esku dagoen guztia egingo duela inork muga igaro ez dezan.

Greziak ez ezik, Bulgariak ere segurtasun neurri bereziak hartu ditu Turkiarekiko mugan, eta kontrolak iragarri ditu Austriak ere. «Mendebaldeko Balkanetako bideko gure kideekin eta EBrekin harremanetan gaude. EBko kanpo mugetako segurtasunak geldiarazten ez baditu, Austriak bere mugak babestuko ditu», iragarri du Sebastian Kurz kantzilerrak.

Biltegi kimikoak

Errusiak zabaldu duenez, «tentsioa murrizteko» akordioa itxi dute bi aldeek. Aurrez, baina, Turkiako armadak Siriako Gobernuaren kontrolpeko hainbat gune bonbardatu zituen, tartean biltegi kimikoak, betiere Ankararen arabera. «Gai kimikoen zazpi biltegi suntsitu ditugu», azaldu zuen Erdoganek, eta gaineratu erasoetan 2.100 soldadu hil eta 300 ibilgailu militar ere suntsitu dituztela.

Erdoganek ohartarazi du ez dela Siriatik erretiratuko «herriak eskatu ezean», eta eskatu dio Errusiari utz diezaiola Al-Assad babesteari. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, ordea, asko du irabazteko buruzagi siriarra garaile irteten bada; izan ere, pisuzko aliatu bat lortuko luke Ekialde Hurbilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.