Haftarrek menia bat eskaini dio GNAri bihartik, elkarrizketei begira

Libia ekialdeko buruzagi militarraren Tripoliko erasoaldiak porrot egin du, eta estrategia aldatzera behartu du. Al-Serrajen gobernuaren aldeko miliziek Sirte hiria berreskuratuta erantzun dute

Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarra, artxiboko irudi batean. YANNIS KOLESIDIS / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarrak iazko apirilean hasi zuen Tripoli hiriburuaren kontrola bereganatzeko erasoaldia, baina, urtebeteren ostean, eta batez ere Turkiaren esku sartzearen ondorioz, Haftarrek ez du bere helburua lortu; are, atzera egin du hilabeteotan, eta horrek estrategia aldatzera behartu du. Orain, dirudienez, arreta bake negoziazioetan jarri nahi du estrategia militarrean baino, eta horren harira uler daiteke atzo Fayez al-Serraj Batasun Nazionaleko Gobernuaren (GNA) buruari egindako proposamena: bihartik aurrerako aldebakarreko su-eten bat.

Libia ekialdeko buruzagi militarrak bere aliatu Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidentearekin batera ondutako bide orriak gerra amaitzea du helburu, atzo ezagutarazitako adierazpenean azaldu zutenez, eta, horretarako, beharrezkotzat jo dute bi aldeen arteko talkak amaitzea. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eskari hori egin zien Haftarri eta Al-Serraji aste hasieran, jakinarazi zuenean bi buruzagiak negoziazioetara itzultzeko prest zeudela, eta, egoera militarrak bultzatuta, Al-Sisik «elkarrizketa» eskaini zion atzo GNAren buruari —Libiako Ordezkarien Ganberako presidentearen oniritzia ere badu—.

Hortaz, bihartik aurrerako menia Haftarren hitz egiteko borondatearen erakusletzat jo liteke, baina Egiptoko presidenteak beste baldintza bat jarri zuen, Turkiaren eragina ezerezteko: «Atzerriko mertzenarioak» herrialdetik joatea eta armak entregatzea —eskari horiek nazioarteko potentziek iragan urtarrilean Berlinen egindakoen antzekoa dira—.

Pauso militarrez haratago, Al-Sisik eta Haftarrek proposatu zuten Presidentetzaren Kontseilua deitu dutena osatzea, Libiako hiru probintzietako ordezkariekin, eta betiere NBEren gidaritzapean. Horrekin batera, Egiptoko presidenteak eta Libia ekialdeko presidenteak uste dute beharrezkoa dela «Adierazpen Konstituzional bat» adostea, trantsizio politikoa bideratzeko eta herrialdeko erakunde guztiak batzeko balioko lukeena: «Era horretara, erakundeek beren funtzioak garatu ahal izango lituzkete, eta bermatuko lukete herrialdeko baliabideak herritarren artean banatzea modu justu eta gardenean».

GNAren erantzuna, ordea, ez zen batere baikorra izan Haftarren asmoentzat. Hilabeteotako garaipen militarrek bultzatuta, Mohamed Gnunu bozeramailea desafiatzaile agertu zen, eta adierazi zuen haiek ez zutela hasi gerra, baina haiek hautatuko dutela «noiz eta non» amaituko den: «Gure indarrak aurrerantz doaz, ihes egiten ari diren [Haftarren] miliziei jarraituz».

Halere, ikusteko dago Al-Serrajek jarrera horri eutsiko dion, NBEren adierazpenaren arabera, bake negoziazioetan parte hartzeko prest baitago; hori bai, negoziazio horietan iaz baino pisu handiagoa izango du, ekialdeko buruzagi militarrarekin konparatuta.

Adierazpen horien ostean, GNAren aldeko miliziek, Turkiaren mertzenarioen laguntzarekin, ekialdera begira jarri ziren, eta, besteak beste, Sirte hiria berreskuratzeko asmoa dute, Abdelhadi Drah komandanteak jakinarazi zuenez; balizko garaipen militar horrek, hilabeteotako joerari eusteko baliatzeaz gain, pisu sinbolikoa izango du, han jaio baitzen Muammar Gaddafi Libiako buruzagi ohia, eta han hil baitzuten Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko indarrek.

Mendebaldeko petrolioa

GNAren garaipenei esker, Petrolioaren Korporazio Nazionalak oliobide baten irekiera jakinarazi zuen atzo, hegoaldeko Al-Sahrarako petrolio hobia ipar-mendebaldeko hainbat hirirekin lotzen duena —besteak beste, Repsol, Total eta Eni enpresek ustiatzen dute oliobide hori—, tartean Tripolirekin, eta, hortaz, hango herritarrentzako hornidura elektrikoa bermatzeko balioko dio Al-Serrajen gobernuari.

Dena den, petroliogune garrantzitsuenak Haftarren esku daude oraindik, herrialdearen ipar-ekialdean.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.