Bidea egiten segitu nahi dute

Realak eta Athleticek elkarren aurkako derbi batekin hasiko dute urtea gaur, Anoetan. Norgehiagoka estua espero da sailkapeneko goiko postuetan dauden bi taldeen artean

Emma Ramirez Realeko erdilaria, Lucia Garcia Athleticeko aurrelaria atzean utzi nahian, denboraldi honetan San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Urtea hasteko, derbia. Realak eta Athleticek indarrak neurtuko dituzte gaur Anoetan (12:00, ETB2), 2022ko aurreneko partidan. Dagoeneko sasoi erdia osatu dute, eta gaur ekingo diote bigarren zatiari. Sasoi gozoan dira bi taldeak, sailkapenaren goiko aldean. Txuri-urdinak Txapeldunen Ligako postuetan dira, eta Bartzelona dute soilik aurretik orain arte neurketa guztiak irabazi ditu. Zuri-gorriak, berriz, bosgarren dira taulan, Europatik bost puntu eskasera. Lan erdiak besterik ez dituzte egin, eta bigarren zatiari ondo ekin nahi diote, deskuidurik gabe. Derbia, goian dauden bi talde eta hitzorduarekin bat datorren futbol zelai bat. Ezin gehiago eskatu 2022aren hasierari.

IRAIA IPARRAGIRRE
Realeko jokalaria
«Partida kontrolatzen saiatu behar dugu baloiaren bitartez»

Oporraldia ondo aprobetxatuta eta pilak kargatuta da Iraia Iparragirre (1995, Lasarte-Oria, Gipuzkoa). Sasoi bikaina osatzen ari da Reala; bigarren da sailkapenean, 34 punturekin, eta bi partida baino ez ditu galdu estreinako itzulian —Espainiako Futbol Federazioak hiru puntu kendu dizkio elastikoan federazioaren logoa ez eramateagatik—. Urtea, eta denboraldiko bigarren erdia, aurrekoa bukatu bezala hasi nahi du: irabaziz. «Gogorik ez zaigu falta. Gero ikusi egin beharko da partidan gauzak nola joaten diren. Egun batzuetan gauzak hobeto ateratzen dira; beste batzuetan, okerrago... Hori oraindik ezin da aurreikusi, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu partidara gauzak ahalik eta landuen eramateko».

Aldaketa askoko uda izan zen 2021ekoa Zubietan. Jokalari askok alde egin zuten, eta beste hainbeste iritsi ziren Donostiara. Aldaketak aldaketa, talde gipuzkoarrak ez du horrelako egoeretan suertatu ohi den egokitzeko denborarik behar izan. Hasiera-hasieratik abiada bizian hasi zen Natalia Arroyok zuzendutako taldea. Lasarte-Oriako hegalekoak argi du zergatik jarraitzen duen Realak onbidean: «Horrelako momentuetan, talde batean egonkortasuna aurkitzea ez da erraza, baina guk Realean identitate bat daukagu, eta hori ez da aldatu. Esentzia hori ez dugu galdu. Nire ustez, horrek eta jokalari berriek kontzeptuak ondo barneratzeak eman digute fruitua. Ez da zorte kontua izan: ondo hasi ginen, eta gero gauzak finduz eta gure ahulguneak indartuz joan gara pixkanaka-pixkanaka».

Aurreko denboraldiaren amaieran talde txuri-urdina utzi zutenetako bi aurkari izango ditu gaur Iparragirrek berdegunean. Itxaso Uriarte eta Mariasun Quiñones urte luzez aritu dira Realean, baina aurreko udan taldez aldatu ziren. Azken egunetan Uriarterekin mezu batzuk trukatu baditu ere, ez du harekin gaurko norgehiagokaz hitz egin. Horrelako mugimenduek «are bereziagoa» egiten dute derbia, gipuzkoarraren ustez: «Xarma hori du futbolak. Taldekide izan dituzunak aurkari dituzu orain, eta hori berezia da. Ezagutzen duzulako, badakizulako nola jokatzen duen, baina alderantziz ere bai. Haiek haien jokoa egingo dute, eta guk, geurea».

Azken denboraldietako Realaren eta Athleticen arteko derbiak oso estuak eta lehiatuak izan dira. «Athleticek oso talde txukuna du, eta gauzak ez dizkigute batere erraz jarriko. Haiek ere sailkapenaren goialdean daude, eta horrek argi uzten du oso talde ona dela. Gainera, derbiak beti dira bereziak. Aurten, zer esanik ez: joaneko partida San Mamesen jokatu genuen, eta oraingoan Anoetan jokatuko dugu. Haiek izan zuten beraien zaleen hauspoa; orain guri tokatzen zaigu gertukoek ematen duten indar gehigarri hori alde izatea. Baina horrekin ezin dugu arreta galdu; guk oinak lurrean izan behar ditugu, eta gauzak ahalik eta hobekien egin».

Lehen itzuliko partidan talde gipuzkoarra 0-1 nagusitu zen San Mamesen. Aurreneko minutuetan sartutako gol goiztiar bat nahikoa izan zen Realarentzat Bilbotik hiru puntuekin ateratzeko. Gaurko partidan edozer gauza gerta litekeela uste badu ere, markagailuan aurretik jartzea derbia irabazteko gakoetako bat izan daitekeelakoan da lasartearra: «Derbiak beti dira zailak. Gainera, bi taldeak bolada onean gaude. Gola ahalik eta azkarren sartzen saiatuko gara, hiru puntuak etxean geratzeko. Azken finean, markagailuan aurretik zoazenean gauzak modu lasaiago batean hartzeko aukera duzu. Baina, halere, guk gure jokoa egin, eta partida kontrolatzen saiatu beharra dugu baloiaren bitartez».

ITSASO URIARTE Athleticeko jokalaria
«Haiek egiten dituzten hutsak baliatu beharko ditugu irabazteko»

Derbi berezia izango da gaurkoa Itxaso Uriarterentzat (1991, Gasteiz). Bederatzi denboraldi eman zituen Gipuzkoako taldean euskarri arabarrak, baina aurreko udan Lezama aldera joatea erabaki zuen. Batetik bestera aldaketa sumatu badu ere, ez zaio oso arrotza egin: «Urte asko pasatu ditut Realean, baina, zorionez, Athleticeko jokalari asko aurretik ezagutzen nituen, baita beraiek neu ere. Horrek asko erraztu du prozesua. Oso erraza izan da taldera batzea». Taldekide ohiekin partekatuko du berdegunea, eta, askorekin hitz egin badu ere, ez dute norgehiagoka hizpide izan: «Asko lagunak ditut, eta tarteka mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri, baina derbiaz ez gara mintzatu. Gauza askotaz hitz egiten dugu, baina partida Anoetarako utzi dugu».

Txuri-urdinek bezalaxe, indarrean hasi zuten liga zuri-gorriek, norgehiagoka asko irabaziz. Azkenaldian, baina, hiru puntuak batzea kostatzen ari zaie Iraia Iturregirenei. Jokoan zeuden azken 24 neurketetatik zortzi baino ez dituzte pilatu; halere, «sentsazioak onak dira», Uriarteren ustez: «Emaitzak ez dira esperotakoak izan, baina taldea ondo ari da lanean. Azken jardunaldietan ezin izan ditugu nahi beste partida irabazi, baina gertu ibili gara. Galtzera kondenatu gaituzten akats horiek zuzenduz gero, hiru puntuak eskuratzea errazagoa izango da».

Bilbotarrek oraindik ez dute lehen itzulia amaitu, Atletico Madrilen aurkako norgehiagoka jokatzeko dute oraindik. Talde espainiarrean koronabirus kasuak atzeman zituzten, eta, horren ondorioz, bizkaitarrek uste baino asteburu gehiago eman dituzte lehiatu gabe. Abenduaren 18an jokatu zuten azkeneko neurketa, Tenerifeko Granadillaren aurka. Ez du uste lehiatu gabe bi aste igarotzeak kalte egingo dionik taldeari: «Ez du zertan eragin beharrik horrek. Lanean ondo aritu gara, entrenamendu onak egiten. Denoi gustatzen zaigu lehiatzea, baina ez da denbora asko pasatu gure azken partidatik. Hori bai, gogoz gaude derbirako».

Aurtengo sasoian Realari irabaztea ez da gauza makala; ezinezkoa ere ez. Bartzelonak eta Levantek gipuzkoarrak garaitzea lortu zuten, eta Sporting Huelvak, berriz, puntu bat eskuratu zuen orain dela hilabete Zubietan. Gasteiztarrak argi du zein izango den gakoa txuri-urdinak mendean hartu ahal izateko: intentsitatea: «Gu oso talde sendoa gara, oldarkorra. Erritmo bizia ezartzen diogu partidari, eta Realaren kontra berdin aritu beharko dugu irabazteko. Ez da erraza izango, baina haiek egiten dituzten huts apurrak baliatu beharko ditugu Anoetatik punturen bat gureganatzeko».

San Mameseko derbia estua izan zen, eta, Arroyorenek hiru puntuak eraman bazituzten ere, lehia paretsua izan zen. Hamahirugarren minuturako aurretik zen Reala, eta gola hain goiz jasotzeak kalte egin zielakoan da Uriarte: «Ia partida guztian markagailuan atzetik joan ginen, eta horrek ez zigun mesederik egin. Gogoz kontra bezala joan ginen denbora luzez, eta, azkenerako ia berdintzea lortu bagenuen ere, partidako zati batzuetan deseroso egon ginen; lehenengo zatian, bereziki».

Anoetan jokatu diren aurreko hiru derbietan ez du galdu Athleticek; bi partida irabazi ditu, eta bestea berdindu. Erdilari gasteiztarrak bolada horri jarraipena ematea espero du: «Aurrekoetan niri beste aldean egotea tokatu zait. Ea laugarrenean ere ez dugun galtzen. Berdinketa ez legoke gaizki, baina gu irabaztera goaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.