Piztiari kosk egin nahian

Athleticek laugarrenez irabazi nahi du gaur Espainiako Superkopa, Real Madrili gailenduta. Unai Nuñez osatua da, eta baliteke Nico Williamsek hasieratik jokatzea

Iñaki Williams eta Iker Muniain, gaurko finala prestatzeko Athleticek atzo egindako azken entrenamenduan. JULIO MUÑOZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Athleticekez dio izkin egin nahi Espainiako Superkopa laugarrenez altxatzeko abaguneari. Saudi Arabiatik garaikurrarekin itzuli nahi du Euskal Herrira. Aurreko urtean egindako balentria berresteko, baina, Real Madrili irabazi beharko dio. Zuri-gorriek behin bakarrik egin dute topo Real Madrilekin final batean: 1958ko Espainiako Kopan izan zen, eta 2-0 irabazi zuten. Orduko filosofiari helduta, zuri-gorriak madrildarrei hortzak erakutsi eta kosk egiteko prest dira gaur jokatuko duten Superkopako finalean, Riadeko Fahd Erregearen estadioan.

Urtebetean laugarren finala jokatuko du Athleticek. Lorpen «esanguratsua», Aritz Solabarrieta Athleticeko jokalari ohiaren esanetan. «Argi geratu da Athleticek gaitasuna duela horrelako txapelketetan oso ondo lehiatzeko. Ligan baino erosoago sentitzen da». Askok esango dute finalak galdu egin ohi dituela. Baina Solabarrietak gogoeta hau egin du: «Laugarren finalera heltzeak meritua du, eta balioa eman behar zaio».

Marcelino Garcia Toralek duela urtebete hartu zuen Athleticen lema, eta, denbora tarte horretan, bere zigilua ezarri dio klub zuri-gorriari. «Jokatzeko sistema argia dauka, batez ere defentsan. Alor horretan, taldeak asko hobetu du. Jokalari bakoitzak oso argi dauka zein zeregin bete behar duen». Funtsean, Marcelinok zukua atera die jokalariei. «Talde sendoa eta irabazteko zaila izatea lortu du». Ez etsitzea eta nortasuna izatea ere berezkoak ditu Athleticek. Atletico Madrilen aurkako finalerdian berretsi zuen, neurketari buelta eman baitzion: «Partida galdutzat eman zitekeen unean, urrats bat aurrera egin zuten. Erori orduko jaikitzeko gaitasuna dute».

Solabarrietak ez du uste Athleticeko eta Real Madrileko jokalariak nekatuta helduko direnik gaur iluntzera; are gutxiago finala izanik. «Jokalariak ohituta daude hiru egunetik behin lehiatzera». Carlo Ancelottiren hamaikakoan jarri du arreta berezia: «Irailetik hamaikako berarekin jokatzen ari da. Guztiok buruz dakigu. Nekea igartzekotan, apiril aldera nabarituko dute».

Gaurko partidak duela urtebete Bartzelonaren kontra irabazitako lehiarekin «zerikusi gutxi» izango duelakoan dago. «Aurreko denboraldian, Bartzelona ez zegoen sasoirik onenean»; aldiz, Real Madril garai onean da. «Ligako talderik onena izaten ari da, eta Europako fidagarrienetariko bat da». Hori ikusita, Real Madril jotzen du titulua irabazteko faboritotzat. «Baina partida bakarrera izanda, Athleticek ez dauka ezer galtzeko; irabazteko baizik».

Athleticek azken hilabetean birritan neurtu ditu indarrak Real Madrilekin ligan, eta bietan galdu du: 1-0 Bernabeun, eta 1-2 San Mamesen. Hori bai, ondarroarraren arabera,«oldarkor» aritu zen: «Itxura ona eman zuen».

Real Madril talentuz jositako taldea da. Thibau Courtois atezainetik hasi eta joa zorroztua duen Karim Benzemara arteko zerrenda luzea du teknikari italiarrak esku artean. Madrilgo taldeak aurkaria erabat pitzatzeko oinarrian duen indargunea atera du hizpidera ondarroarrak: «Kontraerasoan min handia egiten dute». Aurkariak baloia duen bitartean, espainiarrak eroso sentitzen dira: «Lasterka egiteko lekua badute, akabo».

Bada, gaurko finalak Athleticen eta Atletico Madrilen arteko partidaren gidoia izango du, Solabarrietaren iritziz. «Real Madrilek, agian, baloia gehiago izango du, eta aurreneko minutuetan goian presioa egin beharko dio Athletiecek». Ancelottirenek lehen sarea gainditzen badute, atea ondo zaintzea tokatuko zaie zuri-gorriei. «Viniciusen barnealdiekin erne egon beharra dute». Espainiarren joari eustea gakoetako bat izango delakoan dago ondarroarra. Horrek ez du esan nahi, ordea, talde zuri-gorriak arriskua sortzeko ahalmena izango ez duenik. «Partida aurrera joan ahala, aukerak izango ditu, eta baliatu egin beharko ditu».

Harrobiko jokalari gazteak atea botatzen hasiak dira jada; Nico Williamsek, esaterako, gatza eta piperra eman izan dizkio taldeari aulkitik zelairatu den aldiro. Herenegun, garaipenaren gola sartu zuen. Marcelinok hasieratik jarriko ote du gaur Berenguerren ordez? «Nico hazten ari den jokalari bat da. Zerbait berezia du. Marcelinoretzat, partida aldatzeko jokalari aproposa da». Solabarrietak argi du. «Kluba oraina duela erakusten ari da, eta etorkizun oparoa».

Animoz beteta

Finalerako sailkatu eta gero, animoz taldea «ezin hobeto» dagoela nabarmendu zuen atzo Marcelinok. Aurkariaren inguruan, zera nabarmendu zuen: «Oso indartsu hasten ditu partidak, presio handia eginez. Adi egon beharko dugu. Horrekin batera, haien kontraerasoa ondo zaindu beharko dugu».

Iker Muniain ere baikor mintzatu zen: «Haiek dira faboritoak. Baina iaz ere Bartzelona zen irabazteko hautagaia, eta garaipena lortu genuen. Antzera sentitzen gara». Talde zuri-gorrian, Unai Nuñez osatu egin da, eta atzo bidaiatu zuen Saudi Arabiara. Bestalde, litekeena da Nico Williamsek Berenguerren ordez jokatzea. Real Madrilen, Carvajalek ez du jokatuko, COVID-19agatik, eta David Alaba ere ez da osatu.

ATHLETIC -REAL MADRIL
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Berenguer, Zarraga, Dani Garcia, Muniain; Sancet eta Iñaki Williams.
Real Madril. Courtois; Lucas Vazquez, Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric; Marco Asensio, Vinicius eta Benzema.
Epailea. Soto Grado.
Ordua. 19:30 (Vamos)
Lekua. Fahd Erregearen estadioa (67.000 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.