Hazara herriak Afganistango atentatua ikertzeko eskatu du: «Ahots zapaldu bat gara»

Estatu Islamikoak etnia horretako 32 lagun hil zituen bezperan egindako erasoan. Ghani presidenteak esan du prest daudela talibanekiko negoziazioei ekiteko

Kabulen ostiraleko atentatuan hildako hazaren aldeko hiletak, atzo, hiriburuaren inguruko muinoetan. JAWAD JALALI / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Kabul inguruko muinoetan lurperatu zituzten atzo bezperako atentatuan hildako hazara etniako kideak. Abdul Ali Mazari buruzagi historikoaren hilketaren urtemuga gogoratzen ari ziren, eraikin batetik zenbait ekintzaile jihadista jaurtigailu bat zartarazi eta tiroka hasi zirenean —orotara 32 lagun hil eta 58 zauritu zituzten—. Iazko ekitaldian ere, egun berean, muturreko islamistek atentatu bat egin zuten. Estatu Islamikoak berehala hartu zuen bere gain erasoa, eta talibanek, aldiz, komunikatu baten bidez esan zuten ez zutela zerikusirik erasoarekin. Hazarek, hala ere, ikerketa bat egiteko eskatu dute. Muhammad Muhaquiq buruzagi hazarak «justizia» aldarrikatu zuen hiriburuan emandako prentsaurrekoan: «Parlamentuari, gobernuari eta nazioarteko komunitateari eskatzen diegu gure herriaren ahots zapaldua entzun dezatela». Buruzagiak salatu zuen Afganistango segurtasun indarrek ez zutela eraikina behar bezala miatu: «Ez ditut segurtasun indar guztiak erantzule egiten, baina ikertu beharreko zantzu susmagarriak daude».

Ez da aurreneko aldia jihadistek hazaren kontrako eraso bat egiten dutela, ezen iazko abuztuan, ezkontza batean, laurogei hazara hil zituzten. Baina etnia horrek talibanen jazarpena ere pairatu izan du aurretik; Ali Mazari buruzagi hazara, etniaren buruzagi politikoa, talibanek beraiek bahitu eta hil zuten. 1995eko martxoaren 12a zen, eta, egun horrek hazaren kontrako zapalkuntzaren abiapuntu berri bat ezarri zuen. Sobietarren inbasioan erresistentzian aritua zen politikaria, eta ondorengo urteetan federalismoa aldarrikatzen zuten ahots sendoenetako bat bilakatu zen. Hezbe Wahdat alderdia sortu zuen, hazaren arteko batasuna lortze aldera, baina haren hilketak sakabanaketa eragin zuen, eta horrek hazaren kontrako jazarpen sistematikoa ekarri zuen.

Heretikoak

Hazarek Hazarajat haranean dute jatorria. Afganistango hirugarren etnia dira, populazioaren %15 inguru, paxtunen eta tajiken ondoren; persieraz mintzatzen dira, eta islamaren adar xiitaren jarraitzaileak dira. Talibanentzat eta jihadistentzat heretikoak dira, munafiqin, eta horregatik jazarri izan zaizkie mendeetan, zapalkuntza itzelena talibanen garaian ezagutu badute ere.

Sobietar Batasunak 1989an alde egin zuen Afganistandik. Talibanek 1997an okupatu zuten Hazarajat, boterea eskuratuta xaria legea ezarri eta hurrengo urtean, eta, erresistentzia irmoa aurkitu bazuten ere, herria masakratu zuten. Giza Eskubideen Nazioarteko Erakundeak eta Amnesty Internationalek jakinarazi zutenez, ehunka hazara hil zituzten. Garbiketa etnikoa izan zen.

Orduz geroztik, zapalkuntzak ez zuen etenik izan, baina 2001. urtearen hasieran egoerak okerrera egin zuen. Talibanek Jakaulang barrutian sartu eta ehunka gazte hazara atxilotu zituzten. Najak barrutian elkartu zituzten, urtarrilaren 8an, eta goizeko zortzietan hil zituzten denak, ilara batean jarrita, bata bestearen atzetik fusilatuta. Edadetuak gerturatu zirenean, horiek ere hil egin zituzten.

Hurrengo asteetan eskualde osoan egin zituzten horrelako ekintza ankerrak, laztura zabaldu arte. Human Rights Watch erakundearen arabera, lau mila etxe, denda eta eraikin erre zituzten, eta mendebaldeko herrixka ugari suntsitu zituzten. Exodoa izan zen.

Hazarak Balutxistanen (Pakistan) eta Mashaden (Iran)ere bizi dira, gehienak aterpetuta. Hazarak inbaditzailetzat dituzte, mongoliarren aurpegiera baitute; sudur zapala, begi luzaranak eta masail zabalak. Gengis Khanen ondorengotzat dituzte, hain zuzen, nahiz eta euren jatorria ez dagoen erabat argi: aristokrata mongoliarrek XIII. mendearen hasieran inbaditu zuen eskualdea, tribu nomadak elkartuko zituen inperio bat eratzeko konkistan.

Hazarajat independente izan zen XIX. mendean. Kabul hiriburuan, baina, baztertuta zeuden harazak, eta 1970. urtera arte, adibidez, ezin zuten administrazio publikoan lan egin, ezta unibertsitatean ikasi ere.

Su-etena

Kabulgo atentatua oso garai berezian dator, talibanek eta okupazio indarrek aurreko asteburuan sinatu baitzuten bake akordioa, su-etena aldarrikatuz eta okupazio indarrek herrialdea uzteko bide orria zehaztuz. Itun historiko horrek talibanen eta gobernuarenarteko negoziazioak ere aurreikusten ditu. Ashraf Ghani Afganistango presidenteak, hain zuen, bihar ekingo dio bigarren agintaldiari, eta atzo, parlamentuan egindako agerraldian, adierazi zuen martxoaren 10ean talibanekin hitz egiteko prest dagoela.

Bake itunak, baina, interpretazio antagonikoak sortu ditu, presoen harira. Talibanek diote gobernuak 5.000 ekintzaile askatu behar dituela elkarrizketak abiatu aurretik, horrela hitzartu zutelako AEBekin. Ashraf Ghani presidenteak, baina, oso bestelako iritzia dauka, esan baitu «oso goiz» dela ekintzaile talibanak libre uzteko: «Lehentasuna su-etena da; beraz, bermatu behar dugu preso dauden talibanak ez direla borroka zelaira itzuliko».

Artean, indarkeria ekintzak ugaritu egin dira, eta oraindik ez dago zehaztuta negoziazio horiek non egingo diren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.