40 urteko gizon beltz baten hilketak protestak piztu ditu Brasilen

Freitasen hilketa salatzeko manifestazio bat, ostiralean, Sao Paulo hirian.
Freitasen hilketa salatzeko manifestazio bat, ostiralean, Sao Paulo hirian. FERNANDO BIZERRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2020ko azaroak 22

Brasilen izan da oraingoan, Porto Alegre hiriko saltoki handi batean. Joao Alberto Silveira Freitas zuen izena, eta 40 urte zituen. Beltza zen. Lehen informazioen arabera, Freitas erosketak egiten ari zen bere familiarekin, baina ordaintzeko orduan eztabaidan hasi zen Carrefour kateko kutxazain batekin, eta hark segurtasuneko lankideei deitu zien. Horren ostean gertatutakoaren irudiak sare sozialetan zabaldu ziren sua bezain bizkor. Segurtasuneko kideek kanpora atera zuten Freitas, eta han, batek heltzen zion bitartean, besteak bost minutuz jipoitu zuen. Ondoren, eta gizonezkoa lurrean zela, haietako bat belauniko jarri zen haren gainean. Itota hil zen Freitas.

Hilketa Kontzientzia Beltzaren Egunaren bezperan, ostegunean, gertatu izanak areagotu egin du haserrea. Izan ere, esklabotzaren amaiera gogoratzen dute egun horretan. Hala, herenegun, protestak Brasilgo hiri nagusietara zabaldu ziren. Porto Alegren, Freitas hil zuten Carrefour saltokiaren atarian bildu ziren manifestariak, eta, protesta modu baketsuan hasi bazuten ere, minutuak aurrera joan ahala, zenbaitek harriak bota zituzten saltokiaren aurka, baita erakusleihoak apurtu ere. Antzeko gertaerak izan ziren beste hainbat hiritan, non kate bereko saltokien aurka jo zuten manifestariek. Joan den maiatzean AEBetan hildako George Floyd afro-amerikarra izan zuten askok gogoan hura ere bi poliziak itota, eta «beltzen biziak axola du» oihuak izan ziren nagusi.

Saltokietako arduradunek, berriz, gaitzetsi egin zuten Freitasen hilketa, eta jakinarazi kontratua eten dutela segurtasun enpresarekin, eta jipoia telefonoz grabatu zuen langilea kaleratu. Ez da, ordea, lehen aldia, saltoki kate horrek salaketak jasotzen dituena indarkeriagatik edo utzikeriagatik. Abuztuan, kate horretako supermerkatu batean marka jakin bateko produktuak eskaintzen ari zen langile bat bihotzekoak jota hil zen, eta arduradunek eguzkitakoekin eta garagardo kaxekin estali zuten gorpua hainbat orduz, saltokia itxi arte.

Freitasen hilketak, ordea, bestelako olatu bat eragin du. Ez da lehen aldia halako zerbait gertatzen dena. Iazko otsailean, 19 urteko Pedro Gonzaga atzeman zuen beste merkataritza gune bateko zaindari batek, eta lepotik helduta izan zuen hainbat minutuz. Gonzaga erietxean hil zen. Aurtengo maiatzean, berriz, 14 urteko Joao Pedro hil zuen Poliziak tiroz Rio de Janeiron egindako operazio batean.

Datuek argi uzten dute zein den egoera. Brasilgo herritarren %57 beltzak edo mestizoak dira. Baina, aldi berean, indarkeriaren biktimen %74 dira horiek, eta kopurua handiagoa da segurtasun indarrek hildakoei dagokienez: %79koa. Egoerak okerrera egin du azken hamar urteotan. 2008an, 100.000 biztanleko 34 beltz hil zituzten, eta 2018an, 37,8 izan ziren: %11,5 gehiago; aldiz, beltzak ez diren herritarren hilketak %12,9 jaitsi ziren tarte berean.

Arrazakeriarik ez

BLM Black Lives Matter mugimenduak gaitzetsi egin zuen gertatutakoa, eta Freitasen gertukoek salatu zuten arrazakeriak bultzatutako hilketa izan dela harena. Brasilgo presidenteorde Hamilton Mouraok doluminak helarazi zizkien Freitasen senide eta lagunei, baina ukatu zuen hilketak arrazakeriarekin zerikusia zuela: «Brasilen ez dago arrazakeriarik. Batzuek kontrakoa dioten arren, nik lasai esan nezake ez dela halakorik hemen».

Ordu batzuk geroago hitz egin zuen Jair Bolsonaro presidenteak, eta ukatu arrazakeriak zerikusia izan zuela jazotakoarekin: «Indarkeria denok bizi dugun zerbait da. Ez dago arrazoirik sufrimendua taldetan banatzeko. Borrokak bultzatzen dituztenek, gatazkak sustatuz, nazio honen aurka egiten dute eta gure historiaren kontra».

Freitasen hileta atzo egin zuten, Porto Alegren bertan. 40 lagun inguru bildu ziren; senide eta lagunak gehienak. Han izan ziren Porto Alegreko hainbat zinegotzi ere, joan den igandeko udal bozetan aukeratutako Matheus Gomes ezkertiarra tartean. «Zail da jendea errealitateaz ohartzea, batez ere kontuan izanik arrazakeriaren aurkako borrokaren etsaiak direla agintean daudenak. Baina gazteak kalera irteten ari dira, eta egoera honen aurka matxinatzen», esan zuen Gomesek. Haren hitzen erakusgarri, «Black Lives Matter» irakur zitekeen atzo Sao Pauloko kale nagusietako batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Araujoko hautesmahai bateko kideak lanerako prest, udal hauteskundeetako lehen itzulian. ©FERNANDO BIZERRA / EFE

Ez dira udal hauteskunde soilak

Gabriel Puricelli

Brasilen udal hauteskundeek egiten dute agintaldi erdiko bozen lana, eta gobernuan den alderdiaren edo buruzagiaren indarra ere neurtzen dute. Baliteke Jair Bolsonaro ahulduta irtetea oraingo hauetatik.

Etioiako armadako soldaduak, ariketa militar bat egiten, Addis Abeban. ©STR, EFE

Etiopiako armadak Tigrayko hiriburua hartu du, Abiyren esanetan

Gorka Berasategi Otamendi

Herrialdeko lehen ministroak azaldu duenez, Mekelle hiria «guztiz kontrolpean» du gobernu federalak.

Nicola Sturgeon Eskoziako Parlamentuan, pentsakor. ©F. BREMNER / EFE

Zer egin Londresen ezezkoaren aurrean

Ander Perez Zala

SNPko sektore batzuk haserre daude independentziarako B planaren eztabaida blokeatu dutelako. Sturgeonen asmoa da bide orria eta galdera 2021eko bozen aurretik jakinaraztea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.