Albistea entzun

Saudi Arabiako printzearen aurkako neurririk ez dute hartuko AEBek, Khaxoggiren hilketaren erantzule egin arren

Mohamed Bin Salman, Saudi Arabiako printze oinordekoa, artxiboko argazki batean.
Mohamed Bin Salman, Saudi Arabiako printze oinordekoa, artxiboko argazki batean. AITOR PEREIRA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko otsailak 28

AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren txosten batek Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketarekin lotu du Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed Bin Salman, Washingtonen eta Riaden arteko harremana gaiztotuz: «Ondorioztatu dugu Saudi Arabiako printze oinordekoak Jamal Khaxoggi kazetaria atzeman eta hiltzeko Istanbulen eginiko operazioa onetsi zuela». Hala, haren gertuko 70 lagun ingururen aurkako zigorrak onartu ditu Etxe Zuriak; ez, ordea, Bin Salman printzearen aurkakorik, iritzita hori «kaltegarriegia» litzatekeela AEBen eta Saudi Arabiaren arteko harremanentzat —Irani aurre egiteko, eta beste herrialde arabiarrekiko zubi lana egiteko Riaden beharra du Washingtonek—. Riadek «faltsutzat eta onartezintzat» jo du akusazioa.

Khaxoggiren gertukoentzat, berriz, «motz» geratu da Etxe Zuria. The Washington Post egunkari estatubatuarrak —bertako kolaboratzailea zen Khaxoggi— salatu du ez dela zilegi testuinguru horretan Saudi Arabiarekiko harremanen statu quo-ari bere horretan eustea. «AEBetako legediaren arabera, Bin Salman printzeari herrialdean sartzea debekatu beharko litzaioke, eta haren ondasunak blokeatu», zioen egunkariak atzo. Gertatutakoari buruzko «ikerketa independentea» eskatu zuen RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeko zuzendari Christian Mihrek ere: «Erantzuleak justiziaren aurrera eraman behar dira, eta argitu beharra dago zenbaterainoko esku hartzea izan zuen Bin Salmanek hilketan».

Ostiralean argitaratutako bi orrialdeko txostenak gogor egiten du Saudi Arabiako printze oinordekoaren aurka —dokumentua bera luzeagoa den arren, zati bat soilik atera dute argitara—. Argudiatzen du Khaxoggi hil zenean Bin Salmanek herrialdeko aginte makila zuela, eta hilketan haren gertuko aholkulariek eta segurtasun langileek hartu zutela parte, besteak beste bere guardia pertsonaleko zazpi kidek. Dokumentuak, hala ere, zehazten du litekeena dela kide horiek ez jakitea operazioak kazetariaren heriotza eragingo zuela. «Printzeak uste zuen herrialdearentzako mehatxua zela Khaxoggi, eta hura isilarazteko indarkeria erabiltzeko prest zegoen. Saudi Arabiako ofizialek haren aurkako operazio bat antolatu zutela jakin arren, ezin dugu zehaztu zenbateraino aurreikusi zuten kazetaria hiltzeko aukera», dio idatziak.

Horrez gain, atzerrian dauden disidente politikoen aurka biolentzia erabiltzearen alde egotea leporatzen diote printzeari. Hala, ondorioztatu dute «oso gertagaitza» dela herrialdeko funtzionarioek halako operazio bat egitea haren baimenik gabe, eta nabarmendu aipatu zazpi kideak printzearen segurtasunaren zuzeneko arduradunak direla, eta haren aginduei erantzuten dietela —Esku hartze Azkarrerako Taldea 2017an sortu zuen Bin Salmanek berak—.

Ez da printze oinordekoa hilketarekin lotzen den lehen aldia. Aurrez, Nazio Batuen Erakundeak ere adierazi zuen «froga sinesgarriak» daudela hori baieztatzeko. AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren txostena bera ere duela hilabete batzuk filtratu zen AEBetako hedabideetara. Orduko presidente Donald Trumpek, ordea, gezurtatu egin zuen informazioa. Joe Biden presidentearen gobernuak, baina, sinesgarritasuna eman dio, eta, horrekin batera, Riadekin dituen harremanak birdefinitzeari ekin. «AEBek Saudi Arabiarekin duten harremanarekin konpromiso bat dute, baina Biden presidenteak garbi utzi du lankidetza horrek AEBen balioak islatu behar dituela», azaldu du Antony Blinken Estatu idazkariak.

Txostena argitaratu bezain laster, AEBek zigor ekonomikoak iragarri dituzte erasoan parte hartu zutenen aurka, besteak beste Saudi Arabiako inteligentzia zerbitzuetako zuzendariorde ohiaren kontra. Horrez gain, Estatu Idazkaritzak AEBetan sartzea debekatu die 76 kideri, hilketan parte hartzea edo «atzerrian dauden disidenteei mehatxu egitea» leporatuta. Horrekin mezu garbi bat bidali nahi izan du Etxe Zuriak: «Saudi Arabiak bere lurretatik kanpo aktibista, disidente eta kazetarien aurka egiten dituen eraso eta mehatxuak amaitu egin behar dira».

Arma salmenten inguruan ere aritu da Blinken. Adierazi du orain arteko akordioak berrikusten ari direla, eta «ziurtatzen» arma horiek «Erreinuaren defentsarako» erabiltzen direla, eta ez «eraso operazioekin jarraitzeko». Azken hitz horiekin Riadek zuzendutako nazioarteko koalizioak Yemenen hasitako gerrari egin dio erreferentzia.

Sostengua

Riadek txostenean argitaratutakoa gezurtatu du, eta adierazi herrialde hartan egin zen ikerketak ondorioztatu zuela «arauak hautsi zituen talde batek» hil zuela kazetaria. Hala, gogoratu du bere garaian egin zirela «beharrezko prozesu judizialak».

Beste hiru herrialde ere irten dira Saudi Arabiaren defentsan, eta gezurtatu egin dute AEBek plazaratutako informazioa. Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek eta Bahrainek berretsi egin dute ordu batzuk lehenago Riadek esandakoa, eta harenganako «konfiantza osoa» dutela nabarmendu dute. «Ziur gaude, Saudi Arabiak legea betearaziko duela, eta auzitara eramango dituela Khaxoggiren heriotzaren erantzule guztiak», irakur daiteke Arabiar Emirerriek eta Bahrainek plazaratutako komunikatuan.

Khaxoggi 2018ko urriaren 2an hil zuten, Saudi Arabiak Istanbulen (Turkia) duen kontsulatuan. 59 urteko kazetaria eraikinean sartu zen, baina ez zen sekula atera. Hilketagatik zortzi lagun zigortu zituzten, horietatik bost heriotza zigorrera. Epaiketak, ordea, zalantza ugari utzi zituen, eta, besteak beste, Turkiak gardentasun falta kritikatu zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Emakume bat garraisika, Beiruten egindako manifestazio batean. ©LUJAIN JO

Isiltasunaren aurka borrokan

Joan Cabases Vega

Kuwaiten eta Libanon, gizarte zibilak ekinaldiak abiatu ditu indarkeria matxista desagerrarazi eta emakumeak baztertzen dituzten legeak indargabetzeko
Irango Atzerri ministro Mohammad Javad Zarif. ©ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE

Iranek eten egingo ditu EBrekin dituen harreman diplomatikoak

Iosu Alberdi

Bruselak beste urtebetez luzatu ditu Teherango agintari militar eta politikoen aurkako zigor ekonomikoak. Tel Avivek fiskaltzari eskatu dio igandeko erasoaren inguruko filtrazioak ikertzeko
Helena Maleno, Caminando Fronteras taldeko bozeramailea, artxiboko argazki batean. ©ANGEL MEDINA G. / EFE

Marokoko Poliziak Espainiaratu egin du Helena Maleno ekintzailea

Arantxa Elizegi Egilegor

Caminando Fronteras taldeak salatu du inolako azalpenik eman gabe kanporatu dutela Maleno. Rabatekin elkarlanean aritzea egotzi diote Espainiako Poliziari

Guillermo Lassoren jarraitzaileak hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipena ospatzen, igandean, Quiton. ©SANTIAGO FERNANDEZ / EFE

Eskuina correismoari gailendu zaio Ekuadorren, boto baliogabeez baliatuta

Julen Aperribai

Guillermo Lasso kontserbadorea izango da presidente, Andres Arauz UNESeko hautagaiari gailenduta. Baliogabe bozkatzeko deia egin zuen mugimendu indigenak, eta mesede egin dio horrek eskuineko hautagaiari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna