Bozek Mexikoko presidentearen nagusitasuna probatuko dute

Lopez Obradorren alderdiak ziurtatua du garaipena Diputatuen Ganberarako hauteskundeetan, baina ikusteko dago gehiengo osoari eutsiko dion. Kanpainan 89 politikari hil dituzte, eta 789ri eraso

Lopez Obrador Mexikoko presidentea, iragan ostegunean, goizero ematen duen prentsaurrekoan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
ander perez zala
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ia oposiziorik gabe abiatu zuen agintaldia Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak, eta bihartik aurrera ere hala jarraitu nahi du. Berez, gaurko hauteskundeak, «herrialdearen historiako handientzat» jo dituztenak —Diputatuen Ganberako 500 aulkiak, hamabost gobernadore kargu eta ehunka alkatetza berrituko dituzte—, ez dira estatuburutzari buruzkoak izango, baina azken hilabeteotan Mexikoko presidentea arduratu egin da topaketaren erdigunean egoteko, eta prozesuan zehar behar eta nahi izan duen protagonismoa bereganatzeko. Horren erakusle da INE Hauteskunde Institutu Nazionalarekin izan dituen liskarrak, egotzi baitiote hainbat kasutan «bozetarako propaganda» egin izana; agintariak, berriz, Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimendua bere alderdiaren aurkako jarrera leporatu die. Kasua edozein dela ere, Lopez Obradorrek berak agerian utzi du gaurko bozek garrantzi handia dutela, bere nagusitasuna probatuko baitute.

Morenak sekulako arrakasta izan zuen 2018an, bere aliatu PES Topagune Sozial Alderdiarekin eta PT Lanaren Alderdiarekin batera 308 eserleku bildu baitzituen Diputatuen Ganberan, eta, hortaz, aulkien ia bi heren. Aurten, ordea, koalizioan beste indar politiko bat egongo da, PESen ordez PVEM Mexikoko Alderdi Berde Ekologista izango baita aliantzan, eta hirurek aldeko izango dute Lopez Obradorrek oraindik baduela ospe handia herritarren artean, presidentetzarako bozetako garaipenetik hiru urtera.

Boto emaile horiek, gainera, oso kritiko dira oraindik hiru alderdi historikoen kudeaketekin, eta hori inkestetan islatu da, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak (botoen %17,6), PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiak (%17,4) eta PRD Iraultza Demokratikorako Alderdiak (%4) zailtasun handiak izan baitituzte aldeko botoen kopurua handitzeko, koalizio bat osatzea erabaki duten arren; konparazioa egitearren, Mexikoko presidentearen indar politikoari babesen %42,6 aurreikusten diote.

2018tik hona, Morenara hainbat diputatu pasatu dira, eta alderdiaren ordezkaritza 191tik 256ra igo da, gehiengo osoa lortu eta aliatuekin batera aulkien bi herenera iristeraino. Azken kopuru horri eustea ezinbestekoa izango da Mexikoko presidentearentzat, sustatu nahi dituen aldaketa konstituzionalak onartzeko beharrezkoa baitu; horren bidez lortu du Laugarren Eraldatzea deitu duen erreforma sorta aplikatzen hastea, eta bide beretik jarraitu nahi du datozen urteetan, besteak beste konstituzio berri bat idazteko aukera ere aipatu baitu.

'Mañaneras'

Lopez Obrador jakitun dago hauteskundeen garrantziaz, eta astelehenetik ostiralera egunero 07:00etan egiten dituen prentsaurrekoak, mañaneras deiturikoak, baliatu ditu bere mezuak eta ideiak herritarrei helarazteko.

INEk, hain justu, ez ditu begi onez ikusi agerraldi horietako asko, «eztabaidan kokatu egin delako», eta bideo andana bat gobernuaren webguneetatik ezabatzeko agindu du; horrek, noski, talka handia eragin du Mexikoko presidentearekin, hura agenda politikoa finkatzen saiatu baita.

Eta horrek eragina izan du alderdiek hilabeteotan mintzagai izan dituzten auzietan. Migrazioak, esaterako, ez du ia tokirik izan, eta zer esanik ez indarkeriak: kanpainan gutxienez 89 politikari hil dituzte, eta 789ri eraso diete, gaurko bozetarako hautagai izan zein hautagai ez izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.