Mataza nork askatuko

Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute gaur, San Mamesen. Partida orekatua espero dute Iker Dorronsorok eta Kakun Mainzek. Baina golak izango direla diote.

Amaiur Sarriegi baloiarekin, Athleticen kontrako iragan denboraldiko partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Zelai erdia mendean hartzen duenak irabaziko du». Kakun Mainz Osasunako entrenatzaileak eta Iker Dorronsoro Eibarreko teknikari ohiak hala aztertu dute Athleticek eta Realak gaurSan Mamesen jokatuko duten neurketa (12:00). Estreinakoz jokatuko dute katedralean. Biek garbi dute bi taldeen jokoa haien teknikarien isla dela, eta Iraia Iturregi eta Natalia Arroyo egiten ari diren lana nabarmendu dute.

Athleticek denboraldi honetan hiru jokalari fitxatu ditu: Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea Peke. «Eskarmentua bilatu du jokalari horiek fitxatuz. Itxasoren kasuan, patxada emango dio jokoari; Pekek, gola; eta, Quiñonesek, aipatu bezala, eskarmentu handia du», nabarmendu du Dorronsorok. Bat dator horrekin Mainz, eta Iturregik lehen taldera iritsi denetik gazteen alde egin duen apustua goraipatu du: «Oso ondo ezagutzen zituen, eta erantzun egin dute: Ogiza, Monente, Naroa, Arana, Azkona... Oso lan ona egiten ari dira. Bigarren taldean jada ikusten zitzaien etorkizuneko jokalariak zirela». Iturregi Athleticek denboraldi askoan erakutsitako joko zuzen eta intentsitate handikoa berreskuratzen ari da. «Oso ondo ezagutzen du kluba, erreferente bat da, eta horrek lagundu egiten dio jokalariei bere ideiak helarazten. Ohiko izaera lehiakorra berreskuratu du, iragan sasoiko hasiera txarraren ostean».

Realaren kasuan, aldaketa asko izan ditu denboraldi honetan. Urteetan erreferente izandako hamar jokalari joan baitira. Baina Dorronsorok ez du uste aurreko sasoikoa baino talde okerragoa duenik. «Agian, txikiagoa bai. Baina oso fitxaketa onak egin ditu. Irisek zentzu handia ematen dio jokoari. Emma Bartzelonatik dator, eta, Luciak bezain sakontasun handia ez duen arren, maila oso ona du. Vanegas zentral ziurra da, eta Pleuler oso indartsua da. Fitxaketak ondo egokitzen badira, eta gazteek ere ondo erantzuten badute, denboraldi polita egin dezake Realak».Bat dator horrekin Mainz. «Nataliak urteak eman ditu analista eta iritzi emaile bezala, eta horrek aukera eman dio futbol asko ikusteko, etajokalari asko ezagutzeko. Hori abantaila bat da fitxaketak egiteko orduan».

Biei ikusmina sortzen die gaurko neurketak, eta haren gakoak aletuz joan dira. Egindako azterketako puntu askotan bat datoz. Bi taldeen jokatzeko era oso desberdina dela berretsi dute. Athleticen indarguneen artean, joan-etorriak oso ondo egiten dituela azpimarratu du Dorronsorok. «Baloia eduki gabe ez du sufritzen, eta aurrean duen abiadurarekin joko zuzena eginez min handia egiten du». Estrategia jokaldietan duen gaitasuna gehitu du Mainzek. «Aurreko denboraldian erakutsi zuen. Iraia aulkira iritsi zenetik are gehiago indartu du arlo hori». Horri lotuta, ondorengoa erantsi du Dorronsorok. «Partida berdinduetan horrek asko lagundu diezaioke». Bigarren jokaldietan ere min handia egiten duela gogorarazi du. «Atzean sartuz joaten zaizu pixkanaka».

Realak, berriz, baloia izateko eta jokoaren ekimena izateko duen gaitasuna goraipatu dute biek. «Aurrean, gainera, Athleticek bezala jokalari oso bizkorrak ditu». Sanni Franssin jarri du arreta Dorronsorok. «Aurreko sasoian zertzelada batzuk zituen, eta uste dut oso aurrelari ona dela, peto-petoa. Gainera, aurkaria oso atzean sartzen denean, edo Realak jokoa nahi beste landu ezin duenean, beste aukera bat ematen dio: luzean jokatu eta hark bizkarrez baloia eustea».

Hala biharko partidan talde bakoitza bere jokoa ezartzen ahaleginduko dela nabarmendu dute. «Athleticek goian presio egingo du, eta joan-etorri bizkorrak egiten ahaleginduko da», berretsi du Mainzek. Hori ateratzen ez bazaio, zuri-gorrien apustua garbia izango dela uste du. «Baloi luzeen bidez, Reala atzean sartzen saiatuko da, eta bigarren jokaldiak aprobetxatzen. Horretan oso trebea da, eta arlo horretan asko sufritu dezake Realak. Gainera, San Mamesen izateak plus bat emango dio presio eta joko zuzen hori egiteko orduan. Alde horretatik, Realak saiatu behar du bere areatik ahalik eta urrunen jokatzen».

Horiek horrela, Dorronsorok uste du Realak «konplexurik gabe» atera behar duela bere jokoa egitera. «Ados nago horrekin. Aurreko sasoian partida gehienetan jakin zuen hori egiten, gutxienez ideia horri eusten, eta oraingoan ere hala egin behar du».Jokoaren ekimena izateko, zelai erdiaren kontrola izateko beharra berretsi dute. «Kasu honetan esango nuke Realak zelai erdi fisikoagoa aterako duela Valentziaren kontra baino, Athleticek zelai erdi fisikoagoa duelako. Uste dut zelai erdia kontrolpean izanez gero Realak irabazteko aukera asko izan ditzakeela».

Golak egongo al dira? Baietz uste dute. «Kasu honetan bi taldeek bolbora handia dute aurrean, jokalari bizkorrak eta errematatzaileak. Beraz, zaila izango da hutsean amaitzea».

Hori bai, lehia parekatua espero dute. «Lehia bizia izango da, talde bakoitzak bere jokatzeko era ezartzeko».

Eta ligan non ikusten dituzte bi taldeak? Dorronsorok argi du. «Nik Bartzelona besteen gainetik jarriko nuke; ondoren leudekeReal Madril, Levante eta Atletico Madril; eta hirugarren multzo batean Reala eta Athletic, Granadilla bezalako taldeekin batera. Baina gauzak ondo eginez gero, biak egon daitezke bigarren multzoko talde horiekin lehian».

Kutsu berezia izan ohi dute derbiek, eta bi taldeak saiatuko dira hiru puntuak poltsikoratzen. Partidaren atarian Ainhoa Tirapu Athleticeko atezain ohia omenduko dute.

Eibar eta Alaves ere, gaur

Derbiaz gain, gaur jokatuko dute beste bi euskal taldeek ere. Eibarrek eta Alavesek garaipenarekin hasi zuten sasoia, eta bide beretik jarraitu nahi dute. Etxetik kanpo arituko dira. Vila-realen kontra jokatuko du Eibarrek, eta Rayo Vallecanoren aurka arituko da Alaves.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.