Frantziako Tourra

Eta hasteko, triskantza

Froomek, Portek, Yatesek eta Ion Izagirrek 51 segundo galdu dituzte erori egin direlako, eta Quintanak 1.15, matxura batengatik. Gaviriak irabazi du lehen etapa, esprintean

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 8
Txirrindulari beterano askok diote, gaur egun, tropela oihan hutsa dela. Indartsuenaren legeak agintzen du, eta errukia iraganeko bertutea da. Ziztu bizian hasten denean inork ez du atzera begiratzen, eta berdin dio zein etapa den, edota zein den zorigaitza duena. Are gutxiago etapako azken kilometroetan. Frantziako Tourra atzo hasi zen, eta sarraski batekin hasi zen. Tropelak bere gupida falta erakutsi zuen, eta Chris Froomek (Sky), Richie Portek (BMC), Adam Yatesek (Mitchelton) eta Ion Izagirrek (Bahrain) 51 segundo galdu zituzten helmugan erorita. Okerragoa izan zen, dena den, Nairo Quintanaren (Movistar) kasua, zeren, helmugarako hiru kilometro pasatxo falta zirela matxura eduki, eta 1.15 galdu baitzuen helmugan. Kolonbiak negar eta barre egin zuen, kutuna atzean sartu arren Fernando Gaviriak (Quick Step) irabazi baitzuen lehen etapa, eta hark jantzi zuen elastiko horia.

«Frantziako Tourrean ez dago jaiegunik». Esaldi ezaguna Lance Armstrongena da. Dopinak haren balentria guztiak zikindu zituen, baina hari onartu behar zaio tropelean inor gutxi bezala mugitzen zela. Hura beti zihoan adi, eta ez zitzaion inoiz gertatu sailkapen nagusirako hautagai batzuei atzo pasatu zitzaiena. Lehen etapa zen, eta aurreneko 195 kilometroetako lasaitasuna zalaparta bilakatu zen azken seietan. Hainbat txirrindulari erori ziren, eta tropela bitan zatitu zen. Aurrean 63 kideko multzoa helmugaratu zen Fontenay le Comten, eta, Gaviriaren atzetik, hainbat faborito sartu ziren:Vincenzo Nibali (Bahrain), Mikel Landa (Movistar), Tom Dumoulin (Sunweb), Primoz Roglic (Lotto Jumbo)...

Asko bai, baina ez denak. Lurrera joan zirenen artean Froome zegoen, eta elastikoa zikinduta iritsi zen helmugara. «Ez dut lesiorik, eta asko falta da Parisera arte», azaldu zuen gero —errepidetik irten eta belarretara erori zen—. Lesiorik ez, baina denbora galdu bai. Michal Kwiatkowski eta Luke Rowe taldekideak harekin gelditu ziren, baina ez zen aski izan. Ezta Porte edota Adam Yatesen ekina ere. Saiatu ziren tartea murrizten, baina, ordurako, esprinterren taldeak jo eta su zebiltzan. Azkenean 51 segundo galdu zituzten aurreko hautagai handiekiko. Tarte erabakigarria izan daiteke.

Haiena gogorra izan zen, baina gutxi dirudi Quintanari gertatu zitzaionarekin alderatuta. Amaieran, Mikel Landa haren taldekidea oso grafikoa izan zen gertatu zena deskribatzeko: «Hondamendia eta desastre bat izan da. Amaieran urduritasuna eta erorikoak iritsi dira». Quintanak helmugarako 3,600 kilometro falta zirela izan zuen matxura. Azken kilometroak makurrak ziren, errepidea zabaldu eta estutu egiten zen, eta kolonbiarra errepide erdiko bidearte baten gainetik pasatu zen. Bi erroberetan hausturak izan zituen, eta gelditu egin behar izan zuen. Azken hiru kilometroetan izan balitz ez zuen denborarik galduko, baina ez zen iritsi. Jose Joaquin Rojas taldekidea zen matxura izanez gero hari bizikleta uzteko arduraduna, baina aurreko erorikoan kaltetuetako bat izan zen. Laguntza moto batek aldatu zizkion erroberak, baina luze jo zuen, eta Quintana 1.15era helmugaratu zen. Ikusi behar ea balioko duen talde barruan duten liderren arteko hierarkia argitzeko.

Gaviria, taldeari esker

Etapari dagokionez, tropelak helmugatik hamar kilometrora zapuztu zuen eguneko ihesaldia, eta esprinterren taldeek bosgarren abiada erantsi zioten tropelari. Quick Step taldeak lan bikaina egin zuen, eta Gaviriak borobildu zuen. Lehen aldiz ari da Tourrean, eta ondo nagusitu zen. Buruz buruko lehia irabazi zion Peter Sagani (Bora ). Marcel Kittel izan zen hirugarren (Katuxa). Gaizki hasi, eta atzetik aurrerako ahalegin handia egin zuen. Gaur, ondo bidean, berriz ere neurtuko dituzte indarrak. 182 kilometro dituzte Mouilleron Saint-Germain eta La Roche sur Yon artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria