Ezker hegalak badauka jabea

Jony Rodriguezek bizitu du Alavesen erasoko jokoa ligako lehen bi partidetan. Abelardoren apustua da, eta fitxatutako jokalarietatik orain arte distira egin duen bakarra.

Jony, Betiseko jokalari Mandi aurrean duela, aurreko jardunaldiko partidan. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Alavesek etekin handia atera dio ezker hegalari azken garaietan. Jokalari azkarrak eta zorrotzak izan ditu zelaiaren eremu horretan, hala nola Theo Hernandez orain dela bi sasoi, eta Alfonso Pedraza aurreko denboraldian. Bada, haien lekukoa hartzeko prest dago Jony Rodriguez (Cangas de Narcea, Espainia, 1991). Ligari gozakaitz ekin dio Arabako taldeak, erasoan taxuzko jokaldiak harilkatu eta aukera garbiak sortu ezinik. Oharkabean pasatu dira erasoko jokalari gehienak; Jony da salbuespena. Bartzelonaren aurka, haren zigilua izan zuten arabarren aukera garbi bakanek, eta, iragan larunbatean, ezin hobeki erakutsi zituen bere abileziak Mendizorrotzako zaleen aurrean, Betisen kontra. Lotsagabe eta temati jardun zuen, eta haren korrikaldiek eta jaurtiketek hauspoa eman zioten Abelardoren taldeari.

Teknikariaren eskariz iritsi da Jony Gasteizera. Bere esanetara izan zuen Sportingen, harrobiko taldean aurrena, eta talde nagusian hurrena. Haren eskeman toki finkoa izan zuen hegalekoak, eta orain ere funtsezko bihurtu nahi du, Alavesen. Bide onean da, arabarren zelaiko jokalaririk onena izan baita sasoiko lehen bi norgehiagoketan.

Hark jarri dizkio gatza eta piperra taldearen joko hitsari. Aitaren batean egokitu da, ziurrenik teknikariaren planteamendua aurrez ezagutzearen ondorioz. Gainera, goiz fitxatu zuen Alavesek, ekaineko bigarren astean Malagak utzita iritsi zen; hortaz, sasoi-aurrea osorik osatu ahal izan zuen Arabako taldearekin. Horrek aukera eman dio liga hasierara sasoiko iristeko.

Horiek horrela, udako fitxaketen artean Jony aritu da orain arte ondoen. Guztira hamar jokalari berri iritsi dira Gasteizera. Pina eta Guidetti iragan sasoian utzita aritu ostean fitxatu ditu Alavesek, baina oraindik ez dute aurreko denboraldiko maila erakutsi; erdilaria min hartuta dago, eta aurrelaria behar baino kilo gehiagorekin itzuli zen oporretatik. Twumasik eta Adrian Marinek, berriz, hondarreko minutuak jokatu dituzte soilik, eta Ximo Navarro eta Calleri debuta egiteko daude oraindik. Gehiago jokatu du Borja Bastonek, baina area gizona izanik, biziki kalte egin diote Alavesek gol aukerak sortzeko izan dituen arazoek. Brasanaci dagokionez, herenegun fitxatu zuten, zelai erdian taldeak dituen gabeziak konpontzeko.

Distiratsu aritu da Jony horien guztien aldean. Mugarria ezarri nahi du sasoi honetan, azkenaldian maila apalean jardun eta gero. Arrastoa utzi zuen Sportingen 2013tik 2016ra bitarte, baina azken bi denboraldietan bere onenetik urrun izan da Malagan, aurreko denboraldian batez ere. Bost partida besterik ez zuen jokatu urtarrilera bitarte, eta neguko azokan Sportingera irten zen, utzita. 23 lehiatan sei gol sartu zituen. Ordutik, olatu aparretan segitzen du.

Burguirekin lehian

Jokalari oso saiatua da Jony. Betisen aurka, abiada bizian gidatu zituen kontraeraso ugari, eta, gainera, ezker hegala ixten lagundu zion Ruben Duarteri. Halakoak asko eskertzen ditu Abelardok, ordenaren eta diziplinaren zale amorratua izaki. Aurrera eta atzera arrapaladan ibili ondotik, indar hustuta bukatu ditu lehiak Jonyk. Eta hobe du hala jarraitu, ate joka baitago Burgui. Itxura irregularra eman zuen iragan sasoian, eta xextraren bat ere izan zuen Abelardorekin; aitzitik, gogotsu ekin dio sasoi berriari. Bigarren zatian atera zen Bartzelona eta Betisen aurka, eta zertzelada interesgarriak utzi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.