Gibraltarren auzia bideratuta, 'brexit'-aren ituna onartuko du EBk

Espainiak ez dio betoa jarriko akordioari, Londresek eta Bruselak kolonia britainiarraz etorkizunean egindako hitzarmenetan esku hartu ahal izango duelako. Europar Kontseilua gaur bilduko da

Barnier EBren 'brexit'-erako negozitzailea May agurtzen atzo Bruselan. Atzean dago Juncker. SASCHA STEINBACH / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidenteak lasaitua hartu du. Joan den azaroaren 15ean, EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuak brexit-erako akordioa adostu zutenean, Europar Kontseiluaren goi bilerara deitu zuen gaurko. Bilera hori, ordea, kolokan egon da azken egunotan. Adostutakoa aintzat hartuta, Gibraltarri buruz Bruselak eta Londresek etorkizunean egingo dituzten balizko hitzarmenetan ez zuela erabakitzeko ahalmenik izango iruditzen zitzaion Espainiako Gobernuari, eta dibortzioaren ituna boikotatzeko prest zegoen. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak jarrera hori zuen ostiral gauean. Baina gaua luzea izan zen Bruselan, eta, EBk atzo Sanchezi adierazi zionez, Gibraltarri buruzko akordioek Espainiaren «onespena» beharko dute. Beraz, brexit-aren akordioari betoa kendu dio Madrilek, eta TuskekEBko kideen batasunaren argazkia, nahi duena, atera ahal izango du, gaur, Bruselan. «Abagune larri honetan, batasunaren eta elkartasunaren froga gainditu du Europako Batasunak», azpimarratu zuen.

Klubeko estatuetako agintari gorenak gaur dira biltzekoak, eta bi testu onartuko dituzte. Batetik, datorren martxoaren 29an Erresuma Batua EBtik zein baldintzatan aterako zen zehazten duena; eta, bestetik, duela hiru egun Bruselaren eta Londresen arteko etorkizuneko harremanari buruzko adierazpen politikoa.

Dena dela, goi bilera ez zutela egingo zirudien herenegun gauean. Horrenbestez, Tuskek Sanchezekin hitz egin zuen telefonoz atzo goizean, eta adierazi zion baietz, Moncloak exijitutako «bermeak» onartzeko prest zeudela bai Brusela eta bai Londres. Tuskek berak eta Jean Claude-Juncker Europako Batzordeko presidenteak gutun bat bidali zioten, ahoz adierazitakoa idatziz baieztatuz. Sanchezek prentsaurrekora deitu zuen, eta Tuskek gaurko goi bilera ofizial egin zuen.

Sanchezen esanetan, «Espainiak ezarritako exijentziak» onartu dituzte Erresuma Batuak eta EBk, eta nabarmendu zuen Bruselaren eta Londresen arteko «negoziazio orokorretik» kanpo geratu dela Gibraltar. « Gibraltarrez Erresuma Batuarekin zuzenean negoziatzeko aukera ematen dio honek Espainiari».

Madrilentzat, akordioaren 184. artikuluak jasotzen du esaldi bat, zeinaren arabera interpreta daitekeen koloniaren etorkizunaz duen erabakitzeko ahalmena galduko duela. Horren harira, Tim Barrow Erresuma Batuaren EBrako enbaxadoreak gutun bat bidali zion atzo Europar Kontseiluari, artikuluari buruzko zehaztapen bat eginez: «Akordioek lurraldean norainoko irispidea izan dezaketen, ez du betebehar hori inposatzen [artikuluak]».

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Tuskekin eta Junckerrekin bildu zen atzo iluntzean Bruselan. Kazetariek Gibraltarren auziaz galdetu zioten, eta erantzun zuen beti defendatuko dituela Gibraltarren «interesak», eta Londresek ez duela bere koloniarekiko jarrera aldatuko. Ez zen areago joan, ordea.

DUPen kritikak

Bruselaren babesa jasota ere, brexit-aren akordioa Erresuma Batuko Komunen Ganberan onartu beharko dute —abenduan dira bozkatzekoak—, eta May posizio zailean dago, gaur-gaurkoz ez baitu nahikoa botorik horretarako. Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistaren babesari esker da May lehen ministro. Halere, kontra bozkatzekotan dira muturreko alderdi kontserbadorearen hamar diputatuak. DUPek urteroko konferentzia egin zuen atzo, eta Arlene Foster buruzagiak esan zuen akordioak «egoera tamalgarrian» utziko duela Erresuma Batua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.