Piñerak etxeratze agindua kendu du Santiagon eta beste bi hiritan

Txileko presidenteak ostiraleko martxa «eredugarria» goraipatu du: 1,2 milioi herritar atera ziren kalera. «Baldintzak egokiak badira», gaur indargabetuko du larrialdi egoera
Herenegun Santiago hiriburuan izandako manifestazioaren irudi bat. 1,2 milioi lagun elkartu ziren.
Herenegun Santiago hiriburuan izandako manifestazioaren irudi bat. 1,2 milioi lagun elkartu ziren. FERNANDO BIZERRA JR / EFE

Ander Perez Zala -

2019ko urriak 27
Sebastian Piñera Txileko presidentea egoera bideratu nahian dago oraindik, eta, asteon manifestariei barkamena eskatu eta «agenda sozial bat» sustatuko duela jakinarazi ostean, atzo beste hainbat neurri iragarri zituen. Esanguratsuena, etxeratze agindua kentzea Santiago, Valparaiso eta Concepcion hirietan, eta La Serena eskualdean; hortaz, hiru hiri horiek dauden eskualdeetan ere ez da etxeratze agindurik izango.

Erabakia herenegun hiriburuan izandako martxa «eredugarriaren» ondorio dela zehaztu zuen agintariak: «Txiletarren ariman oso presente zegoen mezu bat ikusi dugu, guztioi iritsi zaigun argitasunarekin adierazi baitute. Atzoko [herenegungo] martxa mezu indartsua izan da: txiletarren gehiengo ikaragarri batek Txile bidezkoago eta solidarioago bat nahi duela dioen mezua. Guztiok entzun dugu mezu hori». Egun horretan, 1,2 milioi herritar atera ziren kalera Txileko presidentearen aurka, era baketsuan; diktadura bukatu zenetik (1973-1990) egin duten manifestaziorik handiena izan zen.

Armadaren arabera, herrialdeko gainontzeko bost eskualdeetan ere «pixkanaka» kenduko dute etxeratze agindua, manifestarien eskariak betetze aldera. Txileko presidentea haratago joan zen atzoko agerraldian: «baldintzak egokiak badira», gaur indargabetuko du larrialdi egoera —bederatzi egun daramate egoera horretan—.

Metroaren prezioaren igoerak leherrarazi zuen herritarren haserrea, eta hilaren 17an kalera atera ziren ehunka mila pertsona. Ohartzerako, ordea, herrialdeko eredu politiko eta ekonomikoaren aurkakoa bilakatu zen mugimendua.

Aldarrikapenen artean daude, besteak beste, aberastasunaren banaketa, osasun sare publikoa hobetzea, bizitzaren kostua txikitzea eta gutxiengo etnikoen kontrako jazarpena gelditzea. Arazo horietako asko, ordea, ez dira berriak: Chicago Boys izenarekin ezaguna zen Ameriketako Estatu Batuetako ekonomialari talde batek diseinatu zuen Augusto Pinocheten diktadurako sistema ekonomikoa, eta liberalismo ekonomikoa zen haien ereduaren ezaugarri nagusia.

Garai hartako oinordetza dira, besteak beste, gaur egungo pentsio eta hezkuntza sistemak, eta horren aurka ari dira protestan herritarrak. Egunotan, gutxienez hemeretzi lagun hil dira Poliziarekin izandako talketan; zaurituak 600 inguru izan dira, eta atxilotuak, 6.000. Nazio Batuen Erakundea Txilera ikerlari talde bat bidaltzekoa da, ikertzeko estatuaren indarrek oinarrizko eskubideak urratu ote dituzten .

Hain justu, Poliziaren errepresioak eragin zuen protesta metroaren aurkakoa ez ezik sistemaren aurkakoa ere izatea.

Gobernuaren moldaketa

Txileko presidentearen iritziz, herenegungo manifestazio jendetsuaren ondorioz «denek jarrera berria» dute herrialdean, eta bere burua ere multzo horretan sartu zuen.

Agintariaren ustetan, fase berrira egokitzeko aldaketak beharrezkoak dira, eta horregatik eskatu zien atzo bere ministroei euren karguak bere esku uzteko; izan ere, Piñerak aldaketak nahi ditu «eskari eta garai berriei aurre egiteko».

Gaurtik aurrera, agintariak elkarrizketa sorta bat abiatu nahi du ordezkari sozial eta politikoekin, agenda soziala finkatzen jarraitzerakoan haien «ahotsa entzuteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna