Musika

Barnerakoia bezain soziala

'Heavy Light' diskoa plazaratu du U.S. Girls taldeak, estudioko zazpigarrena. Orain artean eginiko «konplexuena eta pertsonalena» dela esan du Meg Remy abeslariak.

Hamahiru abesti bildu ditu U.S. Girls taldeak Heavy Light lanean. Irudian, Meg Remy abeslaria. BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Haizemaile zabal eta koloretsu baten parekoa da U.S. Girls taldearen ibilbide profesionala: plurala. Proposamen musikal ugari plazaratu ditu orain arte; askotariko doinuekin eta melodiekin esperimentatu du, eta taldearen azken diskoa ere ildo berekoa du. Meg Remy da abeslaria; baita taldeko kide finko bakarra ere taldearen izenarekin kontrastean. Heavy Light du izena lan berriak: azken asteotan kaleratu du, eta estudioan eginiko zazpigarren lana da. Azkenurrena 2018. urtean atera zuen: In a Poem Unlimited du izena, eta duela bi urte Euskal Herrian aurkeztu zuen.

Rockdelux aldizkarian bildutako adierazpenen arabera, orain artean eginiko lanik konplexuena bezala definitu du abeslariak Heavy Light: zuzenean grabatuta dago, eta hogei musikariren laguntza izan du. Hori ez da, baina, diskoaren bereizgarri bakarra. Remyren ezaugarri esanguratsuenetako bat da kantuetan gai sozial ugari jorratzeko hautua: nagusiki, generoaren gaia landu izan du, ikuspegi feministaren talaiatik. Oraingoan, ordea, barneko geruzetan gordetzen duena biluztera igaro da. Hain justu, barrenkoitasun hori da, Remyren hitzetan, aurreko diskotik gehien desberdintzen duena. Abeslariaren ustez, «biribila eta distiratsua» da In a Poem Unlimited lana, eta, gainera, kontzienteki egina dago horrela. Heavy Light diskoak, aldiz, emozioa bilatzen duela adierazi du.

Malenkonia dario diskoari, eta Remyren alderdirik espiritualena ere biltzen du. Musika iluna landuz egin zituen lehen pausoak, aldarrikapen kutsu ageriko soul eta funk doinu dantzagarriak uztartu zituen gero, eta pop estiloari bide eman zion ondoren. Plazaratu berri duen lanean, ordea, proposamen anitz jaso ditu: hala hamarkada zenbait atzera egiten duten pop ahaireak, nola soinu collage esperimental bat diruditen abestiak. Haren gatazka pertsonalen inguruan hitz egiten du kantuetan, eta haurtzaroan bizitako esperientziei buruz ere mintzatu da. Hamahiru kantu bildu ditu; horietako hiru aurretiaz plazaratutako diskoetatik berreskuratu ditu, eta beste modu batean berrinterpretatu: Overtime (2013), State House (2011) eta Red Ford Radio (2010) abestiak.

Emozionalki biluzik

Hain du emozionala eta pertsonala diskoa, ezen abestiak negarrik egin gabe interpretatzea zaila egingo zaiola aitortu baitu abeslariak: «Zaila izango da negarrik egin gabe jotzea, bai niretzat baita taldeko kideentzat ere; izan ere, abestiek sentimendu asko azaleratzen dituzte». Kasurako, amari idatzi zion kantu bat jarri du adibidetzat. Denise, Don't Wait du izena, eta grabatu zutenean kontrol aretoan zegoen jende guztia negarrez hasi zela kontatu du: «Bitan zatitzen nau. Grabatu genuenean negarrez hasi ziren guztiak. Uste dut guztiek ulertu zutela abesti horrekin bilatzen genuena; entzuten duzunean keak areto guztia estaliko balu bezala da». Horregatik, zuzenekoei nola aurre egin pentsatzea du orain erronka nagusi: «Nire burua nola babestu pentsatzen ari naiz, eta horretan asko laguntzen du ia-ia nire familiako kide bihurtu diren pertsonekin lan egiteak».

Gai intimoez gain, gai sozial ugari ere landu ditu. 4 American Dollars izeneko abestian, adibidez, kapitalismoari buruz mintzo da. Kantu berezia da; izan ere, koroak ditu, eta musikalki ere beste aire bat du. Bost minutu irauten ditu, eta kapitalismoak eragindako bizioen zein miserien inguruan hitz egiten du; betiere, ikuspuntu kritiko batetik. And Yes it Moves / Y se mueve kantuan, bestalde, albiste faltsuen inguruan dihardu, eta kutsu tropikal eta dantzagarria baldin badu ere, informazioaren eta desinformazioaren inguruko gogoeta bultzatzea eta kritika soziala egitea du helburu. IOU piezan, aldiz, pianoarekin girotutako balada bat aurkituko du entzuleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.