Artaldeko ardi... horia

Oriok saio bikaina eginda irabazi du Eusko Label ligako lehen estropada, Bilbon, erlojuaren aurkako proban. Santurtzi izan da bigarren, 12,58 segundora, eta bosgarren egin du Urdaibaik, 14,40ra

Orioko arraunlariak atzo Bilbon lortutako garaipena ospatzen. Hala ekin zitzaion Eusko Label ligari. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Nola aldatu zaizkion gauzak Oriori urtebetean. Duela hamabi hilabete, atzoko estropada berean, Bilboko erlojupekoan, Eusko Label ligako estreinakoan, seigarren egin zuen, eta bandera bederatzi segundo eskasera geratu zitzaion. Lan handia egin, baina saririk ez, eta, gainera, ondorengo estropadetan ohorezko txandatik kanpo ibiltzera kondenatu zuen emaitza horrek. Atzo, aldiz, hamabi taldeetan azkarrena izan zen, eta sekulako erakustaldia eman zuen. Ligaren atarian berdintasuna gora eta behera ibili ondoren, atzekoei utzi zien parekotasuna Oriok. Txikitu egin zituen aurkari guztiak: hasi txandako beste hirurekin, eta bukatu gainerakoekin. Santurtzik egin zuen bigarren, eta 12,58 segundo atera zizkion Jon Salsamendiren arraunlari multzoak. Bigarren txandan joan ziren bizkaitarrak. Hurrengoei antzeko tartea atera zien Oriok: 13,42 segundo Zierbenari, 13,62 Hondarribiari, eta 14,40 Urdaibairi. Erlojuaren aurkako lana izateko, koska handia atera zien Oriok besteei, eta, horretarako, ezinbestean, egundoko lana egin behar.

Lau luzeetan izan zen trainerurik azkarrena San Nikolas, eta, halako erakustaldia emateko, jardun bikaina eta aldez aurretik zehaztutakoa egin zuten Orioko arraunlariek. Lehorrean, Salsamendik marraztutako estrategia zehaztasun osoz gauzatu zuten Aranberri patroiak eta arraunlariek uretan.

Indartsu ekin zioten lanari, sekulako grinarekin eta gosearekin, eta, konturatzerako, estropada buruan ziren. Lehen luzean, aurkariei aterata zieten alde polita. Aurreneko ziabogako datuak dira horren erakusle: hiru segundo gehiago behar izan zituen Zierbenak, eta bost Hondarribiak. Urdaibai zazpira uzteak eman zuen atentzioa. Hasi orduko, banderaren makilaren jabe zen Orio, asko falta bazen ere oraindik. Baina aldeak handiak ziren. Santurtziri, zortzi segundo atereak zizkion lehen ziabogan, eta, ikusirik bizkaitarrek aurreko txandan egin zuten lan aparta, ez zen asko harrotzea banderak ja jabea izan zezakeela pentsatzea.

Zer izan behar zuen Orioren traineru barruak lehen luze hain ona eginda. Nondik datozen azaldu egin behar da: azaroan, iazko taldeko arraunlari asko gabe ekin zion lanari taldeak, ekarpen berriekin, batzuk etxekoak eta besteak kanpokoak. Uda epela iragartzen zioten aurreikuspenek, baina taldeak bide bat hartu zuen, Salsamendik ondo zehazturikoa, eta, aurreko urtean ez bezala, adibidez, blokea lantzeko hautua egin zuen entrenatzaileak hasieratik. Arraunlari gutxixeago izatearen eraginez halabeharrez harturiko erabakia izan daiteke, baina badu aurretik egindako gogoeta ere atzetik. Salsamendi bazebilen buruari bueltaka iazko denboraldia bukatu orduko, talde luzea iaz kudeatu zuen bezala kudeatu izana zalantzan jartzen, adibidez. Eta agian ez zuela asmatu horretan, eta akaso neguanarraunlari multzo jakin bat hartu eta haiekin lan zehatza egiteari ekin beharko ziola.

Metodoa aldatu, hautsak kendu, eta Orio berri bat sortzen ibili dira guztiak neguan eta udaberrian. Lan egiteko aldartearekin, lotsagabe antza, eta Orioko Traineru Jaitsieran erakutsi zuen uda epela iragartzen ziotenak kale egiteko bidean zirela: aise irabazi zuen etxeko estropada hura, erakustaldia emanda. Erlojupekoa zen hura ere, eta atzokoak izan zuen ordukoaren traza.

Talde batek atzo bezala irabazten duenean, ematen du atzekoek ez dutela lan onik egin, eta pentsamolde hori handitu egin daiteke sekulako berdintasuna iragarri eta gero. Baina Santurtzik lan txarra egin zuen atzo? Sekulakoa burutu zuen, eta Orio bikain batek bakarrik galarazi zion bandera irabaztea. Zierbena eskas ibili al zen? Hirugarren egin zuen, ia-ia taldearen erdia aldatu eta gero iaztik. Hondarribiarentzat, laugarren egitea gutxi izan al zen atzo? Bigarren izatetik segundo eskasera geratuta, ez. Urdaibai bosgarren izanda eskuak burura eramateko al dago orain? Estropada atzetik aurrerakoa egin zuen atzo, eta hutsa behar izan zuen horrek ere bigarren geratzeko, bi segundoren atzerapena ere ez zuelako izan Santurtzirekin. Ligako lehen postua galdu izana ere albiste izan zen, 40 estropada buruan egin eta gero.

Kaiku, ondo; Astillero, eskas

Donostiarrak egin zuen denborarik txarrena hautagaien artean; Urdaibaik bederatzi segundo atera zizkion. Ondarroa, Cabo eta ezuste atsegina izan zen Kaiku sailkatu ziren gero, eta Isuntza eta San Pedrok lehia estua izan zuten: 44 ehunen baino ez bizkaitarren alde. Zuloan Astillero geratu zen. Gaur, Zierbenan dute bigarren jardunaldian (12:00, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.