Finalak irabazteko dira

Realak Espainiako Superkopako finala jokatuko du gaur, Bartzelonaren kontra, Salamancan. Bederatzi hilabetean bigarren finala izango da txuri-urdinentzat

Realeko jokalariak, finalaren atarian, atzo Salamancan egindako azken entrenamenduan. J. M. GRACIA / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
«Neskak ez gara hona etorri finalera iristeko bakarrik: irabaztera etorri gara. Orain, indarberritzera». Asteazkenean, Levanteren aurka Espainiako Superkopako finalerdietan lortutako garaipena (1-0) aldagelan ospatzen ari zirela, mezu hori eman zien Gonzalo Arkonada Realeko entrenatzaileak bere jokalariei.Maiatzean, Espainiako Kopako finala jokatu aurreko hizketaldian, antzeko mezua eman zien, Sua dokumentalean ikusi zenez: «Mezu asko jasoko zenituzten esanez finalera iritsita jada txapeldunak zaretela, edo handia egin duzuela... Baina partida amaieran inor ez da gogoratuko txapeldunordeaz. Irabaztera etorri gara, finalak horretarako baitira».Jokalariek balentria egin zuten, eta gaur berrizegiten ahaleginduko dira, Salamancan. Hango Helmantico futbol zelaian jokatuko dute txuri-urdinek Espainiako Superkopako finala, Bartzelonaren aurka.

Bederatzi hilabetean bigarren finala izango da Arkonadaren taldearentzat. «Duela urtebete hau esan baligute, lehen kolpean ez genuen sinetsiko. Baina hemen gaude, eta oso ederra da», dio Ane Etxezarreta jokalariak. Beasaingo atzelariak aulkian hasi zuen denboraldia, eta kosta egin zitzaion hamaikakoan lekua egitea. Baina Arkonadaren taldearen atzealdeko zutarrietako bat bihurtu da beste behin.

Honela azaldu ditu gaurko finalera begira dituzten sentipenak. «Itxaropentsu gaude, eta halako partida bat jokatzeak eragiten dituen zirrarak eta ilusioak sabelean sortzen dituen tximeletekin. Talde honi gustatu egiten zaio halako norgehiagokak jokatzea, eta sinetsita gaude gure lana ondo eginez gero ezustea eman dezakegula berriro ere. Granadako finaleko esperientziak askorako balio diezaguke».

Badu, hain zuen, Granadakoarekin antza gaurkoak. Orduan Atletico Madril izan zuten aurkari, ligako bi talde ahaltsuenetako bat. Astebete lehenago liga irabazita zetorren, hain zuzen ere txuri-urdinei 1-3 irabazi eta gero. Espainiako taldea zen faborito, baina ustekabea eman zuen Realak finalean, Kiana Palaciosen eta Nahikariren golei esker.

Oraingoan beste talde ahaltsu bat izango du aurrean: Bartzelona. Kataluniarrak punturen puntan dira Ligan, lider sendoa dira. 50 puntu dituzte, Atletico Madril bigarren sailkatuak baino bederatzi gehiago. Hamasei garaipen eta bi porrot daramatzate. Ostegunean, Superkopako finalerdietan, 2-3 hartu zuten mendean Atletico Madril.

Izarrez betetako taldea dute lerro guztietan, baina, batez ere, aurrealdean. Horren adierazle dira datuak: 68 gol sartu dituzte, eta sei baino ez dituzte jaso. Jenni Hermosoren gol sena, Asisat Oshoalaren ahalmen fisikoa eta Licke Martinsen lerro arteko jokoak funtsezkoak dira haientzat.

Sasoi honetan, txuri-urdinek oraindik ez dute haien aurka jokatu. Izan ere, lan hitzarmenaren gatazka zela-eta jokalariek greba egin zuten jardunaldirako zegoen iragarrita bien arteko neurketa. Baina Etxezarretak hauxe onartu du: «Talde onena izaten ari da, eta, aurrean dituen jokalari erabakigarrietatik harago, zelai erdikoek ere erasora iristeko ahalmen handia dute». Argi du gaur «sufritzea» egokituko zaiela. «Partida luzea izango da. Baina erakutsi dugu badakigula sufritzen, eta disfrutatzen ere ikasi dugula horretaz».

Bartzelona «erasora eta indartsu» irtengo dela uste du Etxezarretak. «Lehen bultzada horri eusten badiogu, gerta liteke gero partida apur bat lasaitzea. Baina, hala izanda ere, neurketa guztian oso adi egon behar dugu, halako taldeek edonoiz sortzen baitizute arriskua, eta gutxi behar dute partida erabakita uzteko». Halakorik ez gertatzeko, zera egin beharko dutela uste du. «Ezin gara atzean sartuta egon. Baloiaren jabetza izaten saiatu behar dugu, eta erasora jotzen».

Fisikoki, ondo

Levanteren aurka talde gisa izan zuten batasuna berriz ere izatea funtsezkoa dela iruditzen zaio. «Zelaian oso ondo egon ginen jarrita. Horri esker, gai izan ginen haien erasoko joko indartsuari eusteko. Gainera, erasoan gure aukera aprobetxatu genuen. Antzeko zerbait egin behar dugu gaur ere».

Ondorioz, beste behin ere hortzak estutu eta ahalegin fisiko handia egitera behartuko dituela onartu du Etxezarretak. Baina taldea «oso prest» ikusten du horretarako. «Ondo eman diogu buelta asteazkenean egin genuen ahaleginari».Arlo psikologikoa ere funtsezkoa izan daitekeela berretsi du. «Haiek baino aukera gutxiago dugu halako finalak jokatzeko, eta horrek indarra eman behar diguguztia emateko».

Kiana Palacios izan ezik, Arkonadak jokatzeko moduan ditu jokalari guztiak. Aurrelaria Olinpiar Jokoen atarikoan lehiatzen ari da Mexikorekin. Ikusteko dago ea, Levanteren aurka egin bezala, zelai erdia indartu eta Ana Tejadari jokatzeko aukera emango dion, eta punta erdian Leire Bañosen indarra baliatu. Ez da espero, dena den, hamaikakoan aldaketa handirik egitea.

Bartzelonan Van der Gragt, Caldentey, Grahameta Jenni Hermoso kili-kolo egon dira, baina jokatzeko moduan dira, eta litekeena da baten bat hasieratik aritzea.

Reala. Quiñones; Iraia , Etxezarreta, Nuria Mendoza, Lucia Rodriguez; Ana Tejada, Itxaso Uriarte, Marta Cardona; Leire Baños eta Nahikari

Bartzelona. Paños; Marta Torrejon, Pereira,Mapi Leon, Ouahabi;Guijarro, Putellas, Jenni Hermoso; Martens, Oshoala eta Caldentey.

Epailea. Marta Huerta de Haza.

Lekua. Helmantico.(17.341 ikusle).

Ordua. 12:00 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.