Gerrikoa estutu beharrean

Lehen Mailako taldeek neurri ekonomiko zorrotzak hartu dituzte larrialditik onik ateratzeko. Lehen taldeko soldatak jaistea bihurtu da konponbide nagusia.

Alexander Isak, Realeko aurrelaria, baloia oinetan duela Athleticen aurkako derbian, denboraldi honetan, Anoeta estadioan jokatu zen partidan. JON URBE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak kolpetik geldiarazi du futbolaren gurpil zoroa, eta, txiki zein handi, klub guztiak ari dira etenaldiaren kalteak nozitzen. Futbola burbuila baten barruan dagoela esan ohi da; oraingoan, ordea, talde ahaltsuenak ere gerrikoa estutu beharrean dira. Telebistaren negozioa etenda, kolokan gelditu da Lehen Mailako taldeen gihar ekonomikoa. Osasuntsu daude Euskal Herriko taldeen diru kutxak, baina ezinezkoa da krisiari izkin egitea. Lehen taldeko soldatak jaisteko akordioak lortu dituzte Realak, Athleticek eta Osasunak; Alavesek eta Eibarrek, berriz, konponbidearen bila segitzen dute.

REALA
Anoetako lanak, bertan behera
Realak inoizko aurrekonturik handiena aurkeztu zuen iazko urte amaieran. 112 milioi eurotik gorako diru sarrerak aurreikusten zituen; horietatik 56, telebista eskubideetatik etorriak. Esperotako gastuak, berriz, 104 milioi eurokoak ziren. Lehen taldera 65 milioi bideratu behar zituen. Ordea, partiden emanaldiak etenda daudela, kontuak orekatu egin behar izan ditu talde txuri-urdinak. Eta, horretarako, gizonezkoen lehen taldeko soldatak murriztu ditu. Espainiako Liga bukatuko balitz, %5ekoa litzateke jaitsiera; bukatuko ez balitz, berriz, %20koa.

«Lan neurri traumatikoak» saihestea da neurri horren asmoa; hots, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea (ABEE) ezarri behar ez izatea. Bestalde, bazkideei urteko ordainketaren %20 itzultzea erabaki du, eta, aldi berean, azpiegituretan egiten ari zen lan oro geldiaraztea. Reale Arenaren zaharberritzea da proiektu estrategiko nagusia 64 milioi euroko kostua izango du klubarentzat, eta, ginga besterik falta ez zaion arren, «inbertsio plan bat» egin arte egongo da geldi.

ATHLETIC
Itsulapikoa ondo beteta
Athletic prest dago Lezaman eta San Mameseko harmailetan egiten ari den hobekuntza lanei eusteko, baita klubeko langileekin dituen konpromiso ekonomikoei aurre egiteko ere. Horretarako, soldata jaitsiera onartu dute lehen taldeko jokalariek eta teknikariek, zuzendaritza nagusiak eta kirol zuzendaritzak. Txapelketari ateak itxita berrekingo balitzaio, soldatak %6 murriztuko lirateke. Lehiaketa bertan behera geldituko balitz, ordea, %17koa litzateke jaitsiera. Neurri horiek, halaber, lagungarriak izango lirateke bazkideei itzuli beharreko dirua ordaintzeko.

Zuri-gorriek 132 milioi euroko aurrekontua onartu zuten sasoi honetarako, 125.000 euroko superabitarekin. Gastuaren zatirik handiena, 84 milioi euro, kirol arloko soldatei zegokien. Kontuak orekatzeko, aurrezkien itsulapikoa ireki behar izan zuen Athleticek. Edonola ere, erreserba oparoak ditu: iragan denboraldiaren amaieran 157 milioiko funts propioa zeukan.

OSASUNA
Eskerrak suspertu den
Garai hauek orain dela urte batzuk tokatu izan balitzaizkio, galbidean zegokeen Osasuna. Zor publikoa neurririk gabe hazi zen Izkoren eta Artxankoren agintaldietan, eta ekaitzak 2014an egin zuen eztanda. Ataka oso larrian izan zen Iruñeko kluba, baina onbideratuz joan da apurka, azken urteetako bi igoerak lagun. Hori horrela, klub erabat bideragarria da gaur egun. Sasoi honetarako, 56 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen, telebista eskubideei loturiko diru sarrerek hauspotuta —45 milioi osotara—. Gorritxoen aurreikuspena zen denboraldia 2,3 milioiren irabaziekin bukatzea.

Alabaina, geldialdiak hankaz gora jarri ditu Osasunaren kalkuluak, gainontzeko klubetan bezala. Hala, egoerari aurre egiteko, lehen taldeko jokalarien eta teknikarien soldatak %20 jaisteko akordioa lortu du, betiere liga ez bada bukatzen. Bestela, soldata osorik berreskuratuko dute. Zuzendaritza orokorrari eta kirol zuzendaritzari ere eragingo die neurriak. Hala, soldatari eutsi ahal izango diote klubeko langile gehienek. Emakumezkoen taldean, berriz, ABEEa ezarri dute. Klubak soldatak osatuko ditu larrialdi egoerak iraun bitartean.

Orain, modua aztertzen ari da gelditzen diren partidei dagokien kopurua itzultzeko bazkideei. Bestalde, Sadar eraberritzeko lanak martxan dira berriro. Aurtengo urrirako estadioa prest izatea da erronka. Orduan ospatuko du mendeurrena Osasunak.

EIBAR
Akordioa lortzeko bidean
Eibarrek oinarri sendoa eraiki du alor ekonomikoan Lehen Mailako egonaldiari esker. Jada, sei denboraldi daramatza elitean, horrek dakarren dirutzarekin. Egun, ia 53 milioi euroko aurrekontua dauka, eta 43 milioi ditu kutxan. Lehen Mailan, soilik Athleticek ditu aurrezki gehiago. Hortaz, gipuzkoarrek ez dute neurri oso zorrotzik hartu beharrik. Hori bai, soldata murrizketa negoziatzen ari da lehen taldeko jokalariekin. Jaitsiera %10-20koa litzateke, denboraldiaren patuaren arabera.

Telebista eskubideen truke 47 milioi zen jasotzekoa, eta, txapelketa amaituko ez balitz, 15 milioi inguruko galera izango luke. Gainontzeko klubetan bezala, zuzendaritzak txikiagotu egin nahi du iturri horrekiko menpekotasuna. Osasunak eta Athleticek bezala, Eibarrek kirol instalazioak hobetzeko lanekin jarraituko du.

ALAVES
ABEEak ezinegona piztu du
Alaves egoera onean dago ekonomikoki, baina biderik gogorrena aukeratu du ziurgabetasun honen aurrean. Hala, 766 langileri eragingo die Alaves-Baskonia taldeak aurkeztutako enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenak. Gizonezkoen lehen taldeko soldatak %70 jaitsiko lirateke, martxoaren 14tik hasita, larrialdi egoera bukatu arte. Jokalariak ez daude murrizketa hori onartzeko prest. Klubarekin ados jartzeko borondatea dute, baina ez dute baztertu auzitara jotzea. Arabako taldeak 76 milioi euro lortzea espero zuen denboraldi honetan; horietatik 50, telebista eskubideetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.