Beldur guztiak uxatu ditu

Danimarkak nagusitasun osoz irabazi dio Galesi Amsterdamen (0-4), eta Eurokopako final-laurdenetan ariko da, kanporaketa horretan azken aldiz aritu eta hamazazpi urtera

Danimarkako jokalariak, Kasper Dolberg zoriontzen, hark partidako lehen gola sartu eta gero, atzo, Amsterdamen. KOEN VAN WEEL / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Danimarkak uxatu egin ditu Eurokopako lehen partidan haren jokalari Christian Eriksenek izandako ezbehar larriak eragindako beldurrak. Finlandiaren aurkako neurketan oso nabarmen geratu zen Eriksen arriskutik kanpo zegoela jakinda neurketari berriz ere ekin ziotenean, haren taldekideak ez zeudela inondik inora jokatzeko baldintza onetan. Horregatik, ulertzekoa izan zen galdu izana. Ospitalean zuten burua.

Baina Eriksenen osasunaren inguruko berriak hobeak izan ahala, goraka egin dute nabarmen daniarrek. Hauspotu egin ditu haien izarra indarberritzen ikusteak. Bigarren norgehiagokan agerian geratu zen hori. Oso estu hartu zuten Belgika indartsua, eta azkeneko minutuetan baino ez zuten amore eman. Azkenean, hirugarren ahaleginean, Errusiaren aurkakoan, lortu zuten susperraldia garaipen batekin indartzea. Hain zuzen ere, garaipen horri esker sailkatu ziren final-zortzirenetarako.

Eta atzo, segida eman zioten goranzko joera horri, eta partida bikaina jokatuta irabazi zioten Galesi final-zortzirenetako aurreneko neurketan, Amsterdamen. Nagusitasun osoz gailendu ziren: 0-4. Argigarria da emaitza. Hala, final-laurdenetan ariko dira, kanporaketa horretan azkeneko aldiz aritu, eta hamazazpi urtera: 2004ko Portugalgo Eurokopan izan zen azken aldia. Oso urrun dute oraindik 1992ko Suediako ekitaldian egindako balentria —Jugoslavia ordezkatu zuten azken unean, eta txapeldun izan ziren ezustean—. Baina bidean daude. Atzoko garaipenak are eta indar gehiago emango die ametsa lortzeko bidean. Herbehereak edo Txekiar Errepublika izango dute aurkari final-laurdenetan, hurrengo larunbatean, Bakun. Bi selekzio horiek gaur jokatuko dute elkarren kontra, Budapesten. Belgikak eta Portugalek jokatuko dute eguneko beste partida, Sevillan (Espainia).

Galesek, ordea, azken ekitaldian baino bide laburragoa egingo du oraingoan: finalerdiak jokatu zituen duela bost urte, Frantzian, eta bi koska gutxiago egingo ditu aurten. Itxura eskasa eman zuen atzo. Lehen ordu laurdenean bakarrik estutu zuen aurkaria, haren jokalari onenak, Gareth Balek, eginiko korrikaldiei eta jaurtiketei esker.

Baina Danimarkak baloia bere egin, eta Gales desagertzea; biak bat izan ziren. Gainera, segituan lortu zuten saria danimarkarrek: Kasper Dolbergek bikain bukatu zuen selekzio osoak egindako jokaldi landua, eta gol ederra sartu zuen are kanpotik jaurtiz. 27. minutua zen, eta Danimarka nagusi zen. Gales, ordea, ezinean ari zen.

Gales, suspertu ezinik

Atsedenaldiak ez zuen ezertxo ere aldatu. Are gehiago, bigarren zatia hasi eta hirugarren minutuan bigarren gola sartu zuten daniarrek. Martin Braithwaite bizi-bizi joan zen eskuin hegaletik, eta erdiratu egin zuen, eta urrundu nahian, Neco Williamsek baloia eman zion Dolbergi. Hark ez zuen oparia pasatzen utzi, eta bigarren aldiz zulatu zuen Galesen atea. Minutu asko falta ziren, baina Danimarkak kontrolpean zuen lehia.

Eta halaxe izan zen neurketa amaitu arte. Bi goleko desabantaila izanda, pentsatzekoa zen Galesek erasora joko zuela. Baina imintziorik ere ez zuen egin. Kilimak ere ez zizkion egin Danimarkaren atzeko lerroari. Arriskuko jokaldi bakar bat ere ez zuen sortu. Daniarrak nahieran aritu ziren kasik. Hala, azken minutuetan beste bi gol sartu zituzten: Joakim Maehlek egin zuen hirugarrena, 88. minutuan, eta, Braithwaitek, laugarrena, 94. minutuan. Epaileak baliogabetu egin zuen azkeneko gol hori hasieran, baina VARak ontzat eman zuen gero. Horrela amaitu zen neurketa: pozik, daniarrak, eta, burumakur, galesak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.