EHU, ezagutza eta Iruña-Veleia

Jose Luis Erdozia Mauleon - Euskal filologoa

2018ko urriak 23
Irailaren 23an, Iñaki Goirizelaiak artikulua idatzi zuen BERRIAn eta bertan gure herriaren etorkizuna eraikitzeko, lehengairik ez dugunez, ezinbestekotako jotzen du ezagutza, 2030erako Euskal Herria Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultua bihurtzeko. Eta helburu hau erdiesteko ezagutza sortu edo ekarri behar dela dio. Horretarako, «ondo hezitako pertsonak» eta gure hizkuntza menperatzeaz gain gutxienez beste bi menperatzen dituzten «persona kultuak» derrigorrean behar direla jarraitzen du aipatzen. Horiekin, antza, nazioartean presentzia eta eragina lortuko omen dugu eta beste horrelako «asmo handiko eta epe luzeko estrategia berriak» martxan jarri beharraz gaztigatzen digu. Amaieran ia, esaten digu ez dugula inoiz ahaztu behar herri honen sustraietatik elikatzen garela.

Nor ez da ados egonen halako desideratum batekin? Nork ez ditu bere inguruan nahi «ondo hezitako pertsonak» eta gainera «kultuak», besterik gabe? Eta zer hobe, euskaldun guztiak eleaniztunak izatea baino? Gurea bereziki zainduz, jakina. Guztiok ados.

Hala ere, niri neuri zenbait zalantza, desadostasun edo gaizki-ulertu agian, sortu zaizkit artikulua irakurri dudanean. Lehen-lehenik, artikuluaren hasieran, aspalditik nazioartean euskal erreferente moduan aipatzen dituen pertsonaia eta erakunde horien aldetikoa (Elkano, bale arrantzaleak, Jesuitak eta Elhuyar anaiak). Hasteko, eztabaidagarria litzateke «ekarpen esanguratsu» kontzeptua bera. Horietako batek ere ez zuen egin mundu mailako ekarpen esanguratsurik Euskal Herriaren izenean. Izatekotan, egun oraindik gertatzen den modura, ordukoan are era nabarmenagoan, Espainiaren izenean egin zituzten egindakoak. Horrexegatik apika erabiltzen du Goirizelaia jaunak Euskal Komunitate izena, Euskal Estatu edo Errepublika beharrean. Hauxe bai, benetako erronka, are gehiago legebiltzarrean Euskal Herriaren eremuetako baten etorkizun politikoaren nondik norakoak zehaztu nahian ari direnean. Zalantzarik ez dut Euskal Errepublikak biziki lagunduko lukeela Goirizelaiak planteatzen duena erdiesten. Eta, zer esanik ez, gure hizkuntzaren iraupena ziurtatu eta bere egoeraren sendotzea ahalbidetuko zuen.

Goirizelaiak berak dioen moduan, garrantzitsua da gure aurrekoek egindakoaren ezagutza lortzea. Eta gure hizkuntzarena ere kontuan izatekoa da. Euskararen historia eta bere bilakabidea ezagutu behar ditugu. Ezagutza erdiesteko hainbat teoria burutzen dira. Teoria horiek frogatu eta behin egintza bihurtutakoan lortzen da ezagutza.

Baina zer gertatzen ari da azken hamar urteotan gure hizkuntzaren historia ezagutzeko berebiziko garrantzia izan dezakeen aurkikuntzarekin? Iruña-Veleiako grafitoei buruz ari naiz, beste behin. Eta hementxe dator, bereziki, izenburuaren funtsa. Iñaki Goirizelaia egun EHUko irakasle katedraduna dugu eta joan zen urtea arte, erakunde horretako Errektorea izan da zortzi urte jarraian, Iruña-Veleiako afera edo zauria gaiztotzen joandako epealdi ia osoan izan da EHUko buru. Bere agindupean hartu zuen unibertsitateak indusketalekuko ardura Aldundiak eta epaitegiak Lurmenekoei kendu zietenean. Eta zer egin du EHUk urte horietan, Iruña-Veleian agertutako grafitoei buruzko ezagutza erdiesteko? Zenbait bide oztopatu baino ez! Nola uler daiteke, bestela, behin baino gehiagotan hondeamakinak bertan sartu izana? Eta hori guztia, Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultua lortu nahi duenaren agindupean. Euskararen historia hobeki ezagutzeko eta bitartean afera argitzeko beharrezkoak diren froga zientifikoak baztertu egin ditu. Horiek egiteko agindua eman beharko zuen, benetan ezagutzan oinarritutako komunitatean sinisten badu. Baina ez, zenbait lankideren teoriak babesteko hautua egin zuen. Hori al da ezagutzaren gizartea erdiesteko apostua? Zer pentsatuko dute ezagutzaz EHUko ikasleek?

Nork uler dezake Euskal Herriko instituzioen jarrera afera honekiko? Guztiak, orokorrean, azterbide zientifikoaren alde agertuko dira, baina grafitoen kasuan ez, ez dute halakorik adierazten. EHUko errektore ohiaren kasuan, bere asmoak eta egintzak baloratuta, hauxe esanen nioke: proposamenik onena, norberak bere baitan aplikatzen duena!

Ea bere ondorengoak, Balluerka andereak, unibertsitateari dagokion ezagutzaren ildotik joaz, Iruña-Veleiako grafitoak era zientifikoan azter daitezen eskatuz asebetetzen gaituen. Bada garaia!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna