HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (ETA XII)

Krisian galdurikoak

Hizkuntza gutxituetako hedabideek 2009tik 2016ra izaniko eboluzioa aztertu dute EHUko ikertzaileek. Ondorioa: sistemari eutsi diote, batez ere hedabide pribatu eta sozialei esker.

Edu Lartzanguren -

2018ko uztailak 15
Krisiak gogor jo ditu hizkuntza gutxituetan lan egiten duten hedabideak eta kazetariak. Baina zenbatekoa izan da sarraskia? Zeintzuk izan dira kaltetuenak? Galdera horiei erantzuteko, ikerketa egin du EHUko kazetaritza fakultateko Heka taldeak.

«Ekonomiaren krisiak eta digitalizazioak izan duten eraginaren balantzea egin nahi izan dugu», esan du Iñaki Zabaleta irakasleak. Ez dituzte «bi ahoko krisi» horren kausak aztertu nahi izan, baizik eta aldaketak, datuak aztertuta.

Sarraskirik handiena katalanezko eta euskarazko hedabide tradizionaletan —prentsa, irratia eta telebista— gertatu dela erakusten dute ikerketaren datuek: katalanak 146 hedabide tradizional galdu ditu; euskarak bederatzi galdu ditu. Noski, datuak interpretatzeko orduan kontuz ibiltzeko eskatu du Zabaletak: «Asko duenak asko dauka galtzeko ere». Hau da, komunikabide gehien zuten hizkuntzek galdu dute hedabide gehien.

Baina galera ez da horrenbestekoa izan, kontuan hartu behar baita hedabide asko Interneteko bihurtu direla: bakarrik Interneten dabiltzan 80 irabazi ditu katalanak; euskarak, sei. «Transformazioa izan da», esan du. Kataluniako tokian tokiko telebisten kasua aipatu du Zabaletak: krisiarekin, publizitatea eta laguntza publikoak murriztu zirenez, asko Interneteko telebista bihurtu ziren. Ez da galera handirik egon, beraz, ikertzailearen arabera. «Komunikabide sistema osoa kontuan hartuta, Europako hamar hizkuntza hauek eutsi egin diote. Interneteko hedabideek leundu egin dute eragina».

Kazetari galera

Kaltea hedabide kopuruan baino gehiago, kazetari kopuruan gertatu da. Euskarak, esaterako, 69 kazetari galdu ditu. Nola azal daiteke sistemak, oro har, galera handirik pairatu ez izana, baina kazetarien %10,7 galtzea? «Sistemaren urteko diru bolumena jaitsi da. Komunikabideen aurrekontuak asko jaitsi dira, eta hedabideek errazera jo dute: lanpostuak gutxitu, gastua gutxitu». Hainbat hizkuntzatan igo egin da kazetari kopurua, baina kasu horietan aurretik kazetari defizit bat zutelako gertatu da.

Zabaletak nabarmendu duen beste datu bat: komunikabide publikoak dira galdu diren gehienak, ez pribatuak edo gizarte ekimenekoak. «Komunikabide pribatu eta sozialek hobeto eutsi diote krisiari eta digitalizazioari». Horrek irakaspen bat dakar etorkizunerako, ikertzailearen arabera: «Europako hizkuntza gutxituen sisteman, komunikabide publikoek euren egitura mantendu behar dute, baina, gero, komunikabide pribatu eta sozialak indartu behar dituzte erakundeek, horiek ari baitira hobekien moldatzen aldaketara». Izan ere, kudeaketa estrategia hobeak izan dituzte, Zabaletaren arabera.

Zabaletak nabarmendu du ikerketa ez dela bulego lana izan, baizik eta kilometro askotako jarduera. Herrialdeetara joan dira, eta hango hedabideetako arduradunekin elkartu dira. «Orpoz orpo eta autoz auto eginiko lana da, artisau ikerkuntza, ez Interneten datu batzuk bilatuta».

Samien Avvir egunkariaren kasua nabarmendu du Zabaletak. Astean bostetan argitaratzen dute, asteartetik larunbatera. «25.000 hiztun dira, eta egunkari bat daukate. Beraz, katalanek, euskaldunok eta samiek dituzte egunkariak gaur».

Azken hamarkadak utzi duen egoera aztertuta, datozen hamar urtera begirako aurreikuspena egin du ikertzaileak. «Hizkuntza gutxituen komunikabide sistemak egonkor daude. Hedabide tradizionalak funtsezkoak izango dira aurrerantzean ere, bai enpresa moduan, bai irakurle komunitatea mantentzeko orduan, Interneteko diru sarrerak ez baitira asko igoko». Interneteko harpidetzen alorra bai, hori indartuko da. «Datorren hamarkada hau trantsizioa izango da, eta inkognitaz betea». Adituak argi du: hedabide eredu tradizionalari eutsi behar zaio, eta, aldi berean, Internetekoa indartuz joan.

EHUko Heka taldearen ikerketaz landa, hizkuntza gutxituetako gaiaz mintzatuko dira urriaren 20an, Nafarroa Oinez-en bezperan Altsasun egingo duten Txikiak handitzen topaketan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna