Hezlea eta zartailua

Altuna III.ak eta Ezkurdiak lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur, eta ez dago faborito argirik. Finalen dantza Iruñera itzuliko da, hemezortzi urte geroago
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, elkarri eskua ematen, iragan ostegunean, Nafarroa Arena pilotalekuan eginiko finalerako pilota aukeraketan.
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, elkarri eskua ematen, iragan ostegunean, Nafarroa Arena pilotalekuan eginiko finalerako pilota aukeraketan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 18
Zirkuan hezleak eramaten du zartailua. Hark laguntzen dio piztiak kontrolatzen. Bestela, nola sartu kaiolan? Gaur, beste behin, biek topo egingo dute kaiolan, baina elkarren aurka ariko dira. Zartailua Joseba Ezkurdiak eramango du, bere eskuin besoan, koadroko sakatzailerik onena bihurtu duen eta erritmo ezin biziagoa ezartzeko erabiltzen duen erremintan. Hura hezten saiatuko dena, berriz, Jokin Altuna izango da, bere artista sen eta aireko jokoarekin. Kaiola Nafarroa Arena Iruñea pilotaleku berriko lehen lau koadro eta erdiak izango dira, eta duelua irabazten duenak txapela besapean hartuta egingo du etxerako bidea.

Finalen dantza Iruñera itzuliko da gaur. Bakarra jokatu da aurretik, 2000. urtean Patxi Eugik Jorge Nagoreri lau eta erdian irabazi zion hura, hain zuzen (22-5). Nafarroako hiriburuan ez da zaletasunik falta, baina alde zaharreko pilotalekuaren 1.100 eserlekuek lehia handiak urrundu egin dituzte. Nafarroa Arenak ,baina, joera hori bukatuko du. 3.000 ikusle sartzen dira bertan, eta gaur bete egingo da. Finalak adinako ikusmina sortu du pilotalekuak.

Pilotaleku berria amu ona da, baina badu bere alde txarra ere: oraindik ere higatzeko dago. Ezker paretak heldu egiten dio pilotari, eta bote arraroa eginarazi; lurra, berriz, oso bizia da. Ezaugarri horiek sakatzaileentzako pilotaleku egoki bihurtzen dute. Ezkurdia halakoa da, eta badaki. «Sakearekin min egiteko baliatu behar dut», onartu zuen aukeraketan. Izan ere, hor egongo da finaleko gako handietako bat. Sakean? Ez, errestoan. Hobekien errestatzen duenak asko izango du irabazia: Ezkurdia sakatzailerik bortitzena da, baina Altuna oso trebea da sake-errematean. Aurkariaren baliabidea mugatzen duenak egina du bidearen erdia.

Altuna Ezkurdia baino bost urte gazteagoa da, baina eskarmentu handiagoa du finaletan. Hark bakarkako hiru jokatu ditu aurretik, lau eta erdiko bi eta buruz buruko bat, eta horietatik bi irabazi ditu, azken biak. Ezkurdiak, berriz, bakarkako aurrenekoa du. Aurreko urteetan zama izan da berarentzat partida amaiera estuen kudeaketa, baina ikasi du. Ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten, eta Ezkurdiak 22-10 irabazi zuen, baina Altunak asko egin du gora geroztik. Ezkurdia txapelketan sasoirik onena erakutsi zuen pilotaria da; Altuna, berriz, goraka gehien egin duena. Besoko lesioa ahaztuta, puntu-puntuan dago. Apustuak parean irtengo dira: ez dago faboritorik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna