Literatura

Min du Hegoafrikak

Apartheid osteko belaunaldiko andre bat da Kopano Matlwa-ren 'Period Pain'-eko protagonista. Endometriosia du, baina bestelako oinazeez ere mintzo da nobela.

Kopano Matlwa idazle hegoafrikarra, artxiboko irudi batean. UBUD WRITERS FESTIVAL.
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Mendebaldeko argitaletxeek Kopano Matlwaren (Pretoria, Hegoafrika, 1985) azken nobela Evening Primrose izenburuarekin kaleratzea erabaki zutenean —generoarekin zerikusia zuten merkatu arrazoiak tarteko, jakina—, ez ziren konturatu zenbateraino dagoen jatorrizko izenburua lanak azaltzen duen errealitatearekin lotuta. Hegoafrikan Period Pain moduan agertu zen Matlwaren lana. Hileko mina. Evening primrose, berriz, onagra landarearen ingelesezko izena da. Hileko minarentzat lagungarri izatearen ospea du, nahiz eta orain arte zientifikoki frogaturik ez dagoen. Baina Period Pain beste min bati buruz ere ari da, emakumeek jasaten dutena baina emakumeena bakarrik ez dena. Gizarte mailako min bat da, herrialde oso batena.

Period Pain-eko protagonistak, Masechabak —apartheidosteko Hegoafrikan jaioa, hots, libre jaiotakoen belaunaldiko kide da—, endometriosia du (uteroaren barrualdeko ehunak kanpoaldean hazi egiten dira, dela obarioetan, Falopioren tronpetan zein inguruko organoetan), eta mugitzea galarazten dioten hileko mingarriak eta jario handikoak izaten ditu. Gaitzak eragindako arazo fisikoak bezain gogorra egiten zaio Masechabari alderdi psikologikoarekin zerikusia duen guztia: bakardade eta bakartua egotearen sentsazio sakona du, batik bat ez diolako bere egoerari konponbiderik ikusten. Eta lotsa. Gainetik kendu ezin duen lotsa sentimendua. Bere egunerokoan espazio zabala betetzen du nebaren auto berriko eserlekua odolez zikindu zueneko egunak.

Eguneroko berean azaltzen duenez, medikuntza ikasteko erabakia ez zuen idealismoak edo altruismoak bultzatuta hartu. Helburu pragmatiko bat zuen buruan: endometriosia osatzeko modua aurkitzerik ez bazuen, haren sintomak menderatzeko baliabideak garatu nahi zituen behintzat. Ikasketak amaitu eta Hegoafrikako sistema publikoa barrutik ezagutzeko aukera sortzen zaionean, ordea, inuzentekeria irudituko zaio bere egitasmoa. Lan egiten duen ospitalean zein herrialdeko gainerakoetan gutxi batzuk dira behar dutena lortzen dutenak. Gehiengoak heldu gisa uzten du eraikina. Amorruak jota, medikuak «hiltzaileak» direla aldarrikatzen du Masechabak, zin hipokratikoaren kontra ari direlako; «gu guztiok. Hiltzaileak».

Azken batean, ospitale barruko dinamikak herrialdean jazotzen ari denaren isla dira. Hala ikusarazten dio Nyasha pisukide zimbabwetarrak. 1991an apartheida debekatu zuten arren, diskriminazio arrazialaren zein sozialaren eraginak nabarmenak dira Hegoafrikan oraindik ere. Zimbabwetarrak, nigertarrak, somaliarrak zein txinatarrak indarkeriaren biktima dira, eta haien alde agertzen direnek ere erasoak eta mehatxuak jasotzen dituzte. Datu estatistiko ofizialik ez da arrazakeriak bultzatutako gorroto krimenen gainean, baina kezkagarria da giza eskubideen alde diharduten taldeek dokumentatu dituzten eraso biolentoetarako joera.

Genero indarkeria bera arazo larria da. Urtean hildako emakumeen kopurua %40 eta %70 artean kokatzen da, eta uste da hamazazpi segundoan behin emakume bat bortxatzen dutela. 2015ean Nazio Batuen Batzorde Nagusiak Neskato indartsua kanpaina jarri zuen abian, Hegoafrikako Gobernuak emakumeen eskubideak babesteko politikak garatzera bultzatzeko. Hegoafrikak zenbait lege onartu zituen berdintasuna bultzatzeko asmoz, 9. Sekzioa eta Enplegu Berdintasunaren 55. atala, esaterako. Era berean, diru laguntzak bideratu zituen hezkuntzara, emakumeen eta neskatoen matrikulazioa sustatzeko. Neurri horiek tarteko, 2015. urtea Emakumeen Indartze Urtea izendatu zuen Afrikako Batasunak. Hala ere, Period Pain-ek ondo azaltzen duen bezala, pare bat neurrik ezer gutxi egin dezakete egiturazkoa den arazoari aurre egiteko. Are gehiago, ez da Hegoafrika barruko arazoa bakarrik, mundu mailakoa baizik.

Garai baten mina

Egoerak gaindituta sentitzen da Masechaba; ez daki zer egin dezakeen pertsona bakarra izanda. Frustrazioak depresiora darama, eta nebaren suizidioak sakondu egingo dio ezintasuna. Bere eguneroko sarrera batean, zera idazten du: «Jadanik ez dakit nor naizen. Ez dakit zerk definitzen nauen. Porrot bat naizela iruditzen zait». Errudun ere sentitzen da —«psikean arrakalak» izatea bezala deskribatzen duen egoera—, kexuka ari den bitartean kalean besteengandik bizia arriskuan jartzeko prest dauden pertsonak daudelako, bere lagun Nyasha tartean, zeinarekiko harremana hoztu egin den bere depresioa hasi zenetik. «Apartheida balitz hau, pertsona zuri isil horietako bat izango nintzateke, gertatzen ari denari begira dagoena». Bere buruarekin borroka egiten du Masechabak, eta Nyasharekin zuen adiskidetasuna berreskuratu behar duela erabakitzen du. Horretarako, bere lagunaren alde borrokatu behar du, xenofobiaren kontra egin behar du.

Aktibismoak espero ez bezalako indarra eta itxaropena pizten dio Masechabari, baina gorrotozaleen jomuga ere bihurtuko du: bere aktibismotik «osatzen laguntzeko asmoz», gizon talde batek bortxatu egiten du protagonista. Gertaera berez da traumatikoa emakumearentzat, baina kontua da, medikuek aholkatzen diotenaren kontra, ez dela atzean utzi ahal izango duen zerbait, emakumeen kontrako indarkeria norma(la) denean. «Bortxatu egin ninduten. Phakama doktoreak horixe esan dezadan nahi du. Lagunduko didala dio. Iraganaldian jarrita gainditu dezakedala trauma. Baina zure bizitza denean eta hura bizitzen ari zarenean, baten eta bestearen artean ez dago alde nabarmenik. Orain ere bortxatua izaten ari naiz, halakorik gertatzen ez bada ere. Ezin dezaket esan noiz amaitu zen bata eta noiz hasi bestea. Bortxatua izaten ari naiz une oro».

Masechabaren mina ez da berea bakarrik; garai baten mina ere bada, libre jaio zirenen baina oraindik askatasuna dastatzeko daudenen mina. Horixe ere adierazten du Period Pain-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.