Aburto: «Konpartsak kontrako bidean doaz»

Jon Ordoñez - Lander Muñagorri Garmendia
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko jaiguneko segurtasuna eztabaida iturri izaten ari da azken urteetan. Horren lekuko izan da herenegun Bilboko txosnetan egin zen kalejira. Konpartsek jaigunean udaltzain gehiegi dagoela salatu zuten, eta, horretarako, Free Munipa Tour kalejira egin zuten. Segurtasunaren arloan Bilboko Udalak abiatu duen bidearekin ez daudela ados azaldu nahi izan zuten horrela. Adierazi dutenez, txosnaguneak tirabirarik gabeko eremu bat izan behar du, «aldarte onekoa».

«Ez gaude ados segurtasunaren inguruan udalak duen diskurtsoarekin, ezta iaz hainbestetan ikusi genituen polizia kontrolekin ere. Segurtasuna ez da bermatzen jaigunea poliziaz betez. Kontrolak ez dio mesederik egiten jai giroari, kontrakoa baizik, ezinegona sortzen du jendearengan».

Konpartsek salatu dutenez, txosnetan eta sarbide guztietan «polizia talde handiak» dabiltza batetik bestera, «uniformatuta eta jarrera harroputzarekin». Polizien jarrerak jaiarekin bat egin beharko lukeela diote, eta jarrera «lasaia eta alaia» izan beharko luketela. Aldarrikatu dutenez, konpartsak jaigunearen zaintzan parte hartzen dute, eta hala egiten jarraitzeko asmoa erakutsi zuten.

Aburtok irrati elkarrizketa batean erantzun zien atzo konpartsei, eta gizartearen kontrako norabidean joatea egotzi zien, harenustetan gizarteak kalean polizia gehiago egotea nahi duelako. Adierazi zuen jakin nahiko lukeela ea nori molestatzen dion polizia gehiago egoteak. Abuztuan 104 polizia gehiago daudela esan zuen, eta gaineratu kopurua handiagotuta handitu egiten dela «segurtasunaren pertzepzioa» ere.

«Eremu batean udaltzain bat ikusten dugunean ondo sentitzen gara, eta jaigunean gauza bera gertatzen da. Bilboko Konpartsak beste dinamika batean dago. Autobidetik joanda norbaitek ikusten badu beste guztiak kontrakobidean doazela, pentsa dezake besteak oker dabiltzala edo agian has daiteke pentsatzen eurak direla oker daudenak», adierazi zuen.

Aburtok azpimarratu zuenez,polizia uniformedunek delitua eragozten dute, eta uniformerik gabekoek delitugilea ezustean harrapatzea ahalbidetzen dute: «Polizia gehiagorekin, atxiloketa kopurua handitu daiteke». Azken bi urteetan lapurreta gehiago egon direla ere azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.