Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Parking karaoke'

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Martxoaren 26an estreinatu zuten, RTVEko Playz plataforman, umorea eta musika ardatz dituen Parking karaoke saio digitala. Madrilgo Mostenses izeneko karaoke mitikoan grabatua dago, eta benetako parking batean kokatzen da leku hori. Bertan egon ez zaretenontzat, konfinamendua izango ez balitz, jakin larunbat gau zoro baterako plan perfektua eskaintzen duela. Lagunarteko girorako tamaina perfektua du, edariak erosteko barrarekin.

Tarte berria nahiko ondo dago. Neurri handi batean, luxuzko gonbidatuei esker. Ignatius Farray aktorea eta gidoigilea, Nacho Vigalondo zinemagilea, David Diamond magoa —oso barregarria da, bide batez—, Ismael Serrano musikari bikaina, Kike Perez umorista, eta Ingrid Garcia-Jonsson musikaria, besteak beste. Laburbilduz, emakume gutxiegi daude.

David Sainz musikariak aurkezten du 45 minutu inguruko saio berria, eta Andreu Buenafuente kazetariaren El Terrat enpresak ekoiztu. Telebistari esker, ia denok ezagutzen dugu Buenafuente. Baina nor da Sainz? Las Palmasko (Kanaria Handikoa) gidoigile, abeslari eta zinemagile gaztea da. Lotsati samarra dirudi kameren aurrean. Une batzuetan, gainera, gonbidatuek hartzen diote hari lekua, eta bigarren plano batean geratzen da Sainz. Eta zer da Playz? RTVEko hedabide interaktiboetako eduki digitalen plataforma irekia, hain zuzen. 2017ko urrian zabaldu zuten, eta, ordutik, dokumentalak, programa bereziak eta websailak ekoiztu dituzte. Horietako batzuk sakelakoan bakarrik kontsumitzeko.

Parking karaoke berritzailea da errealizazio aldetik. Back stage-a maiz erakusten da, eta karaokean inprobisatutako platoan jarritako pantailak erabiltzen dituzte, esaterako, gonbidatuen eta aurkezlearen arteko elkarrizketak gidatzeko. Bertan proiektatzen dituzte bideo barregarriak, Tik-Tok bideoklipak edota bitxikeriak. Hartu-emana etengabea da kamera atzean dagoen lan-taldearekin; «jarriko duzue bideoa, mesedez?», galdera zuzenekin kasurako. Tarte berri horrek, ziurrenez, postprodukzio lan izugarria izango du, baina lehen ikustaldian, apenas nabaritzen den hori.

Publikoa ere presente dago platoan bertan. Halere, ez du parte hartze handirik. Alde horretatik, saiakera batzuk egin beharko lituzkete. Baina konfinamendu honetan, egongo al da hurrengo atalik? Espero dut baietz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.