Literatura

Indarra non datzan

Norah, Fanta eta Khady Demba ditu protagonista Marie NDiayeren 'Trois femmes puissantes' (Hiru emakume indartsu) nobelak. Haien arteko aldeen gainetik, hiruren gizatasuna suntsiezina dela nabarmentzen du eleberriak.

Marie NDiaye idazle frantziarra, Frankfurteko liburu azokako ekitaldi batean, 2017an. ARMANDO BABANI / EFE.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Alaba gaztea, gauza handirik egiten ez duen bikotekidea eta haren semea Frantzian utzi, eta Dakarrera abiatzen da Norah, aitaren eskariz. Aspaldi da zaharra ikusten ez duela; Norah haur koxkorra zela, emazte frantsesa eta alabak abandonatu egin zituen hark, jaioterrira, Senegalera itzultzeko, Sony semea berarekin hartuta. Gizon menperatzailea eta zitala zen aita garai hartan, baita ikaragarri aberatsa eta dotorea ere. Dakarren topatzen duen gizona, ordea, patetikoa iruditzen zaio Norahri, zeina, oztopoak oztopo —eta bikotekidearen gutxiespen keinuen gainetik—, abokatu arrakastatsua izatera iritsi den. Aberastasun oro galdu eta dezente zahartu den tripontzi bat da orain, goseak markaturiko haurtzaroko oroitzapenek erraz kikiltzen dutena. Alabak umiliatzeko erabili ohi zituen taktikek jadanik arrakastarik ez dute, baina neba gaztearekiko errudun sentitzen da Norah, 5 urte besterik ez zuela bahitu baitzuen aitak. Ordutik, Sonyrekin apenas izan dutenharremanik. Horregatik onartzen du aitari laguntzea, ustez amaordea hiltzeaz akusatuta dagoen neba txikia kartzelatik libre uzteko. Sonyren arabera, ordea, aitak hil zuen bigarren emaztea, eta, ondoren, krimena semeari leporatu zion. Oraingoan, Norahk ez dio utziko aitari bere ekintzen ondorioak pairatu gabe ihes egiten.

Dar Salam opor-herriaren kontura aberastu zen Norahren aita, baina ez zuen berak eraiki. Marie NDiayeren (Pithiviers, Frantzia, 1967) Trois femmes puissantes (Hiru emakume indartsu, 2009) nobelako bigarren atalera arte itxaron behar da turismo gunearen historia iluna eta Rudyren familiak harekin duen lotura ezagutzeko. Azken horrek, Rudyk, 40 urte pasatxo ditu, eta haiek erosteko diru-ahalmenik ez dutenei landatar-sukaldeak saltzea du lanbide. Frantziako landa-eremuan bizi da, «urrunetik» etorritako Fanta emaztearekin eta beren semearekin batera. Dakarren ezagutu zuen Fanta, biak irakasle zebiltzan garaian, baina, bere postutik kaleratua izan ostean, jaioterrira itzultzea erabaki zuen, familia berarekin ekarrita. Jakin bazekien emazteak beltza eta afrikarra izanik ez zuela irakasteko baimenik lortuko bertan, baina, berekoikeriak jota, ez zion ezer jakinarazi.

Denborarekin, ordea, bien arteko harremana gaiztotu egingo da; batetik, hezkuntza sisteman lanpostu duin bat lortzeko Fantak topatuko dituen oztopoengatik, eta, bestetik, Rudyk bere trebakuntzarekin bat ez datorren lanbide berriarekiko sentitzen duen frustrazioagatik. Hala, senar-emazteen arteko liskar bero batean, «itzul zaitez etorri zinen tokira» garrasi egingo dio Rudyk Fantari, konponbiderik gabeko kaltea eraginda.

Rudyren komentario arrazista ez da gertaera bakana; arrazakeriarekin lotua dute bai Senegalen bere familiaren presentziak bai herrialde hartatik Rudyk ihes egin izanak. Kolonialismoa puri-purian zegoen garaian eraiki zuen bere aitak —jatorriz euskalduna— Dar Salam, eta haren krimenengatik madarikatua izan dela iruditzen zaio. Dakarren ikasle batek bere familiaren historia iluna aipatu ostean, Rudy oldartu egin zitzaion, eta, ondorioz, lana betiko galdu zuen. Orain, Fantarengana bideratzen du bere amorrua, nahiz eta badakien bere jarrera bidegabea dela, eta aitak erakutsitakoaren antzekoa. Oraingoan, emazteak utziko duen beldurrez, semea amamarengana bidaliko du Rudyk. Istorioa ez da berria: hainbat gizonek umeak erabiltzen dituzte emakumeak kontrolatzeko.

Dakarren, aitaren etxean, neskame gazte batekin egiten du topo Norahk. Khady Demba du izena eta, familiak abandonatu ostean, amamarekin bizi izan zen, ezkondu arte. Ezkontzak ez zuen gehiegi iraun, ordea, senarra urte batzuk geroago hil baitzitzaion, amama bera bezala. Dakarren etorkizunik ez duela ikusita, bere aurretik beste hainbatek egin bezala, Europarako exodoari lotzea erabakitzen du, nahiz eta bidea arriskuz beterik dagoen eta gutxik lortzen duten onik iristea eta bertan geratzea. Frantzian lehengusina bat du, Fanta, eta lana eta ostatua topatzen lagunduko dion itxaropena du. Khady Dembak lehen eskutik konprobatu ahal izango du entzundako guztia egia zela. Bidaian lagundu behar zion maitaleak dirua lapurtu eta prostituziora behartuko du, behin Frantziara helduta abandonatzeko. Hala ere, jazarpenak jazarpen, pertsona «bakarra eta ordezkaezina» dela uste du Khady Dembak. Bere buruarekiko estimua ezingo dio inork kendu.

Egoera ezberdinetan

Trois femmes puissantes-en agertzen diren hiru emakumeak emakume arruntak dira. Ez dute inolako botererik gizartean, eta, neurri batean, badakite ezer gutxi egin dezaketela egoerari buelta emateko. Akaso Norahren eta Fantaren egoera erosoagoa da Khady Dembarenaren aldean, horrek faltan duen ongizate ekonomikoa izan badutelako. Eta, alde horretatik, alternatiba bat topatzea posible izango dute: beren bizitzako gizonak pikutara bidal ditzakete.

Khady Dembaren egoera konplikatuagoa da, ametsetako lurraldera heldu den arren, dokumenturik gabekoen odiseari aurre egin beharko baitio. Hots, bere urrats bakoitza ziurgabetasunak gidatuta egongo da. Nobelak ez ditu pertsonaien errealitateen arteko ezberdintasunak leuntzen, ordea; aitzitik, aintzat hartzen ditu ezberdintasun horiek aukerak sortu zein zapuzteari begira jokatzen duten rola. Hori bezain garrantzitsua danobelarentzat Norah, Fantaeta Khady Dembaren gizatasuna azpimarratzea, gertaera traumatikoenek ere suntsitu ezin dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.