Estutasunean ere, aise

Neilson Powelssek irabazi du Donostiako Klasikoa gizonezkoetan, esprintean nagusituta. Andreetan, Annemiek van Vleutenek jantzi du irabazlearen txapela

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Bihotz maiztasuna mugara heltzen ari denean bere mailarik onena eskaintzen asmatzen duen kirolariak asko izan ohi du irabazia. Horren adibide izan ziren atzoNeilson Powless (Education First) eta Annemiek van Vleuten (Movistar). Bi-biek Donostiako Klasikoko txapelak jantzi zituzten; esprintean nagusitu zen Powless; gailentzeko lanak lehenago eginda helmugaratu zen Van Vleuten.

Gizonezkoen lehian, azken metroetan erabaki zen garailearen izena. Powlessek estutasun goreneko unean hartu zien aurre Matej Mohoric (Bahrein-Victorious) eta Mikkel Honore (Deceuninck) bigarren eta hirugarren sailkatuei.

Ordura arte, lasterketa gorabeheratsua izan zen. Jardunaldi goibelari distira ateratzeko asmoz aritu ziren txirrindulariak, eta, lanak lan, lortu zuten lasterketako zati batean. Mendateetan ageriko utzi zituzten distira printzarik behinenak, eta amaierako esprintak erabat argitu zuen iluna.

Hasiera patxadatsu baten ostean, tropela Jaizkibelgo mendatean hasi zen bizitzen. Javier Romoren (Astana) sinadura izan zuen eguneko lehen joaldi garrantzitsuak. Haren ekinaldiak ziklistaren asmo onak ageriko utzi arren, pelotoiak berandu baino lehen estutu zuen, eta jan egin zion ordura artean lortutako aldea. Romoren saialdia gerora helduko zenaren aurrekari izan zen.

Izan ere, hurrengo mendatea Erlaitz zen, eta malda horiek ez dute zalantzarako tarterik uzten: indartsuenek soilik atera ditzakete aldeak. Poz handia jaso zuen euskal zaleak, Mikel Landa (Bahrein) lan horietan ikusi zuenean. Italiako Giroan izandako erorikoaren ondotik lehen eguna zuen lehian, eta bere abilezia probatu nahi izan zuen. Simon Carrek berehala hartu zion neurria, eta hor amaitu zen Landaren ametsa.

Carrek lehen postuan igaro zuen Erlaitz, baina gerora helmugan bizkorrenak izango zirenek hura harrapatu nahiari ekin zioten. Baita lortu ere; bien bitartean, bezperatan hautagai nagusi izendatutakoek zirkinik ere ez zuten egiten.

Murgilek aurreikusitako garrantzia izan zuen. Powlessek jo, eta Honore, Mohoric eta enparauak ziztu bizian abiatu ziren Igeldon gora, garaipenaren bila. Beherakoan hartutako kolpe eta guzti: Lorenzo Rota (Intermarche) eta Honorek errepide bazterra jo zuten Igeldotik Donostiarantz.

Dena den, onenen multzoan segitu zuten azken metroetaraino, eta hor piztu zen sua. Mohoric izan zen lehendabiziko supiztailea, urrundik estututa, baina haren saiakera ezerezean geratu zen. Aldiz, pixkanaka aurrera egin zuen Powlessek, eta Mohoricen eta Honoreren artetik igarota lortu zuen esprintean besoak altxa eta garaipena eskuratzea, ordura arteko ezjakintasunari akabera emanaz.

Ostadarra Bulebarrean

Emakumezkoen lasterketak, berriz, ez zuen imajinaziorako tarterik utzi: Annemiek van Vleuten (Movistar) nagusitu zen. Aise ari da Herbehereetako txirrindularia, eta atzokoan ere agerian utzi zuen bere nagusitasuna. Munduko Txapeldunaren elastikoa soinean, bakar-bakarrik ailegatu zen helmugara. Ibilbide osoan euriak mardul bota bazuen ere, ostadarra gailendu zen Donostiako da Bulebarrean, Van Vleutenen elastikoan islatuta.

Irabazleak nahi zuen unean jo zuen kolpea. Etaparen lehen zatian ezkutuan aritu zen, tropelean sartuta, eta azken zatirako gorde zituen indarrak. Murgil mendatera ailegatu orduko, erasoa jo zuen maldan gora, eta hor hautsi zuen lasterketa. Ordura artean aurrealdean zirenei aurrea hartu, eta bakar-bakarrik heldu zen helmugara. Bederatzi kilometroren faltan egin zuen aurrera, eta etenik gabeko pedalkadan gailendu zen.

Aurrez, txirrindulari andana saiatu zen lasterketaren buruaz jabetzen. Eguneko lehen mendatean, Aiara igo orduko Giorgia Vettorellok (TOP) egin zuen estreinako saialdia, eta hautsi egin zen tropela. Jaizkibel igotzerako bildu ziren berriz, harik eta hiru laguneko multzo batek hanka egin zuen arte. Haien artean izan zen Ane Santesteban (Bike Exchange) errenteriarra ere. Lehen postuetan kokatu ziren, ia bi minutuko aldearekin. Hura izan da lehen euskal herritarra helmugan.

Harik eta Van Vleuten piztu zen arte. Taldekideen laguntzarekin aldeak murriztu eta gero, tropeletik jauzi egin, eta erritmoa bizkortu zuen. Aldeak murriztu zituen, lehenik, gero lidergoan kokatzeko. Halaxe heldu zen lehendabiziko koskara, eta lehen postuan igaro zuen helmugako marra. Lasterketa aise kontrolatu zuen azken kilometroetan.

Van Vleutenen atzetik, Ruth Winder (Trek-Segafredo) sailkatu zen bigarren postuan, 36 segundora, eta Tatiana Guderzok (Ale) lortu zuen hirugarren ailegatzea. minutu bat eta 35 segundora. Lau txirrindulariren arteko esprintean nagusi izan zen italiarra. Lehen euskal herritarra, Santesteban, 22.a izan zen. Ia hiru minutuko atzerapenarekin heldu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.