Eskalatzaileen paradisua

Munduko Txapelketa jokatuko dute Innsbrucken gaurtik datorren igandera. Aspaldiko ibilbiderik gogorrena izango dute errepideko probek. 11 euskal txirrindulari ariko dira
Txirrindulari bat, Hoettinger Hoell gaineko zatirik gogorrena hastear, eta deabru ezaguna hura animatzen. Ia %20ko pendizeko aldapak daude bertan.
Txirrindulari bat, Hoettinger Hoell gaineko zatirik gogorrena hastear, eta deabru ezaguna hura animatzen. Ia %20ko pendizeko aldapak daude bertan. BERRIA

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko irailak 23
Klasikozale azkarren ehiza eremua izan ohi da Munduko Txapelketa. Ibilbide gorabeheratsu baina ez oso gogorrak izan dira nagusi azken urteetan, eta horrek mesede egin die errematatzaileei; eta kalte, berriz, igotzaile petoei. Alabaina, aurten urrezko aukera dute eskalatzaileek. Alpeen bihotzean dago Innsbruck (Austria), eta ibilbideak derrigorrean behar du maldatsua izan. Azken garaietako gogorrena da: 4.670 metroko desnibel metatua izango du elite mailako gizonezkoen errepideko probak, eta 2.413 metrokoa elite mailako emakumezkoenak. Alegia, infernua izango da txirrindulari astunentzat, eta paradisua, aldiz, igotzaile arinentzat.

Guztira, 11 euskal txirrindularik hartuko dute parte gaur hasi eta datorren igandera arte jokatuko den txapelketan, denek ere Espainiako selekzioarekin: junior mailan lehiatuko dira Jon Barrenetxea, Josu Etxeberria eta Amaia Lartitegi; 23 urtez azpikoetan Ibai Azurmendi; eta elite mailan Jonathan Castroviejo, Ion Izagirre, Mikel Nieve, Omar Fraile, Imanol Erbiti, Ane Santesteban eta Eider Merino. Mikel Landak abagune ederra zuen ortzadar maillotarekin amets egiteko, baina itxaropen oro zapuztu dio Donostiako Klasikoan izaniko erorikoak. Hilabete eta erdi pasatu du lehiatu gabe, eta, lehen zerrendan tokia egin arren, azkenean uko egin dio txapelketari.

Errepideko probaren ibilbidea oso egokia zen arabarrarentzat, 259 kilometroan bederatzi igoera gainditu beharko baitituzte. Lehen 85 kilometroek ibilbide gorabeheratsua dute, eta ziklistek bertan aurkituko dute lehen zailtasuna: 2,6 kilometro eta %10,5eko pendiza dituen Gnadenwaldeko igoera. Horren ostean, sei bira emango dizkiote 24 kilometroko zirkuituari. Bira bakoitzean Igls igo beharko dute, zortzi kilometro eta batez beste %5,7ko pendiza dituen aldapa. Eta, bukatzeko, 31 kilometroko zirkuitu luzea izango dute. Iglsera igoko dira lehenik, eta lasterketa Gramarten erabakiko da: 2,8 kilometro eta %11ko batez besteko pendiza ditu, eta, tartean, ia %20ko aldapekin, 400 metroko zati gogorra dauka: Hoelle izenekoa (infernua). Zortzi kilometro eskas geldituko dira Gramarteko gainetik helmugara.

Hautagai asko daude, baina bada gainontzekoak baino koska bat gorago dagoenik, hala nola Julian Alaphilippe, Primoz Roglic, Alejandro Valverde eta Vincenzo Nibali. Peter Sagan ere nahitaez aipatu behar da. Ustez, ibilbidea gogorregia da harentzat, baina eslovakiarra edozertarako gai da. Iaz, jarraian hiru Munduko Txapelketa irabazi dituen lehen ziklista bilakatu zen, eta aurten laugarrena lortuz gero, beste inork baino urrezko domina gehiago lituzke. Simon Yatesek ere zeresana eman dezake; Espainiako Vuelta irabazi berri du, eta ibilbidea oso ondo egokitzen da haren ezaugarrietara. Daniel Martin, Romain Bardet, Thibaut Pinot eta Michal Kwiatkowski ere gertutik zaindu beharrekoak izango dira.

Herbehereen ahalmena

Elite mailako emakumezkoen errepideko proban, berriz, bi dira faboritoak, biak ere herbeheretarrak: Annemiek van Vleuten eta Anna van der Breggen. Ortzadar maillota irabazi gabeak dira, eta Innsbrucken abagune paregabea dute beren palmares aparta borobiltzeko. Horretarako, Elisa Longo Borghini, Megan Guarnier, Amanda Spratt, Ashleigh Moolman, Katarzyna Niewiadoma eta haien antzeko beste aurkari ahaltsu batzuk gainditu beharko dituzte. Ibilbideak 156 kilometro izango ditu: lehen 85ak gizonezkoen probako berberak izango dira, eta, bukatzeko, Iglseko 24 kilometroko zirkuituari hiru itzuli emango dizkiote.

Erlojupekoei dagokienez, gizonezkoena 52 kilometrokoa izango da, eta taldekakoa, 63koa. Bi kasuetan, bost bat kilometroko aldapa igoko dute bigarren zatian. Tom Dumoulin da bakarkakoa irabazteko faboritoa, eta Jonathan Castroviejo dominen lehian arituko da. Emakumezkoetan, berriz, 28 kilometrokoa izango da banakakoa eta 54koa taldekakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna