Ikuskizunaren tenplu berria

Nafarroa Arena kiroldegi eta pilotalekuak ateak ireki ditu; azkenean, 64 milioi euro inguru gastatu dituzte. Handia izanagatik, Labrit bezalakoa da: gertukoa, beroa.

Nafarroa Arenak 3.000 eserleku ditu, eta atzo ia beterik zegoen. Pantaila erraldoia da berritasunetako bat: partidako irudiak ematen ditu. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ara Malikian, Rosendo, Cirque du Soleil eta Ezkurdia-Zabaleta Elezkano II-Rezustaren aurka. Aspaldidanik Iruñeak badu pilotaren tenplua, Labrit, eta, hala izaten jarraituko badu ere, tarteka, tokia egin beharko dio Nafarroa Arenari. Pilotaleku eta pabiloia baino zerbait gehiago da. Datozen hilabeteetarako emanaldien zerrenda ikusi besterik ez dago: Iruñeak ikuskizunerako jauregi berria du. Aurreko gobernuaren inbertsio polemikoen artean nagusietako bat izan zen Nafarroa Arena, baina amaitu gabe utzi zuen eraikina, 54 milioi euro pasa gastatu ostean. Egungo gobernuak, falta zen dirua jarri, eta aurrera jotzea erabaki du. Atzo, azkenik, modu ofizialean ireki zituen ateak, eta sortutako ikusminari bikain erantzun zion.

Hutsegiteak hutsegite, Masters torneoko finaleko lau pilotariek ere erantzun zioten ikuskizunari. Emozioa bederen izan zen azken txanpara arte. Hamalauna berdindu eta gero, Danel Elezkanok eta Beñat Rezustak, tartea ireki, eta torneko finala irabaztea lortu zuten: 22 eta 16. Etxean jokaturik, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak hainbat tantotan jarri zuten pilotalekua orroka —nafarrak dira biak—. Alta, ia beti atzetik, ezin izan zioten partidari buelta eman. Bederatzina berdintzeko tantoa oso lehiatua izan zen, bi bikoteek harmailak guztiz berotu eta eguneko txalo za parradarik handiena jaso zuten.

Protestak ere egon ziren. Hamahiruna berdintzeko tantoan, Ezkurdiak zabalera botatako pilota kanpora atera zela erabaki zuten epaileek, Nafarroa Arenako zale gehienen oihuen artean. Handik gutxira, ezker horman paratutako pantaila erraldoian errepikapena eman, eta pilota barruan ikusi ostean, protesta biziagoa izan zen. Pantaila erraldoi berri hori lagun, futboleko VAR pilotara ere etorri da.

Alta, eguneko protagonista nagusia frontoia bera izan zen. 3.000 lekuak ia beterik zeuden, eta, handitasuna eta hormigoia maiz hoztasunaren sinonimo badira ere, Nafarroa Arenak badu berotasuna. «Pilotalekua bilduxeagoa da. Ez du handia ematen. Kontrakantxa estua du, eta pilotazaleari pilotarien gainean egotea gustatzen zaio», esan zuen Ladis Galarzak. Kontrakantxan hormarik ez izateak eztabaida sor badezake ere, atzo ikusi zen pilotariek gogor eman beharko diotela hara iristeko.

Mikel Idoate ere pozik zegoen. «Izugarrizko pilotaleku polita da. Uste dut pilotak behar zuela horrelako zerbait. Beste estilo bat du, eta gustuko dut jendea gertu izatea. Labriten sentsazio hori mantentzen du». Juan Martinez de Irujo alboan zuen, eta hark jokatzen zuenean gogoko zuen hurbiltasun elektriko hori: «Diseinuan asmatu dute. Pilotariak atsegin du kantxan egon eta jendea hurbil ikustea, laguntzen baitu kontzentratuago jokatzen». Irujo bezain beroa zen Patxi Eugi, eta harentzat ere «ikusgarria» da. «Polita da, erosoa, gertukoa. Beteta dago, eta pilotarientzat hainbeste jende hain gertu izateak mundiala izan behar du».

Pilotari ohiez gain, agintari eta politikari ugari ziren bertan. Horien artean, Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko kirol zuzendaria. Azken lan horiek gertutik jarraitzea egokitu zaio, eta poztasun anbibalentea zuen: «Instalazio handia da, baliabide asko jarri behar izan dira. Erronka handia dugu aurretik; jakinda zer beste behar dauden beste instalazioetan, kontraesanezko sentsazioa dut». Halere, uste du «ardura politikoz» jokatu dela, eta 55 milioi euroren ondoren amaitu egin behar zela. «Orain prest dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.