Mahaira eta pitxerrera bueltan

Otsailaren 5ean hasiko da ofizialki 2021eko sagardo denboraldia. Sagardo berria botila eta pitxer gardenetan zerbitzatuko dute mahaira; ez da zutik eta joan-etorrian txotx egiterik izango. Guztia atondu dute horrela, sagardotegiak segi dezan «sozializatzeko eta gustura egoteko leku bat» izaten.

Euskal Sagardoa jatorri izeneko arduradunak eta sagardogileak, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Berezia, desberdina eta segurua»: halakoa izatea nahi dute, eta halakoa izango delakoan aurkeztu dute aurtengo sagardotegi denboraldia. Otsailaren 5ean hasiko da ofizialki —izango dira lehenago eta geroago irekiko duten sagardotegiak ere—, eta «ezohiko» egoera bati aurre egiteko «erronka eta konpromisoa» hartu dute sagardogileek: «Lanerako protokolo zehatza garatu, eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarrian dastatzera emateko».

Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteetako ordezkariek hartu zuten atzo parte Donostian egindako agerraldian. Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak, Olatz Mitxelena teknikariak eta Oihana Gainzerain Zelaia sagardotegiko arduradunak eman zituzten argibideak.

Berritasun nagusia: upeletako sagardoa mahaian eserita dastatuko da. Nola? Pitxer eta botila gardenetan. Alegia, antzinako kontsumitzeko modua berreskuratuta —lehen ere pitxerretan zerbitzatuta eta mahaian jarrita edaten baitzen sagardoa sagardotegietan—, baina, oraingo honetan, modu berritzailean. Izan ere, mahaira eramango duten pitxer eta botila bakoitzak bere txarteltxoa eta azalpenak izango ditu. Txartel bakoitzean, upelaren zenbakia egongo da jarrita, «bezeroak une oro jakin dezan zer sagardo ari den kontsumitzen». Txartelak QR kode bat ere izango du, «sagardotegiari buruzko informazio gehiago jaso ahal izateko». Unai Agirreren hitzetan: «Sagardotegia sozializatzeko eta gustura egoteko leku bat da, eta hori ez dugu galdu nahi».

Protokolo zehatza garatu du sagardo sektoreak, baina argitu dute dekretu eta arau berrien arabera moldatuz joan direla eta joango direla. Orain, beraz, seiko taldeak egongo dira mahaietan gehienez, eserita denak, eta tartea gordeta. Sagardoa mahaira aterako zaie, eta sagardotegiko menuko gainontzeko jakiak ere bai: plater batean mahaiaren erdira, eta bezero bakoitzak bere platera izango du. Mahai bakoitzak arduradun bat izango du, eta arduradun horrek aukera izango du upeletara joan eta pitxerrak eta botilak betetzeko. Beti izango da pertsona berbera, eta sagardotegiko arduradunarekin batera beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen dien upeleko sagardoa. Sagardotegi bakoitzak bere ezaugarrietara egokituko du protokoloa, baina berbera izango da guztientzat.

Eta botila berdeak?

Gardenak dira denboraldi berrirako jarritako botilak eta pitxerrak. Zergatik? «Egiten ari den sagardo bat delako. Koloreak ikusteko. Prozesu horretaz ohartzeko». Alegia, horrek ez du esan nahi aurrerantzean sagardoa botila gardenetan merkaturatuko dutenik; betiko botila berdeetan merkaturatuko dute sagardoa aurten ere. Gainera, Oihana Gainzerain Zelaiakoak argi utzi nahi izan duenez, sagardo «ekoizleak» dira haiek: «Upategiak dira gureak. Sagardoa ekoizten dugu, botilaratzeko, ez txotx denboraldirako».

Agirrek eman du datua ondoren, esanez sagardotegi garaian kontsumitzen dena ekoizten denaren %5 izaten dela. Eta aurtengo sagardoari buruz, berriz, hau esan du: «Izaera eta gorputz handikoa da. Horretan eragina du klimak, baina baita uzta txikiagoa izateak ere. Dastatuko dituzuen sagardoak kolorez kargatuak eta gorputz handikoak dira; guk esaten dugun bezala, konplexutasun handikoak». Sagardoa ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.