Ahaztu gainontzeko partidak

Reala Europa ligarako sailkatuko da Vila-real mendean hartzen badu. Alavesek derrigor irabazi behar du; irabazita ere, maila gal dezake. Athleticek, Osasunari irabazi, eta itxaron

Realeko jokalariak ostegunen Alexander Sorlothek Cadizi sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Jokoan zerbait duten taldeek ordutegi bera izango dute Espainiako Ligako azken-aurreko jardunaldian: 19:30ean hasiko dituzte partidak. Helburu bera dutenek elkarren emaitzen berri ez izateko egiten dute hori, baina Realari eta Alavesi gutxirako balio die besteei begira aritzeak.

Izan ere, txuri-urdinek parean izango dute Europa ligako postu batentzako lehiakidea. Donostiarrek Vila-realen jokatuko dute, eta ekuazioa argia da: irabazita, sailkatu egingo dira. Imanol Alguacilen taldeak hiru punturen aldea du Unai Emeryrenarekiko, eta gailentzen bada, aldea gaindiezina izango da.

Reala suspertuta ariko da, joan zen osteguneko garaipenak on bidean jarri baitu berriz ere. Gainera, Imanolek bi jokalari berreskuratu ditu Vila-realen aurka jokatzeko: Robin Le Normand eta Alexander Isak. Bi-biak zelaian izan dira jardunaldi gehienetan.

Aldiz, kontrarioak jokalari esanguratsuak faltako ditu gaur arratsaldean. Alberto Moreno, Gerard Moreno, Yeremy Pino eta Arnaut Danjuma min hartuta daude, eta ikusteko dago Gio Lo Celso eta Pervin Estupiñan jokatzeko moduan diren.

Haatik, Imanolek atzo esan zuen «azeria» dela Emery, eta garrantzia kendu zion jokalari horiek falta izateari. Teknikari oriotarrak nahiago du bere jokalariei erreparatu: «Garrantzitsuena da denak ondo egotea, eta beren onena ematea. Gogotsu daude jokatzeko, eta hori da albisterik onena». Aldi luzerako min hartutakoak kenduta, gainontzeko jokalari guztiak prest ditu Imanolek. Baita Asier Illarramendi ere.

Entrenatzailearen esanetan, Realak haien guztien beharra izango du Vila-real gainditzeko: «Izugarrizko multzoa du, Europan maila handikoa, eta gauzak zailak jarriko dizkigute. Gogoan izan Txapeldunen Ligako finalerako sailkatzear egon dela». Halere, Imanolen esanetan, txuri-urdinek «konfiantza handiz» ekingo diete neurketari.

Hutserako baimenik ez

Realak nola, Alavesek ere bere partidari erreparatu beste aukerarik ez du. Izan ere, garaipenak soilik balio die Julio Velazquezen jokalariei. Irabazten ez badute, kito: babazorroek maila galduko dute. Gasteiztarrek Levanteren zelaian jokatuko dute, jada Bigarren Maila jaitsitako taldearen aurka.

Hargatik, Alavesek ez du huts egiteko baimenik. Horren jakitun da Velazquez entrenatzailea: «Dena eman beharko dugu. Gure gaitasunaren %99an arituta, ez dugu irabaziko. Barrena hustubehar dugu».Irabaztea ezinbesteko baldintza duen arren, litekeena da hiru puntuak nahikoa ez izatea. Cadiz Real Madrilen etxean nagusitzen bada, Alaves jaitsi egingo da, bere neurketako emaitza edozein dela ere.

Velazquezek MamadouLoum faltako du, zigortuta dagoelako. Kontrara, Ximo Navarro eta Edgar Mendez zelairatu ahalko ditu.

Derbi urardotu bat

Athleticek eta Osasunak elkarren aurka jokatuko dute San Mamesen. Haiek ere 19:30ean ariko dira, baina pizgarri txikiko neurketa izango da. Zuri-gorriek badute Konferentzia Ligara sailkatzeko aukeraren bat, baina Realaren neurketaren araberakoa izango da hori. Aukerari eusteko, puntuak batu behar ditu nahitaez. Osasuna, berriz, eroso dago bederatzigarren postuan. Sasoia ahalik eta goren amaitu nahian, garaipena izango du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.