Bidaia emozionala, bi ahotsetara

Nina Persson The Cardingans taldeko abeslari suediarra batu du bere azken proiektura James Yorkston musikari eskoziarrak, eta, The Second Hand Orchestrarekin batera, 'The Great White Sea Eagle' diskoa grabatu dute biek.

Nina Persson eta James Yorkston, promozio argazki batean. SIAN ADLER.
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

James Yorkston musikari eskoziarrak hogei urtetik gora daramatza folk musikaren inguruan lanean. Begi bat tradizioan jarria izan duen arren —Martin Carthy eta Lal Waterson aipatzen ditu erreferentetzat—, haren lanek ez dute inoiz revival kutsurik izan, eta beti egon dira orainari oso lotuta. The Athletes taldearekin grabatutako bi diskorekin egin zuen debuta (Moving Up Country, 2002; eta Just Beyond the River, 2004), eta, gerora, bakarka nahiz bestelako proiektuetan aritu da buru-belarri. Jon Thornerekin eta Suhail Yusuf Khanekin osatutako hirukotearekin, adibidez, Indiako musikaren, folkaren eta jazzaren artean mugitzen diren hiru disko grabatu ditu.

Azken urteetan, gainera, The Second Hand Orchestra Suediako bandarekin ere ari da lanean, eta 2021ean The Wide, Wide River diskoa argitaratu zuten elkarrekin. Orain, berriz, esperientzia «eder» hura errepikatu nahian, beste lan batekin itzuli dira Yorkston eta orkestra: The Great White Sea Eagle. Oraingoan, baina, berrikuntzak ere badakartzate, gonbidatu berezi bat batu baitzaie proiektura, Nina Persson, The Cardingans Suediako taldeko abeslaria. Karl Jonas Winqvist The Second Hand Orchestrako kideak egin zion proposamena Yorkstoni: «KJri iruditzen zitzaion bigarren ahots bat sartzeak aberastu zitzakeela abestiak, eta izen zerrenda bat bidali zidan». Zerrendako guztiak «zoragarriak» iruditu zitzaizkion kantariari, baina Perssonen alde egin zuen, arrazoi bakarragatik. «The Cardigansen Life diskoa [1995] asko-asko gustatu zitzaidan bere garaian, eta nire talderik gustukoena bilakatu zen tarte batez. Astrud Gilberto ekartzen zidan gogora, eta maite nuen Ninaren ahotsa. Baina niri, batez ere, musika tradizionala interesatu izan zait, eta, ondorioz, gerora ez nion Ninaren ibilbideari bereziki jarraitu».

Persson The Cardigans taldearekin egin zen ezagun 1990eko hamarkadaren erdialdean, pop alaia bezain malenkoniatsua landuz. Berehala lortu zuen arrakasta Suedian, eta, jarraian, nazioartean ere oihartzun handia izan zuen Rise & Shine, Sick & Tired eta beste hainbat kanturi esker. Gerora, taldeak elementu elektronikoak gehitu zizkion bere proposamenari, eta Persson bera bakarka ere aritu zen estreinakoz, 2014an, Animal Heart diskoarekin. Horren aurretik, gainera, The Cardigansen atseden une batean, A Camp taldea ere sortu zuen, eta harekin bi disko grabatu zituen.

Azkeneko urteetan, zuzenean jotzera itzuli da The Cardigans, eta, joan den udan, disko berri bati buruzko zurrumurruak zabaldu ziren sare sozialetan, baina, oraingoz, taldeak ez du inolako iragarpenik egin.

Perssonek aitortu du Yorkstonen proposamenak hasieratik kitzikatu zuela, bestelakoa zelako. «Batzuetan jende batek bidaltzen dit erabat grabatutako eta ekoitzitako pop kantu bat, eta galdetzen didate: 'Nahiko zenuke ahotsak sartu kantu honetan?'. Horrek ez nau asko erakartzen, nahiz eta kantu eder bat izan». Yorkstonen kantuak jaso zituenean, baina, melodia hunkigarriak eta berari hitz egiten zion ahots bat aurkitu zituen Perssonek. «Gainera, KJk eta Jamesek gonbidatzen ninduten estudiora zuzenean grabatzera; ez etxetik ahotsak sartzera. Estudioan taldekide guztiekin egotean, sentitu nuen ni neu ere banintzela kantuen sortzailea».

Pianoarekin, lehen aldiz

Orain arte gitarrarekin konposatu izan badu ere, The Great White Sea Eagle osatzen duten piezak pianoarekin sortu ditu Yorkstonek. Musikariak berak aitortu duenez, pianoa bera bidean gurutzatu baitzitzaion. Bere lokala eta estudioa dena nahiko hondatuta zegoela eta, lagun batek itsasoari begira dagoen etxe bateko gela utzi zion. «Han zegoen pianoa, eta erabili beharra nuen, zeren eta aurreneko aldia zen piano bat jotzeko halako erraztasuna nuena». Gainera, horrek beste bide batzuk bilatzeko aukera ematen zion: «25 urte nituela hasi nintzen gitarra akustikoa jotzen, eta, hainbeste denbora igaro dut horrela lan egiten, batzuetan sentitzen baitut gauza bera egin dudala behin eta berriro. Pianoarekin lan egitean, dena zegoen irekita. Ez nuen ahots bat esaten: 'Hori egin duzu aurretik!'». The Great White Sea Eagle bi ahotsetara ondutako disko pausatua da, pianoan oinarrituta egon arren, The Second Hand Orchestraren konponketek —txeloak, biolinak, txirulak, baxuak, gitarrak, bateriak eta bestelako tresnek landuak— dotoreziaz jantzitakoa.

Hitzei dagokienez, diskoa ez dago gai bakar batean eraikia, baina badira hainbat kantutan errepikatzen diren gaiak: gaixotasuna, denboraren igarotzea... Yorkstonen semeetako bat oso gaixo egon zen txikia zenean, eta horrek zeharkatzen ditu zenbait pieza. «Honetarako jaio naiz? Min hau, esperimentu krudel hau jasateko», esaten du, adibidez, Sam and Jeanie McGreagor kantuak, eta The Great White Sea Eagle bera ospitaletik errezitatutako pieza bat da. A Sweetness in You, berriz, Scott Hutchinson lagunak bere buruaz beste egin ondoren idatzi zuen Yorkstonek. «Sentitzen dut inguruan bizi dudanaz idatzi behar dudala. Folk tradizioko kantu askok bezala. Istorioak kontatzen dituzte».

Diskoak, nolanahi ere, baditu kantu biziago eta arinagoak ere, Peter Paulo Van der Heyden jostaria nahiz Hold Out For Love maitasunaren ospakizuna egiten duen singlea, kasurako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.