Futboleko Munduko Kopa

Exorzismoa egin du

Suediak etena jarri dio Alemaniaren aurkako bolada txar historikoari (2-1), eta finalerdietarako sailkatu da. Herbehereak izango ditu aurkari asteartean (2-0)

Exorzismoa egin du.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Mamua» hitza erabili dute azken egunetan Suediako selekzioan. Zehatzagoak izanda, «mamu alemaniarra». Bai hautatzaileek, bai jokalariek. Mamua gora eta mamua behera. Suedia eta Alemaniaren artekoa Munduko Kopetan gehien errepikatu den bigarren partida da, klasiko handi bat da, baina 24 urte ziren Suediak ez ziola Alemaniari irabazten txapelketa ofizial batean. Tarte horretan, gainera, bi final jokatu dituzte elkarren aurka: 2003ko Munduko Kopakoa eta 2016ko Olinpiar Jokoetakoa; eta bietan Suediak dastatu zuen garratza. Aurrekari horiekin, ulergarria da goitizena, eta era berean, Suediako jokalariek atzoko partidaren ondoren zuten poza. Izan ere, aspaldiko partez, exorzismoa egin, eta Alemania garaitu zuten. 2-1 irabazi zioten, eta Munduko Kopako finalerdietan egongo dira. Herbehereak izango dituzte aurkari, asteartean, Lyonen (Frantzia). Herbehereak ere atzo sailkatu ziren, geldikako bi jokaldiri esker Italiari 2-0 irabazita.

Exorzismoa ariketa bai, baina ondo kostata. Alemaniak ez du distirarik egin Munduko Kopan, baina atzora arte golik jaso gabea zen. Suediarrak, halere, baikorrak ziren, baina partida oso aldapa gora jarri zitzaien hasieran (0-1, 16. min), Magullek bolea eder batez aurreratu baitzuen Alemania. Mamuari irabaztea zaila bazen, are zailagoa emaitzari buelta emanda. Alemaniaren atzeko lerroak, baina, harengan ezohikoak diren bi huts egin zituen.

Aurreneko hutsa lehen zatian egin zuen (22. min). Sembrant Suediako erdiko atzelariak area batetik bestera bidali zuen baloia, eta Doorsoun Alemaniakoak ez zuen ondo neurtu hura buruz urruntzeko eginiko jauzia. Jakobssonek maistraki baliatu zuen oparia jaurtiketa gurutzatu batekin banakoa sartzeko. Bigarren hutsa, aldiz, 48. minutuan izan zen. Suediak areaz kanpotik jaurti zuen, eta Schult atezainaren aldaratzea area txikian erori zen. Blackstenius aurrelaria izan zen aztiena, eta hark sartu zuen Suediaren bigarrena. Atzetik joan arren, Alemaniak, ez zuen joko handirik egin. Aukera on bakarrak azken minutuetan izan zituen, indarka eta itsu-itsuan erasora jo zuenean. Garbiena Doorsounek izan zuen, 86. minutuan, baina bere burukada oso gutxigatik joan zen kanpora.

Spitse, artista faltetan

Suedia final-laurdenetako azken partidan sailkatu zen, eta aurretik Herbehereak eta Italiaren artekoa jokatu zen. Italia Munduko Kopako ezustekoa izaten ari zen, baina atzo bukatu zitzaion bidea. Lehen zatian ondo eutsi zion Europako txapeldunari. Hortzak erakutsi zizkion eta gol aukera on bat izan zuen. Bigarrenean, baina, garbi ikusi zen bi selekzioen artean dagoen aldea, eta zein den Herbehereen indargune nagusia: geldikako jokaldiak.

Lehen zatian ezinean ibili ondoren, Herbehereek gora egin zuten bigarrenean. Italiaren erdiko lerroa erraz gurutzatu zuten, eta atzelariek falta asko egin behar izan zituzten. Herbehereei area ertzean faltak oparitzea, baina, negozio txarra da, munduko eskuin zango zehatzenetako bat baitute: Sherida Spitzerena. Bi golak hark eginiko bi erdiraketa neurturen fruitu izan ziren, eta biak buruz. Aurrenekoa Vivianne Medema (70. min) aurrelariak sartu zuen, eta bigarrena Stefanie van der Gragt atzelariak (80. min). Bi goletan nagusitasunez gailendu zitzaizkien zaintzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.