Norbera izatea, gako

Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute gaur, Lezaman. Zuri-gorriek arnasa hartu dute sailkapenean; txuri-urdinak, berriz, hamar eguneko etxealditik datoz, zenbait COVID-19 kasu izan direla eta.

Realeko eta Athleticeko jokalariak lehian, lehen itzulian Zubietan jokatutako partidan. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bere jokatzeko era berdegunean ezarri, eta partidaren aginte makila duen taldeak asko izaten du irabazia futbolean. Are gehiago neurketa parekatuetan. Gaur horretan saiatuko dira Athletic eta Reala, Lezaman jokatuko duten derbian (16:30). Hor ikusten dute hiru puntuak patrikaratzeko gakoa Vanesa Gimbert Athleticeko jokalariak (Bergara, Gipuzkoa, 1980), eta Nuria Mendoza Realekoak (Bartzelona, 1995). Biak dira euren taldeen defentsako buruak.

Zuri-gorrientzat ez da denboraldi erraza oraingoa. Goiko postuetan egotera ohituta, oraingo honetan gertu izan ditu sailkapenaren beheko postuak. Baina, Iraia Iturregiren eskutik, hortik ateratzea lortu dute. Eta, azken partidan Logroñori 2-1 irabazi ostean, arnasa hartu eta mamu guztiak uxatu dituzte. Txuri-urdinei dagokienez, azken bi asteak ez dira errazak izan. Izan ere, taldean agertutako lau koronabirus kasu tarteko, etxean egon behar izan dute. Asteazkenean itzuli ziren, eta apenas izan duten elkarrekin entrenatzeko aukera. Baina Natalia Arroyoren jokalariek azkenera arte egon nahi dute hirugarren postua lortzeko borrokan.

Gimbertek aitortu du sufritu egin dutela. «Ez geunden ohituta halako egoera bat bizitzera eta kudeatzera. Ziur geunden aurrera aterako genuela, baina arriskua hor zegoen». Dena den, txarrenari onena ere atera dio. «Taldeari lagundu dio helduago izaten»

Orain «bolada onean» ikusten du taldea, eta gaurko partidarako «gogoz». Honela aztertu du Reala: «Oso denboraldi ona egiten ari da. Lehen ere bazituen bakarkako jokalari onak, baina egiten ari diren talde lana nabarmenduko nuke, eta duen konfiantza». Beraiei ere egokitu zitzaien etxealdian egotea, eta, eragin apur bat izan dezakeen arren, ez du uste erabakigarria izango denik. «Ez gara fio. Levantek ere irabazi zigun itxialdi batetik irten berritan».

Garbi du nolako partida egin behar duten irabazteko. «Azken partidetan bezala jokatu behar dugu, gu geu izanda eta intentsitatez. Hasieratik joan behar dugu partidaren bila, ez zain egon». Geldikako jokaldietan ere jarri du arreta. «Azken partidetan asko asmatzen ari gara, eta derbien moduko neurketa parekatuetan erabakigarriak izaten dira».

Iraia aulkira iritsi denetik, taldea «lasaiago eta ausartago» jokatzen ikusten du. «Asko azpimarratu digu ez diogula beldurrik izan behar huts egiteari». Teknikaria urte askotan izan zuen taldekide. «Hobetzeko eta lehiatzeko gogoa ez du galdu. Ziurtasun handia transmititzen dizu». Gazteen alde egin duen apustua honela aztertu du: «Ziur nengoen ondo arituko zirela, aurretik ezagutzen bainituen. Baina gehien harritu nauena erakutsi duten nortasuna izan da. Oso berri ona da».

41 urterekin, taldeko jokalaririk beteranoena da. Baina sasoi betean da, defentsan agintzen, eta erasoan ere ekarpena egiten. Lau gol sartu ditu azken partidetan. «Agian, asko hitz egiten da nire sasoi onaz golak sartu ditudalako. Baina, atzelaria izanda, defentsako lanari erreparatzen diot nik, eta jokatu ditut denboraldi honetan azken partidak baino hobeak». Denboraldi amaieran amaitzen zaio kontratua. Jarraituko ote du? «Egia esan, ez dut horretan pentsatzen. Gozatzen ari naiz, eta buruan dudan bakarra denboraldia ahalik eta ondoen amaitzea da, eta orain arte bezala zaintzea eta lan egitea taldeari nire onena emateko».

Hazkundearekin pozik

Mendozari ere orduan amaitzen zaio kontratua. Baina hark ere nahiago du horretaz ez hitz egin eta arreta gaurko partidan jarri, asko dutelako jokoan. Aitortu du itxialdia ez dela erraza izan. «Bagenekien gerta zitekeela. Pena izan da orain ailegatzea. Etxean ere egiten duzu lana, baina ez da berdina. Gainera, lehen egunetan multzo txikitan entrenatu behar izan gara». Hala ere «gogotsu» daudela nabarmendu du. «Asko dugu jokoan, eta derbi bat beti da berezia». Denboraldi osoan zehar, Realak bere jokatzeko erari eutsi dio, aurrean zuen aurkaria edozein izanda, eta horretan jarraitzea funtsezkotzat jo du Mendozak. «Ideiak eta jokatzeko era oso garbi ditugu, eta horrek asko lagunduko digu. Horrekin batera, bilatu behar duguna da bakoitzak ahalik eta sentipenik onenak izatea, eta inoiz baino taldeago izan. Ea fisikoki eusten diogun». Athletic «bolada onean» ikusten du orain. «Ideiak oso garbi dituzte, eta joko zuzena egiten dute erasoan. Hori ondo zaindu behar dugu».

Hirugarren postua lortzea «zaila» dela aitortu du. «Baina, aukera dugun bitartean, borrokatu egingo gara». Izan ere, taldeak «oso lan ona» egin duela uste du. «Erakutsi duen nortasuna nabarmenduko nuke, eta tekniko-taktikoki salto bat eman dugula uste dut, batez ere erasoan».

Eta hirugarren postu horretatik gertuago egoteko zer falta izan zaion galdetuta, ondorengoa erantzun du. «Agian, erregularragoak izatea. Emaitza onak izan ditugu, baina ez dugu bolada on bat kateatu». Dena den, ez dio horri erreparatu nahi izan. «Denboraldiz denboraldi, taldeak hazten segitzen du, eta hori da bidea goiko postu horietan egonkortzeko. Alde horretatik, beste urrats bat egin dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.