Donostiako 66. Zinemaldia. Donostia saria

Pauso laburrez, baina urrutira

Danny DeVito aktore eta zinema zuzendariak jaso du Zinemaldiko Donostia saria. Komediazko hamaika film egiteagatik eta ekoizteagatik da ezaguna. AEBetako gobernua gaitzetsi du agerraldian

Maider Galardi
Donostia
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Aktorea, zinema zuzendaria, ekoizlea, marrazki bizidunen egilea, bikoiztailea... Ongi ezagutzen ditu Danny DeVitok (Neptune, AEB, 1944) zinema industriaren barrenak. 50 filmetan baino gehiagotan parte hartu du, eta Oscarretarako ere izendatu zuten berak ekoitzitako Erin Brockovich filma, 2000. urtean. Urrezko Globoa ere jaso zuen, 1980an, Taxi telesailagatik. Askotariko lanetan aritua da aktorea, baina, batez ere, komiko bat da DeVito, eta askotan izan du aitorpena bere filmetan umorea maisuki lantzeagatik. Hain justu, atzo jaso zuen 66. Zinemaldiko Donostia saria. «Zirraragarria da sari hau jasotzea, sekulako ohorea. Zinemaldia ospetsua da mundu osoan, eta gogo handia nuen hona etortzeko», eskertu zuen aktoreak. Saria jasotzera ez ezik, Smallfoot animaziozko filma aurkeztera ere etorri da Zinemaldira.

Hemeretzi urte zituela hasi zen aktore gisa lanean, eta, ordutik, ez du grina galdu: «Ez nuen sekula pentsatuko honaino helduko nintzenik. Igandeak zineman pasatzen nituen, eta jeloskor nintzen Marx anaiekin; horrelakoa izan nahi nuen. Sekulakoa da oraindik honetan lan egin ahal izatea». Nola lortu duen zinema industrian hainbeste urte irautea? Sekretua egunean egunekoari erreparatzea dela nabarmendu du DeVitok: «Ez dut pentsatzen etorkizunean, nahiago dut pauso txikiak eginez joan, eta arreta unean-uneko proiektuetan jarri».

Lanean 1960ko hamarkadan hasi arren, arrakasta 1978an lortu zuen, Taxi telesail komikoan Louie De Palmaren rola jokatzeagatik. Ondoren egin zuen jauzi Hollywoodera, eta apurka joan zen lekua eginez: «Zeuregan konfiantza izan behar duzu, gogor egin, eta beldurrik ez izan aukerak galtzeari». Hain zuzen ere, Quentin Tarantinoren gidoi bat izan zuen esku artean, baina ez zuen filma ekoiztea lortu. Reservoir Dogs (1992) zen film hura. Hutsegite horri «esker» ezagutu zuen Tarantino, eta hurrengo filma egiteari ekin zioten. Hala, Pulp fiction (1994) pelikula entzutetsua ekoitzi zuen.

Makina bat filmen ekoizlea eta zuzendaria izan da, baina argi du zein den bere benetako ogibidea: «Negozioa bere osotasunean gustatzen zait, baina ni aktorea naiz». Besteak beste, Tim Burtonen Batman-en (1992) eta Big Fish-en (2003) parte hartu du, eta Roald Dahlen eleberrian oinarritutako Matilda-n (1996), aktore lana ez ezik, zuzendariarena ere egin zuen. 2012an itzuli zen telebistara, It's Always Sunny in Philadelphia telesailarekin. Azken urteetan antzokietan ere aritu da, eta aitortu du gustatuko litzaiokeela segitzea: «Jende askorekin egin nahi dut lan, baina gogoa dut oholtza gainera igotzeko». Proiektuak proiektu, argi du zein den bere ideia nagusia: «Unean unekoari erreparatu behar zaio, eta pauso txikiak eginez aurrera egin».

Kritika gogorra AEBei

Hain justu, testuinguruaren garrantzia azpimarratu duenean kritika zorrotza egin dio DeVitok AEBetako gobernuari: «Gure ondorengoei bizitzeko moduko lur bat utzi behar diegu, eta begira gure gobernua zer egiten ari den. Besteak beste, bizkar eman dio klima aldaketari. Bizitzeko herrialde lazgarri bihurtu dituzte AEBak».

Halako «bidegabekerien» aurrean umorearen garrantzia azpimarratu du, eta zinemagenero horren balioa goraipatu: «Izugarri gustatzen zait jendeari irri eginaraztea; zoragarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.