Durangoko 53. Azoka. Gogoetaren Plaza

«Borondatea behar da»

Kattalin Minerrek gidatuta, hezkuntzan euskal kulturaren transmisioak duen egoeraz aritu dira Iratxe Retolaza, Maria Rivero, Pello Ulazia eta Mikel Artola.

Pello Ulazia, Mikel Artola, Maria Rivero, Iratxe Retolaza eta Kattalin Miner, atzo, Durangoko Gogoetaren Plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Irudi bisuala jarri du Iratxe Retolaza EHUko irakasleak. «Nik, ikastetxean, behin baino gehiagotan egin nuen zaldi gainetik salto, gimnasia irakasgaian. Nahiz eta, gerora, nire bizitzan zehar, ez dudan gehiagotan egin». Gimnasiako zaldian nola, euskal kulturaren transmisioarekin hala. «Gihar ariketa baten gisara ulertzen dut nik literaturaren irakaskuntza. Nirehelburua ez da zaletzea edo gozamena sorraraztea, baizik eta trebatzea». Euskal literatura irakasteko eskoletan erabiltzen den metodologia jarri du adibide gisa. «Idazleen biografiak irakasten dira; edo, bestela, liburu bat etxean irakurtzeko eskatzen zaie ikasleei, ondoren, ikasgelan solasaldia egiteko, edo, okerrenean, azterketa bat».

Datuak eta izenak; horietan jartzen da fokua. Argi dio: trebakuntzatik urrun geratzen da, gaur egun, eskoletan erabiltzen den metodologia. Nor bere esperientziatik abiatuta, hezkuntza arautuan euskal literaturaren, bertsolaritzaren, euskal musikaren eta arte plastikoen transmisiori buruz aritu ziren, atzo, Retolaza, Peio Ulazia BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea, Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea eta Maria Rivero musikaria, Gogoetaren Plazan. Kattalin Minerrek gidatu zuen saioa.

Informazioa edo transmisioa; datuak edo gaitasuna. «Kultur transmisioa da kultura interpretatzeko gaitasuna». Errealitatea gordin marraztu du Retolazak. «Sorkuntza ezagutzarako bide gisa aitortzen da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, baina Bigarren Hezkuntzan eten egiten da prozesu hori». Unibertsitateko irakasle izaki, gertutik ezagutzen du Retolazak egoera. «D eredutik datozen ikasleak jasotzen ditugu guk ikasgeletan, eta egoera kezkagarria da oso. Oro har, kultur esparru guztietan gutxitu egin da ezagutza. Hezkuntza arautuak ez dio erantzuten euskal kulturaren transmisioari. Premia dugu horri heltzeko».

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzeko abiatutako Musikariak Ikastetxeetan egitasmoan parte hartu du Riverok, eta 14 eta 16 urte bitarteko ikasleekin hartu emanean aritu da azken hilabeteetan. Egoeraren karikatura egin du, umoretik eta kezkatik, era berean. «Txirula da, hezkuntza arautuan, musikarekin dugun harreman bakarra. Eskolaz kanpoko jardueratzat hartzen da».

Kontzientzia historikoaz

«Nola bermatu, baina, transmisioa?». Erronka jaurti die Minerrek, eta ezagutzaren beharra azpimarratu du Riverok berehala, «ezagutzen ez dena ezin delako maitatu». Gazteekin hartu-emanean aritu denekoaz hitz egin du, eta bi ertz azpimarratu ditu. «Beharrezkoa da kuriositatea piztea, batetik; eta ikasleek, beraien burua sortzaile berri gisa irudikatzea, bestetik. Sormen lana partekatzeaz gain, erakutsi behar dugu ez dela estatikoa, bakoitzak bere prozesua bilatu dezakeela».

Beste erronka bat erantsi dio horri: hizkuntzarena. «Euskaraz dagoen musika eta gaur egungo sortzaileak ezagutzea, eta baita euskaraz ere musika egin daitekeela erakustea; abestu dezaketela eta dantzatu daitekeela erakutsi behar da». Dauden aurreiritziak desegiteko beharraz, ondoren. «Ni Balmasedakoa naiz, eta nire inguruan, sarritan entzun dut 'euskarazko musika ez zait gustatzen' esana. Esaldi horren atzean gatazka bat dago, politikoa, kulturan eragina duena. Horrekin hautsi behar da».

Bat egin du Retolazak. «Atzetik gatoz eta aurrera goaz». Kontzientzia historikoaren galeraz ohartarazi du. «Imajinario berriak transmititzeko zailtasunak ditugu. Duela 30 urteko berak dira. Gaur egun non kokatu behar dugun erabakitzeko balio du, besteak beste, transmisioak». Antzera, arte plastikoen eremuan ere. 1960ko hamarkadako erreferentziak azpimarratu ditu Ulaziak. «Arte plastikoak nortasuna ematen dio kolektiboari». 1960ko hamarkadako mugimendua ekarri du gogora. Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza aipatu ditu, tartean. «Arte plastikoen bitartez, modernitatean sartu zen Euskal Herria. Herritarrek bere egin zuten arte plastikoa». Hala ere, azpimarratu du emakume artistak eta Ipar Euskal Herrikoak prozesu horretatik kanpo geratu zirela. Herrena da, hortaz, errealitatea.

Gaur egun, gizartearen eta artearen artean etena dagoela dio. «Hezkuntza arautuan ez dago inolako transmisiorik». Eta, hutsunetik beharrera egin du jauzi, jarraian. «Pentsamendu kritikoa garatzeko, oso eremu aproposa da arte plastikoena».

Bertsolaritza izan zuen Artolak mintzagai. Derrigorrezko Hezkuntzan, curriculumetik kanpo dago, eta horixe du lehen oztopoa; kontrako norabidea hartu dute, horregatik: bertsolari eta bertsozaleak izan dira ikastetxeetara, bertsolaritza transmititzera, joan direnak. Haien kasua ezberdina da, ez dutelako bertsogintza propio lantzen duen ikasgairik. «Eskolak deituta goaz. Hizkuntzaren ezagutzan eman dezakegunagatik eramaten gaituzte»».

Gakoetako bat eman du Retolazak. «Matematikan ez dugu ikaslea bakarrik uzten, irakaskuntza prozesuan lagundu egiten dugu. Literaturan, bai, ordea. Agian, eskolan taldean irakurri behar da, edo ikasleak eskutik eraman». Baliabideak behar dira, ordea. «Eskolak bakarrik ezin du. Egitura berriak sortu behar dira, irakasleek ez dutelako guztia egiteko denborarik. Curriculumean badago hau dena jasota, baina ez da aplikatzen». Azken ondorioa: «Borondatea behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.