Donostiako 67. Zinemaldia. Donostia saria

«Heroirik ez dugu behar, baina bai erresistentzia egiten dakitenak»

Costa-Gavras zinemagileak jaso du Zinemaldiko lehen Donostia saria. 'Adults in the Room' filma aurkeztu du jaialdian, Giannis Varufakis greziar ministro ohiaren memorietan oinarritutako lana

Costa-Gravas zuzendaria, Donostia saria jaso baino lehen egindako prentsa agerraldian, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Zineman denbora guztian daude pasadizoak. Zer da errodaje bat film batean? Ezerezean mundu bat sortzea. Badugu gidoi bat, grabatzeko leku bat, eta esaten dugu: 'Sor dezagun orain mundu txiki bat, mundu handiago baten barruan'. Une oro dago tentsioa: argiek bere lekuan egon behar dute, kamera bakoitzak bere tokian, aktoreek pertsonaiaren psikologiaren barruan sartu behar dute... Eta hori dena garrantzitsua da. Gertatzen den dena da garrantzitsua». Hogei pelikula inguru filmatu ditu CostaGavrasek gaur arteko ibilbidean, eta, modu batera zein bestera, zehar lerro batek gurutzatu ditu guztiak: auzi politikoak, gatazka sozialak, erdigunean jartzeak. Zinemaldiak haren «zinema konprometituari» aitortza egin nahi izan dio, hain zuzen, aurten. Hala, banatuko diren hiru Donostia sarietan aurrena jaso zuen zinemagileak bart iluntzean, Viktoria Eugenia antzokian egindako galan. Saria banatzearekin batera, haren azken pelikula ikusi ahal izan zen emanaldian: Adults in the Room, Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiak idatzita jaso zituen memorien egokitzapena. «Arrazoi asko tarteko», saria «hunkituta» jaso duela azaldu zuen arratsaldean egindako agerraldian: «Miresten ditudan beste lankide batzuek jaso izan dute aurretik, eta orain nik ere esan ahal izango dut sari bera jaso dudala».

Sortzez greziarra da Costa-Gavras, eta 22 urterekin egin zuen Frantziara (Loutra-Iraias, Grezia, 1933). «Joan egin nintzen ez zegoelako etorkizunik gure belaunaldiarentzat. Eta begira orain ere: 5.000 gaztek alde egin dute lan bila», azaldu zuen. Frantzian, gazte lotu zen zinemagintzara, eta 1965ean zuzendu zuen lehen lan luzea: Compartiment tueurs. Lau urtera zuzendu zuen Z, bere lanen artean aupatu eta sarituenetako bat. Diputatu ezkertiar baten hilketa kontatu zuen filmean, eta arazoak ekarri zizkion sorterrian, atzo gogora ekarri zuenez: «Kendu egin zidaten Greziako herritartasuna. Baina berdin zitzaidan, zeren jadanik Frantzian bainengoen. Grezian jaiotzen den biztanle bat greziarra da beti; hori ezin didate kendu».

Herrialde ugaritatik igaroz, historia hurbilean gori egon diren gaiak landu zituen hurrengo filmetan: Txekoslovakian izandako purga estalinistak (L'aveu, 1971), eta nazien okupaziopeko Frantzian gertatutako epaiketa ilun bat (Section Spéciale, 1975), besteak beste. 1981ean filmatu zuen Missing, Txileko estatu kolpean AEBen Gobernuak izan zuen parte hartzea azaleratu zuen lana. Egun halako film bat egitea posible litzatekeen galdetuta, bizkor eta irmo erantzun zuen zuzendariak: «Egun? Egun ez, ezingo genuke Missing egin, argi dago».

Estutasun errepikakor hori

Film berria Veneziako Zinemaldian estreinatu zuen abuztuan. Varufakisek idatzitako Adults in the Room: My Battle With Europe's Deep Establishment memoria liburua du ardatz: nola saiatu zen Greziako gobernu berria zorra negoziatzen, Eurotaldearen austeritate politikari galga jartzen, eta nola bihurtu zen dena zirkulu itsu eta etsigarri bat. Hasiera batean, arazoak izan zituzten filmaren finantzaketa lortzeko, Michele Ray ekoizle eta zuzendariaren emazteak jende artetik gogora ekarri zuenez: «Pentsatzen genuen koprodukzio bat egitea Alemaniarekin, baina ezinezkoa izan zen. Orain, Veneziatik igaro ostean ere, ez du erosi filma; ukitzerik ere ez du nahi».

Alexandros Bourdoumis (Alexis Tsipras), Christos Loulis (Varufakis) eta Valeria Golino (Danae Stratou, Varufakisen emaztea) aktoreak ere izan ziren atzo Donostian. Hirurak greziarrak izanik, herrialdearen «gertuko historia» kontatzeko Costa-Gavrasek hartutako hautua goraipatu zuten. Loulis: «Saiatzen zarenean gauza batzuen inguruan hitz egiten, herrialde baten bizitza definitzen dutenak, hitzak ez dira nahikoa. Beti uzten duzu zerbait atzean, askotan mingarriena dena. Horregatik diot Costak lan bikaina egin duela liburu hau pantailaratzen, estutasun errepikakor hori erakusten».

«Azken ballet bat» ageri da filmaren amaieran, eta dena, gutxinaka, harantz joango balitz bezala dela aipatu zuen Golinok. Zuzendariak hartutako fikzioaren lizentziak nabarmendu zituen, hain justu: «Ez da film naturalista bat; tonua, musika, milaka lagun jatetxera agertzen direneko eszena... Hori gabe, gai hau ezinezkoa litzateke film bat egiteko, eta agertzen den jendea bizirik dago, gainera. Baina hori du zinemak; gertakari hutsak, kazetarientzat».

Varufakisen liburua atalez atal jaso zuen zuzendariak, eta berehala heldu zion filmaren asmoari.Bere erara lan egiteko «askatasun osoa» izan duela aipatu zuen, betiere, fede guztia jarrita liburuan jasotakoen egiazkotasunean: «Varufakisek oso ondo ulertu zuen Eurotaldean esaten den ezer ez dela idatziz jasotzen; egun batean kontu bat esan daitekeela, eta hurrengoan oso bestelako bat. Grabazioen parte batean erakutsi zidan behin. Pertsona ausarta da, baina ez da heroi bat. Ez dugu heroirik behar, baina bai erresistentzia egiten dakiten pertsonak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.