Literatura rock-and-roll zalea

Nick Tosches kazetari eta idazleak musika kritikarien ohiko estiloa gainditu zuen. Haren dohain literarioen lekuko dira hainbat biografia lan; tartean, 'Hellfire'.

Nick Tosches kazetari, idazle eta poeta, artxiboko irudi batean. BERRIA.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Nick Tosches kazetari, idazle eta poeta iragan urriaren 20an zendu zen, 69 urte zituela. Toschesek musika kritikarien betiko estilo akademiko eta harroa irauli zuen, besteak beste, Lester Bangs eta Richard Meltzer kazetariekin batera, 1970eko hamarkadan Creem edo Rolling Stones aldizkari mitikoetan plazaratutako lana baliatuta.

Newark hirian jaiotako kazetari estatubatuarrak, baina, musika kritikaren mugak gainditu nahi zituen, William Faulkner nobelagiletik eta Bibliatik edaten zuen prosa liluragarria tarteko. Ahalegin horren erakusgarri da 1982an argitaratutako Jerry Lee Lewis musikariari buruzko Hellfire, zeina «inoiz idatzi den rock-and-roll biografiarik onena» izendatu zuten Rolling Stones argitalpenean. The Guardian egunkariak, halaber, pop libururik onena dela argitaratu zuen. Greil Marcus idazle eta musika kazetari estatubatuar prestigiotsua, bestalde, harago doa: «Lehenago edo geroago, Hellfire literatura iparramerikarraren klasikotzat hartuko da». Tosches, hain zuzen, biografia egile bikaina zen, eta Hellfire lanean jasotako dohain literarioak beste biografia batzuetan ere islatu zituen. Besteak beste, Dean Martin aktoreren ingurukoan nabarmentzen da, Dino: Living High in the Dirty Business of Dreams (1992) izenekoan. Haren estilo biografikoa, hain justu, fikziora hurbiltzen den literatur esfortzu itzela da. Ondorioz, Tosches ez da biografo arrunta, haren biografiek ohiko biografia musikal eta historikoak gainditzen baitituzte. Goi mailako literaturaren lurraldera iristen dira, lan rock-and-roll zale amorratuak izanagatik ere.

Kiko Amat nobelagile eta kazetari katalanaren autore kutunen artean dago Tosches, eta aurretik aipatutako bi biografiak bere «santuen izendegiaren» barruan ditu —Tosches elkarrizketatu zuen, Hellfire liburuaren gaztelaniazko itzulpenaren harira—. Haren aburuz, estatubatuarraren biografo lanak fikzioa ukitzen du. «Idazlearen hurbilketa eleberrigilearena da, mitoz eta grinez betea. Ez zen ohiko kultura kazetari bat. Mitomano ero bat ere bazen, bai eta sinestun sutsua ere. Ondorioz, Jerry Lee Lewis eta Dean Martin pertsonaia bibliko bihurtu zituen. Horrez gainera, Lege Zaharrarekin obsesionatuta zegoen. Hala, bere biografietan mitoa, grina, mina eta hiperbolea nabarmentzen dira».

Bere kontakizun biografikoetan ez zion egiari lekurik egiten, istorioaren mesederako izan ezean. Hori dela eta, kronologia eta xehetasun txikiak baztertu egiten zituen. «Garrantzitsuena espiritua da. Estatubatuarrak obsesionatuta daude egiatasunarekin, baina garrantzitsuena Toschesek harrapatzen dituen oinarrizko egiak ziren, zeintzuk alabastroarekin dauden grabatuak. Mugiezinak dira», azaldu du Amatek.

Eszenografoen zehaztasun horiek alboratu ondoren, Toschesen biografietan ezinbesteko mamia baino ez da biltzen. Hori dela eta, haren liburuek ez dute zerikusirik xehetasun biografikoz loditutako ohiko lan mardulekin —Hellfire-k 250 orrialde inguru ditu—. Horri guztiari, gainera, idazteko estilo doia gehitu behar zaio. «Toschesen idazteko modua liluragarria da. Oso zehatza da. Nik zehaztasun espartarra dut gustuko, eta Tosches horretan maisua da. Deskribapen zurrunak egiten ditu. Lau esaldi baino ez ditu erabiltzen, erantzunezinak», azpimarratu du idazle katalanak.

Egintzen gainetik

Hellfire ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokaren inguruko obra da, Jerry Lee Lewisen hesteetan piztutako bataila kartsuari buruzkoa. «Liburu horretan, funtsezkoa kontraesana dagoenean gertatzen da. Barruko guda bat abiatzen denean. Tenkatasuna behar da esparru guztietan, baina bereziki artean», dio Amatek. Piano-jotzaile basatia erruak kiskalitako pertsona baten gisara agertzen da, erru horrekin borrokatuko dena bere ibilbide osoan, eta, norgehiagoka horretan, errautsak bildu eta zabalduko ditu. «Jerry Lee Lewisek uste zuen erre egingo zela, min gordina eta betirako urradura sentitzen zituen bere baitan. Rock-and-rollaren gizon basatia deitzen zioten, bere baitan ez baitzuen induljentziarik. Bere bizitzak borroka moral klasiko eta biblikoaren antza du; bere benetako deabruen aurka borrokatzen den gizon bat da, baina ez nobela txar bateko deabru merkea. Borroka hori oso ondo kontatuta dago». Musikari rock-and-roll eta country zale baten biografia izanagatik ere, literatur lan aparta da Hellfire. Biografia hori idazteko, Jerry Lee Lewisen inguruko dokumentazio lan sakona egin zuen Toschesek, Amati 2016an kontatu zionez: «Ahal izan nuen guztia ikasi nuen, ahalik eta gehiena ulertzen saiatu nintzen, eta, gero, King Jamesen Lege Zaharraren, William Faulknerren eta rock-and-rollaren erritmoekin nahastu nuen».

Dean Martin aktore eta abeslari estatubatuarraren gaineko biografian, berriz, potreta hotza eta argigarria egin zuen Toschesek, ikus-entzuleek zeukaten komikoaren irudia iraultzeko. Frank Sinatra aktore eta abeslariaren parrandakide, Martinen «marmolezko» pertsonaia nagusitzen da Dino: Living High in the Dirty Business of Dreams biografian: «Sinatra Martinen mendekoa zen. Sinatra oso boteretsua zen, baina morroi adeitsu baten gisara jokatzen zuen hala mafiarekin nola Martinekin». Benetako Martinen eta pertsonaiaren arteko muga erabat lausoa zen. «Erdi hutsik zegoen barrutik. Inguruan horma gaindiezin bat zuen. Ez zuen intimitaterik. Ez zen pertsonaia bat, Dean Martin zen une oro, bere min guztiarekin (...) Egun, oso bazterrekoa da, baina bere garaian oso famatua izan zen. Ikonikoa zen».

Izaera humanoa

The Devil and Sonny Liston (2000) eta King of the Jews. New York (2005) Toschesen beste bi biografia azpimarragarri dira. Biak ala biak kirolari lotuak. Lehenengoa Muhammad Ali boxeolari ospetsuarekin borrokatu zen, bai eta galtzaile atera ere. James Brownen musikarekin entrenatzen zen, mafiarekin harremanak zituen eta 40 urterekin hil zen, ustez droga gaindosiak jota. Bigarrena Arnold Rothstein kirol enpresari gaizkilearen ingurukoa da. Toschesen ustez, krimen antolatuaren enpresa egitura sortu zuen. Argi dago Toschesek ez zuela eredu moralik bilatzen bere biografietan, bere xede nagusia liburu bikainak idaztea baitzen.

Toschesek bestelako lanak ere argitaratu zituen. Musikarenesparruan, esaterako, oso ezaguna da 1977an argitaratutako Country: The Biggest Music in America, gero Country: The Twisted Roots of Rock and Roll izenburua hartuko zuena. Country kutsuko musikari aitzindarietan barrena egindako kazetaritza lan aipagarria da, makina bat kondaira eta narraziorekin josia. «Izugarria da. Niri countrya musikalki bost, baina gizon honen eskuetan countrya hazi egiten da: mamuei, hildakoei eta kondenazio eternalari buruzko makina bat istorio biltzen du», azaldu du Amatek.

Tosches, finean, bere lan esparrua hankaz gora jartzen saiatu zen; alegia, rock-and-rolla literaturara gerturatzen, kritika espezializatuaren kateetatik askatzen. Amatek bete-betean asmatu du: «Rocka eta rock kritikariak barru-barruan oso txikia den zerbaitez ari dira, izaera humanoarena den zerbait handiagoarekin lotu ezean. Rocka instrumentu anplifikatuak jotzen dituzten lau tipo baino ez dira; egia esan, ez du batere graziarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.