Ofizialtasunari bultzada

'Gu ere bai' manifestua sinatu eta babestu dute 750 kirolarik, «euskal selekzioek nazioarteko aitortza» edukitzea eskatzeko. Ekintzak egingo dituzte udaberrian

San Mames estadioan aurkeztu zuten euskal selekzioaren aldeko manifestua atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gu ere bai egitasmoa eta manifestua aurkeztu zituen euskal kirolari talde batek atzo eguerdian Bilbon, San Mames estadioan: euskal selekzioek nazioartean parte hartzeko aukera izatea aldarrikatu dute. 750 kirolarik baino gehiagok eman diote babesa manifestuari —kirolariek sinatzeko aukera dute Guerebai.eus webgunean—, eta udaberrian egitasmo horren barruan antolatuko diren ekitaldiak sostengatuko dituzte, «euskal selekzioen eta kirolaren aldekoak izango direlako».

Yaser Hamed (Leioa, Bizkaia, 1997) futbolariak irakurri zuen manifestua gainerako kirolarien izenean, eta hasieratik iragarri zuten asmoa: «Hemen ez gaude ezer berririk aldarrikatzeko, baizik eta euskal herritarrok denbora luzez eskatzen ari garena betetzeko: euskal selekzioen nazioartekotzea. Izan ere, hau ez da gutxi batzuen nahia bakarrik, euskal kirolarien gehiengoa eskatzen ari den errealitatea baizik».

Egitasmoa eta agiria babestu dituzten kirolariek «ziurtasun osoa» dute aurrera eraman behar dela aldarri hori. «Gizarte demokratiko batean gaude, eta horrek esan nahi du 750 kirolarik amets egiten badugu euskal selekzioak nazioarteko lehiaketetan defendatzearekin, horretarako ez litzatekeela arazorik egon beharko». Hamedek Palestinako selekzioan jokatzen du, aita hangoa duelako, baina esan zuen «are zoriontsuagoa» izango litzatekeela jaio zen herrialdearekin gauza bera egiteko modua balu. Bere burua eskaini zuen Palestinaren eta Euskal Selekzioaren arteko partida bat prestatzen «edozer gauzatan laguntzeko, mugarri bat sortu eta jorratzen ari garen etorkizuna gertuago izateko».

Sinatutako manifestua irakurri zuen ondoren: «Euskal Herriak pasioz bizi du kirola, eta gure kirolarien garaipen bakoitza aukera bat izan da, historikoki, herri hau batu eta harremanak sendotzeko», diote kirolariek lehen zatian. «Gure herrian kirolaren bitartez hainbat balio landu eta transmititzen dira: begirunea, parte hartzea, aniztasuna eta integrazioa». Kirola «nortasun kolektiboak sortzeko funtsezko tresna» dela nabarmendu dute. «Munduaren aurrean agertu eta harrotasunerako baliabidea da kirola, nazioarteko ordezkaritza eta gure nazioaren marka erakusteko».

Euskal Herrian azkenaldian izaten ari diren kirol ekitaldi handiei ere egiten diete aipamena agirian: «Ekitaldiok ospe eta hedapen handia daukate, eta hutsune handi bat ikusten dugu: Euskal Selekzioa». Zulo hori betetzeko nahiak gizartean «onarpen zabala» duela diote kirolariek dokumentuan, eta aldarrikatu egin dute euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzea.

«Ez goaz inoren aurka»

Testuaren azkeneko zatian, manifestuaren eta egitasmoaren beste oinarrietako bati egin diote aipamena: «Ez dugu inoren aurka egin nahi, gurea aldarrikatu eta babestu nahi dugu, ez besterik». «Munduaren aurrean gure herria aurkezteko modurik onena litzateke selekzioak lehian ofizialtasunez aritzea, kirolarien garapena bermatuko lukeelako, eta, horregatik, nazioarteko aitortza eskatzen dugu, gure selekzioek jokatzeko eta lehiatzeko eskubidea izan dezaten».

Kirolariek diote hori lortu bitartean lanean jarraituko dutela, haien ekinaldia ez dela geratuko atzoko agerraldian: «Lan diplomatikoa, juridikoa eta kirol mailakoa eginez, etsi gabe jarraituko dugu aurrera». Udaberrian sostengatuko dituzten egitasmoei dagokienez, asmoa agertu dute Euskal Herrian izango diren nazioarteko kirol ekitaldietan aldarrikapenak egiteko; Eurokopa aipatu dute. «Gure ikur eta mezuekin munduari agertu nahi diogu guk ere lehian parte hartzeko eskubidea badaukagula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.