Musika

Armak hartzeko deia

RVG taldeak gitarretan oinarritutako pop indartsua eta mundua gero eta leku ilunagoa dela erakutsi nahi duten hitzak uztartzen ditu bigarren diskoan, 'Feral'-en.

Romy Vager (erdian), eta RVG taldeko kideak. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Ez da ezkutuko kontua Melbourne bilakatu dela rock eta pop independenterik interesgarrienaren sorleku. Mundu osoan sortzen dira artista aipagarriak, baina egia da, era berean, arreta Australiako hirian jarri dela azken urteetan, batik bat Rolling Blackouts CF, Camp Code eta beste talde batzuek jangle gitarrak, New Yorkeko esentzia duen rocka eta melodia bizi eta gogoangarriak berreskuratu dituztenetik. Ez dira mainstream artistak, baina lortu dute zirkuitu alternatiboetan beren lekÞuaÞ egitea, erreferentziak ezkutatu gabe, baina gaur-gaurkoa den musika eginez

 

Talde horretan kokatu beharko litzateke RVG, Romy Vagerrek gidatzen duen banda ere. Orain dela bi urte kaleratu zuen A Quality of Mercy lehen diskoa, eta, lau sosekin grabatua egon arren, bere barnean biltzen zuen energiari eta, batik bat, kantu puskei esker, haziz eta haziz joan zen lana. Diskoan biltzen zituen taldeak bere zaletasunak: Tom Verlaineren eskolako gitarrak, The Go-Betweensen melodia biziak, The Bats, The Chills eta Ozeaniako beste talde batzuek popera gerturatzeko izan duten modu bihurria, eta baita epika soil baterako joera bat ere. Baina erreferentzien gainetik, kantu bilduma paregabea zen A Quality of Mercy, eta Heart Paste, Eggshell World eta Vincent Van Gogh-ek erakusten zuten Vager, egile bikaina izateaz gainera, interprete aparta ere bazela.

Ezustekoa gaindituta, lehenengo diskoan erakutsitako guztia berrestera datorren lan berria argitaratu du aste honetan bertan RVGk: Feral. Funtsean, A Quality of Mercy disko bikaina egin zuten ezaugarriak mantendu ditu Feral-ek, gitarra garbi bezain adierazkorrak, erritmo oinarri bizia, Vagerren ahots berezi eta sailkaezina, baita pop kulturarekiko erreferentziak ere —Little Sharky & The White Pointer Sisters-en, besteak beste, Chrissie Hynde aipatzen dute—.

Aldaketak, izatekotan, soinu landuagoan eta Vagerren hitzetan aurkitu daitezke. A Quality of Mercy, musikaz harago, testu landuengatik eta nortasun handikoengatik nabarmendu zen, eta Feral ez da bide horretatik aldendu. Ikuspuntua da aldatu dena: «Uste dut disko honetan aurrekoan baino itxaropen gutxiago dagoela», aitortu du Vagerrek berak. «Azken bi urteetan mundua leku askoz ilunagoa bilakatu da, eta pentsatzen dut, askori gertatu zaien bezala, kantuak egiteko modua niri ere aldatu zaidala. Ezin dut gauzak ondo joango balira bezala idatzi».

Horretan zerikusia izan ahal du Vager bera emakume trans bat izatea. Alexandra disko berriko lehen kantuan honela dio: «Zatoz astelehen goizean, beharbada hilda aurkituko nauzu. Agian ez duzu nire gorputza topatuko, baina nire burua topatuko duzu moteleko armairuan, edo ohe baten azpian. O, hau da eramaten dudan bizitza. Eta esango duzu 'Etortzen ikusi nuen. Denbora kontua baino ez zen. Janzteko modua. Benetan hiltzeko gogoa izan behar zenuen. Zu bezalako pertsonei sua ematen diete. Haiei begira begiratzea besterik ez dago. O, hau da ekarri duten bizitza'». Vagerrek bere bizipen propioetatik idatzi zuen kantua, baina uste du zentzu unibertsalagoa izan dezakeela: «Komunitate baten barruan izandako jazarpen istorio bat kontatzen du kantuak, baina baztertutako pertsonek jasaten duten jazarpenaren alegoria bat ere bada».

[youtube]https://youtu.be/ywbfiYL6CbA[/youtube]

Feral (Basatia) izenburuak elementu ezberdinei egiten die erreferentzia Vagerrek berak aitortu duenez. Batetik, musikariaren beraren isla da. «Ni neu animalia basati bat bezala sentitzen naiz ia denbora guztian, neure zauriak miazkatzen eta jendeari txistuka. Leku batekoa izan nahi dut, baina arazoak ditut horra iristeko». Bestetik, besteen begietara Vager bera basatia izan daiteke. «Eskuindarrek basati deitzen gaituzte gizarte arazoek edo klima aldaketak kezkatzen gaituztenoi. Alde horretatik, Feral armak hartzeko dei gisa ere har daiteke».

[youtube]https://youtu.be/meCY_cNi9bU[/youtube]

Estudioko lana

A Quality of Mercy grabatzeko, 150 dolar besterik ez zuen behar izan RVG-k, eta taldeak berak kaleratu zuen hasieran, nahiz eta gerora mundura zabaltzeko banatzaile bat aurkitu zuen. Oraingoan, ordea, estudio profesional batean grabatu dute diskoa Victor Van Vugt ekoizlearekin (PJ Harvey, Nick Cave). «Uste dut ulertu duela onena zela kantuak ahalik eta erarik zuzenenean grabatzea». Vagerri berari estudio batean lan egiteak ez dio askorik aldatu, ez bada grabatzeko erritmoa: «Etxean zaudenean, ez duzu inolako presarik, eta, zenbaitetan, alfertu zaitezke, ez duzulako inolako konpromisorik. A Quality grabatu genuenean, adibidez, hilabete eta erdiko eten bat egin behar izan genuen, eta inoiz pentsatu nuen ez genuela bukatuko, beti beste egun baterako uzten genuelako. Estudio batean ezin duzu hori egin, dirua eskatzen dizulako».

Finean, disko bikaina da Feral. Erreferenteak ezkutatu gabe —Hefnerren eta Zebra Hunten pop urduria ekar dezake gogora zenbaitetan—, bide propio bat markatzen duen lana.

[youtube]https://youtu.be/jCge6SwaKSI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.