Futbola, fokuz kanpo

Espainiako Ligak partidako zortzi argazkilari sartu ahal izatea baimendu du, baina kopuru hori ez da aski, Josune Martinez de Albeniz eta Jagoba Manterola fotokazetariek salatu dutenez.

Josune Martinez de Albeniz —goian— eta Jaboga Manterola —behean— argazkilariak. J. M. DE ALBENIZ ETA MAITE RUIZ DE SOLA.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Futbola itzultzear da, koronabirusak gelditzera behartu ondotik. Klubak orain dela hilabete hasi ziren entrenatzen, eta datorren astean berrekingo diote lehiari. Jada aditu daiteke baloi hotsa. Argazki kameren kliskarik, ordea, ez da inon entzuten. Izan ere, argazkilariek debekatua izan dute orain arte entrenamenduetara joatea, eta orain, partidetan egon ahal izateko ari dira borrokan. Espainiako Futbol Liga Profesionalak herenegun eman zuen protokoloaren berri, eta, jasotzen duenez, gehienez zortzi argazkilari sartu ahalko dira estadioetan. Ez da zehazten, aldiz, aurrerantzean entrenamenduetara joaterik izango duten ala ez.

Neurri berriek ez dituzte fotokazetariak gogobete. «Partidako zortzi argazkilarirekin ez da aski. Ez dago denontzat tokirik. Gainera, nork erabakiko du nor sartzen den eta nor ez? Ez dago batere garbi», adierazi du Josune Martinez de Albenizek (Gasteiz, Araba, 1971). Marca kirol egunkariarentzat egiten du lan, eta ez dio zentzurik ikusten Ligak ustez Kirol Kontseilu Gorenarekin batera harturiko erabakiari. «Ez dago lekurik hamabost edo hogei argazkilarirentzako, non eta estadio batean? Ez dut sinesten. Kongresuan sartzeko aukera badago, eta futbol zelai batean ez? Azal diezagutela zergatik».

Antzera mintzatu da Foku agentziako Jagoba Manterola (Irun, Gipuzkoa, 1968). Haren aburuz, koronabirusaren pandemia «kontrola» ezartzeko «aitzakia» gisa erabili du Ligak. «Neurri hauek ez ditu segurtasunagatik hartu. Estadio batean dagoen espazio guztiarekin, eta harmailak hutsik egonik, osasun neurriak inongo arazorik gabe bete genitzake. Nik susmoa daukat informazio grafikoa monopolizatzeko desioa daukala Ligak». Manterolak Sadarreko partidetako argazkiak atera ohi ditu, eta uste du agentzian nabaritu lezaketela murrizketen eragina. «Futbolak lan handia ematen digu asteburuetan. Partidetara joateko aukerarik izango ez bagenu, azkenean lanposturen bat galduko genuke ziurrenik».

Martinez de Albeniz, berriz, txapelketa bertan behera gelditu zenetik ari da kaltea nozitzen. Hiru hilabete igaro dira ordutik, eta denbora horretan zorroan gordeta izan du argazki kamera. «Azkenekoz, martxoan egin nuen lan, Eibarren eta Realaren arteko derbian. Ipurua ondoko pisu batean egon nintzen argazkiak ateratzen. Geroztik ez dut beste ezer egin. Hogei urte daramatzat Marca-rentzat lan egiten, baina autonomoa naiz, eta etenaldia gogorra izan da». Bestelako kiroletan izan lezake irtenbidea, baina ez du horretarako aukera handirik ikusten. «Kirol egunkarietan geroz eta garrantzi handiagoa du futbolak; beraz, zaila da dibertsifikatzea».

Lanerako eskubidea ez ezik, prentsa askatasuna eta informazio eskubidea ere kolokan daude. Hala azaldu du Manterolak. «Guk ezin dugu askatasunez lan egin, eta, hortaz, urratu egiten da irakurleek ondo informatuta egoteko duten eskubidea. Argazkilari gutxi egonda, informazioa beti izango da partzialagoa. Gertatzen ari dena zentsura mota bat da». Orain arte, Ligak eta klubek eskaini dituzte entrenamenduetako argazkiak. Martinez de Albenizek uste du aurrekari arriskutsua izan daitekeela. «Egunkariek doan jaso dituzte argazkiak, eta orain tentazioa izan dezakete formula hori erabiltzen jarraitzeko; argazki gutxi sartzen dituztenek batez ere».

Trabak nonahi agertu zaizkie orain futbolean diharduten argazkilariei, baina aurrez ere bazituzten nahikoa oztopo. Martinez de Albenizen arabera, baldintzak «gogortu» egin dira azken urteetan. «Aurreko denboraldian, adibidez, erantzukizun zibileko asegurua egitera derrigortu gintuzten. Bada, gaixotzen bazara, oso zaila da aldaketak egitea. Dena Ligaren negozioa da». Manterolak ere sumatu ditu aldaketa aipagarriak. «Orain, Ligak jarritako inspektoreak egoten dira gu zelatatzen. Behar ez den tokiren bat zapalduz gero, edo petoa gaizki jarriz gero, 300 euroko isunak jartzen dituzte. Horregatik, uste dut oraingo neurrien atzean asmo ilunak daudela: bota egin nahi gaituzte».

Kalitatea bereizgarri

Fotokazetarien ogibideak aldaketa handiak izan ditu azken hamarkadetan, batez ere teknologiaren eraginez. Gaur egun, edonork atera dezake argazki bat sakelakoaren bidez, eta sare sozialetan eskegi. Kirol ekitaldietan diharduten argazkilariek, ordea, badute bereizgarri bat: argazkien kalitatea. «Material profesionala eta trebetasun teknikoa behar da partida batean argazki onak ateratzeko. Alor oso profesionalizatua da gurea», azaldu du Martinez de Albenizek. Bestalde, Manterolak uste du aurrerapen teknologikoek «azkarrago eta lasaiago» lan egiteko aukera ekarri dutela. «Partida bukatutakoan ez zara eskaneatzen eta errebelatzen aritu behar. Ia momentuan bidaltzen duzu dena». Martinez de Albenizek uste du hori bi ahoko ezpata dela: «Lotuago gaude orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.