Aste Nahasia bakarra dago

Bilboko Konpartsek «programa xumea» prestatu dute Aste Nagusia egitekoa zen egunetarako. Ehunka pertsona bildu dituzte Bilbon herri jaiak aldarrikatzeko

Atzo, Bilboko Konpartsek guztira berrehun pertsona baino gehiago bildu zituzten, herri jaiak aldarrikatzeko mobilizazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Aste Nagusia egitekoa zen egun berean egingo dute, baina ez da Aste Nagusia izango, Aste Nahasia baizik. Izen hori jarri diote Bilboko Konpartsek abuztuaren 22tik aurrera antolatuko duten ekitaldi sortari. Koronabirusaren eraginez, aurten ez da Bilboko jairik izango, baina «ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xume bat» antolatuko dute konpartsek, eta programa horri deitu diote Aste Nahasia. «Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko». Oraingoz, izen hori baino ez dute aurreratu, baina hurrengo asteetan emango dituzte xehetasun gehiago. Iragarpen hori egiteko ez ezik, herri jaien alde mobilizatzeko ere baliatu zuten atzoko eguna konpartsek, eta berrehun manifestaritik gora batu zituen deialdiak, Arriaga plazatik hasi, eta txosnek hartu ohi duten esparruari buelta emateko. Konpartsetako elastikoak jantzita joan ziren gehienak Jaiak bultzatzen! Kultura eta jai herrikoien alde leloa zeraman pankartaren atzean, eta osasun neurri estuen artean, tarteka, jai giroak topatu zuen zirrikiturik.

Pertsona bakarreko bi ilara luzetan egin zuten bidea manifestariek, eta elkarrengandik bi metro inguruko distantzian egon ziren hasieratik bukaerara. Multzo amaieran, ordea, dantzatzeko eta kantatzeko aukera eskaini zioten jendeari tronpeta jotzaile batek, biolin jotzaile batek eta pandero jotzaile batek osatutako hirukoteak, eta bereizita, maskarak jantzita, eta elkarrengandik aparte, baina dantzan eta kantuan aritu zen jendea. Festa gogoz, eta festa aldarrikatzen. Eskuan porru banarekin ibili ziren Altxaporrue konpartsako kideak, esaterako, eta turuta batekin jo zuen baten batek Aste Nagusiko kanta. Osasun larrialdiak ezarritako ezinbesteko ordenan joan ziren pankartak ere ilaretan, bata bestearen atzetik. «Gora jai herrikoiak, sanoak eta guk geuk eginda!». «Elkar zaintzea da jai herrikoien kupela». «Perreoa nahi dugu». «Autogestioa». Oihu batzuk ere izan ziren. «Gora, gora, jai herrikoiak», eta «Jaiak herritik eta herriarentzat» izan ziren ozenen entzun zirenetako batzuk.

Mehatxupean

Berez, Konpartsakide Eguna ospatzekoak ziren atzokoan, uztail erdialdera egin ohi dutenez, baina aurtengoan, koronabirusaren eraginez, mobilizazio bilakatu dute festa eguna izan ohi dena.

«Normaltasun berrian» ere jai eredu «parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko» egin zuten atzoko protesta, zehazki. Izan ere, festak mehatxupean egon daitezkeela zioen atzo konpartsetako kideek irakurritako testuak. «Beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak, debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta alor horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez».

Adibidez, urte arraroa izaten ari dela onartu zuen Ane Suarez Litago Komantxe konpartsako kideak: «Egoera latza da, baina gure borrokak kalean ere egon behar duela uste dugu. Jaiak, auzoak eta herriak jendeak egiten ditugulako, eta ez bakarrik udaletxeek». Aste Nagusia antolatzen aritu beharrean aurtengoan Aste Nagusia moldatzen aritzea suertatu zaiela esan zuen Hau Pittu Hau konpartsako Ainhoa Rivierok, eta berdin aritu behar izan dutela antolatu ohi dituzten bestelako ekintzekin ere: «Ari gara aztertzen ea nola egokitu dezakegun gure ilusio hori egungo egoerara. Guk jaiak antolatzen ditugu, baina kultur eta kirol eragileak ere bagara, eta hori da plazaratu nahi duguna».

Aste Nahasiko programa

Aste Nahasian zer ekintza antolatuko duten zehaztu ez badute ere, antolatutako ekintza guztiek osasun neurriak beteko dituela ziurtatu dute Bilboko konpartsek, eta prebentzio irizpideak betetzeko asmoa ere azaldu dute. Programa «herrikoia» izango dela ere aurreratu dute, eta «feminista, euskalduna, ekologista eta ahal den parte hartzaileena».

«Tristea» da egungo egoera, konpartsetako kideen aburuz, eta pandemiaren ondorioz hil direnak izan zituzten gogoan atzoko aldarrikapenetan, eta lana berreskuratu ezin izan dutenei ere aipamena egin zieten. Baina, egoera hori izanik ere, beharra sentitu dute «ekimen koloretsu eta kolektiboa» sortzeko. Eta bi errealitate horien arteko «kontrastea» irudikatzeko hautatu dute Aste Nahasia izena aurten antolatutako ekintza sortarentzat.

Oraingoz, Aste Nahasirako kartel lehiaketa da abian jarri duten egitasmo bakarra. Uztailaren 30era arte egongo da lanak bidaltzeko epea, eta programaren berri emateko baliatuko dute irabazle suertatu den irudia.

Atzo onartu zutenez, pandemiak «hankaz gora» utzi du konpartsek orain arte egindako lana. Ehunka kide izan dituzte urriaz geroztik aurtengo Aste Nagusirako programa prestatzen, eta bideratzen hasia zuten egitaraua jadanik, martxoan osasun krisiak dena aldatu zuenean. Behin baino gehiagotan saiatu dira geroztik, iaz antolatutako 566 ekitaldiak unean-uneko osasun neurrietara moldatzen, baina bertan behera gelditu dira gehien-gehienak. Bestelako egitasmo sorta berri bat prestatu dute, eta hori izango da, hain zuzen, Aste Nahasiaren muina. Marijaiarik gabe ere, bizirik nahi dute Marijaiaren izpiritua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.