Literatura

Ajea du Bombayk

Hamarkadatan Bombayn gertatutako gentrifikazio prozesuaren isla da Aravind Adigaren 'Last Man in Tower' nobela. Luxuzko etxe orratz bat egiteko eraikitzaile batek bizilagunei egindako proposamenetik abiatzen da istorioa.

Bombayko klase ertaineko auzo batean kokatu du nobela egileak. DIVYAKANT SOLANKI / EFE.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Bombayn higiezinen merkatua negozio serioa da; serioski hilgarria maiz. Lurzorua garesti dago; gizakien bizitzak, ordea, merke. Aravind Adiga idazleak (Txenai, India, 1974) 2011n idatzitako Last Man in Tower (Dorreko azken gizona) nobelaren hasieran, hiriaren ekialdean kokaturik dagoen Vishram elkartea klase ertaineko etxebizitza kooperatibako bizilagunak harro daude beren pukka edo duintasunaz. Garai batean larrosa kolorekoa zen apartamentu dorrea urteek grisaxkatu, eta vakola esaten dieten behe auzoen erdian kokarazi badute ere, oraindik ere klase ertaineko balio bertutetsuen isla dela sinesten dute.

Horrez gain, elkarbizitzari begira, eredugarria da: 1950eko hamarkada amaieran lehen ministro Jawaharlal Nehruren urtebetze egunean bertan inauguratu zutenetik, independentzia garaiko idealismoaren ikur izan da, katoliko, hindu eta musulmanen nahasketa baten bizileku den aldetik. Beren buruak familia handi eta alai baten parte gisa ikusten dituzte bizilagunek. Teorian, behintzat, hala dirudi. Gauzak konplikatu egiten dira, baina, Vishram elkartea kokaturik dagoen orubea interes handikoa bihurtzen denean eta Dharmen Shah eraikuntza sustatzaileak familia bakoitzari 330.000 dolar eskaintzen dizkionean eraikina hustearen truke. Haren tokian,Shanghai izeneko luxuzko etxe orratza eraiki nahi du. Eskaintzak txoratuta utziko ditu gehienak, eta Jainkoak bedeinkatu dituen seinaletzat joko dute. 61 urteko Yogesh Murthy Masterji zientzia irakasle erretiratu alargunak, ordea, kontra egingo dio Vishram elkartea hustu eta eraisteko planari, eta horrek gainerako bizilagunen haserrea piztuko du.

Ameriketako Estatu Batuetako zein Europako finantza erraldoiek babesturiko egitasmoak eredu hartuta, negozio zein komertzio barrutien eraikuntzaren bidez hainbat hamarkadatan Bombayn gertaturiko gentrifikazio prozesuaren isla da Last Man in Tower. «Gurina plantxan bezala, beren ganbera korazatuetako irabaziak urtu eta behe auzoetara zabaltzen ari ziren, aberastuz batzuk eta kiskaliz besteak». Vishrameko bizilagunek lehenengoen artean egotea espero dute, baina baliteke kiskalitakoen artean amaitzea Shahk agindutakoa betetzen ez bada.

Eraikuntza plan berria eragozteko Masterjiren aukerak ez dira handiak, baina Shah berearekin aterako denik ere ez dago argi, bizilagun guztien oniritzia behar duelako lehendabizi. Masterjik duintasuna eta bere emazte zenaren oroitzapenak estimatzen ditu edozeren gainetik, dirua bera barne, bere bizilagunei nekagarria egiten zaien irmotasunarekin. Ez dago argi, halaber, Shah bizilagun guztiak erosteko gai izango ote den, bronkitis kronikoak bereak egin baino lehen. Urteekin aberats egin duten eraikuntza orubeetako hautsak eta zikinkeriak zein gizartean gora egiten ikusi duen hiriko muturreko kutsadurak arnasketa sistema hondatu diote. Handinahiak osasuna suntsitu diola esan daiteke. Bestalde, Bombayko beste hainbat apartamentu dorre bezala, Vishram ere egoera tamalgarrian dago. Inauguratu zutenetik eraikinean ez da berritze lanik egin, eta une batetik bestera kolapsa daiteke, batzuk zein besteak galtzaile utzita.

Shah eta Masterjiren inguruan beste hogei bat lagunen gorabeherak azaltzen ditu Last Man in Tower-ek. Vishrameko bizilagunak eta haien zerbitzariak dira gehienak, hala nola Georgina Rego gizarte langile borrokalaria, Ibrahim Kudwa Interneteko konexio fidagaitza eskaintzen duen kafetegiko jabea, behe auzoetan garbitzaile dabilen Mary eta Ashvin Kuthani kooperatibako administrazio idazkari misteriotsua. Beren buruak pertsona zuzen eta ontzat dituzte guztiek, baina istorioak aurrera egin ahala, barru-barruko desira ilunak, harrokeria, diruzalekeria, inbidia koldarkeria eta antzeko sentimenduak agerian geratuko dira. Presioaren ondorioz, elkarren kontra egingo dute, zenbait kasutan aspaldi gaindituriko tirabirak berriro ere azaleratuta.

Jarrera anbibalentea

Masterji bera ere ez da bilakaera horretatik libre geratuko. Bizimodu hain ona ez dutela-eta dirua onartzeko tentatuta dauden bizilagunei ez ulertzeko edo laguntzeko bere erabaki irmo eta zorrotza zaila da ulertzen askotan. Duintasun printzipio baten ala nagusikeriazko pentsamolde baten ondorio ote da haren jarrera? Neurri batean, Masterji India zaharraren irudia dela esan daiteke, hirurogei urtez agintean egon ostean jazartzaile paternalista bihurtu den independentziako guardia zahar horrena —Nerhu-Gandhi familia politikoarena, alegia—. Hain zuzen, ez da kasualitatea zientzia irakasle ohiaren kontra gainerako bizilagunek buruturiko protestarik nabarmenena Mahatma Gandhiren urtebetetzearen eta abesti abertzaleen testuinguruan gertatzea.

Klase ertainaren hazkundea ahalbidetu duen garapen ekonomikoari begira, jarrera anbibalentea agertzen du Adigaren nobelak. Zenbait azpiegituraren hobekuntzaren eragile izan da, baina, aldi berean, kasta sistemaren desagerpena eta berdintasuna ekarri beharrean, ekonomiaren hedapenak handitu egin ditu klase eta kasta arteko aldeak. Bestalde, aberastasunaren hedapena prozesu inpertsonal bezain erabateko gisa azaltzen du: Shah inguruan ez balego, beste eraikuntza sustatzaile batek hartuko luke haren tokia Vishrameko bizilagunak tentatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.