Musika

Ustekabeko gitarra jotzailearen jeinua

Konposizio ikasketak amaitzen ari zenean ezagutu zuen gitarra Ralph Towner musikariak. Instrumentua «pianoa bezala erabiltzea» da bere asmoa ordutik, eta bide oparoa egin du, bakarka zein taldean. Donostian egingo du saioa, asteartean.

Andoni Imaz.
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ezin esan daiteke ohiko jazz gitarrista denik Ralph Towner (Chehalis, AEB, 1940). Gitarra klasikoa jotzea aukeratu zuen, instrumentu hori Brasilgo musikarekin besterik lotzen ez zenean, eta hamabi sokako gitarrari heldu zion gero; tresna ezaguna zenean folk munduan, baina inork ere ez zuenean jazzarekin lotzen. Ia erreferentziarik gabe, musikariak bere burua hezi du urteetan. 22 urterekin gitarra ezagutu zuen pianista autodidakta —tronpeta eta konposizio ikasketekin— bakarka aritu da musika sortzen, eta zenbait talderekin elkartu da gogoa sentitu izan duenean. Oregon jazz talde entzutetsuko kidea da, eta Donostian ariko da zuzenean, asteartean. Soilik gitarraren soinuarekin bustiko du Viktoria Eugenia antzokia, Jazzaren Nazioarteko Egunean.

Bakarkako 25 disko kaleratu ditu mende erdian, eta beste horrenbeste sortu ditu kolaboratzaile eta taldeekin. Musika modernoaren berrikuntzarekin lotu ohi da haren izena, batez ere Oregon jazz talde akustikoarekin hamarkada luzez egindako lan nekaezinarekin. Townerren bestelako proiektuetan kolaboratu izan duten musikarien artean daude, besteak beste, Gary Burton, John Abercrombie, Egberto Gismonti, Larry Coryell eta Keith Jarrett.

Musikari familia batean jaio zen, AEBetako ipar-mendebaldeko Chehalis herrian, Washington estatuan. Piano irakaslea zuen ama, eta tronpeta jotzailea aita. Familiaren etxean sortutako giroak «esperimentazioa eta adierazpen askea» sustatzen zituen, Townerrek oroitzen duenez. Bera 6 urterekin hasi zen tronpeta jotzen, eta jazzeko tronpeta jotzaile bilakatu zen urte batzuen buruan.

Amak pianoa irakasten zuen etxean, eta horri esker ikasi zuen semeak instrumentua jotzen. Ez amak irakatsita, oso ume «burugogorra» zelako; nahiago zuen amak klaseak eman bitartean paretaren bestaldean adi-adi entzun. «Beti izan dut dohain berezi bat; oso hasieratik aritu naiz konposatzen eta inprobisatzen, naturaltasun osoz». Musika ikasketak egitea erabaki zuenerako musikaria zen Towner.

Musikariaren anaia zaharragoek, Bigarren Mundu Gerraren bitartean jaioak biak, swing musika eraman ohi zuten etxera: Duke Ellington, Benny Goodman eta Nat King Cole. Kantuetan entzundako musika zatiak errepikatzen zituen tronpetarekin, liburuetan ikasten zuenarekin nahastuta, ama pianoan lagun zuela. Berehala hasi zen hiriko talde batzuekin jotzen. «Nire koinatuak baxua jotzen zuen talde batean, eta haiekin jotzera eraman ninduen hotel bateko tabernara, gauerdian. Atsedenaldietan kanpora atera behar izan ninduen, legez kanpokoa zelako ni tabernan egotea», kontatu izan du Townerrek, barreari ezin eutsita.

Oregon abiapuntu

Oregoneko Unibertsitatean eskuratu zuen konposizioko diploma, eta gerora jazzaren munduan mugarri bilakatuko zen talde baten sorrerak ere han du jatorria. Unibertsitatean ezagutu zuen Townerrek Glen Moore baxu jotzailea, eta elkarrekin aritu izan dira musika sortzen duela lau urtera arte. Hiriaren izena hartu zuen Oregon taldeak. Jatorrizko kide batzuek utzi dute jada, baina, 30 disko kaleratuta, taldeak martxan jarraitzen du. 2017. urtean atera zuten 30.a: Lantern.

Jazz abangoardista eta munduko musika lantzen ditu Oregonek, eta Townerrek gitarra klasikoa eta hamabi sokakoa jotzen ditu taldean. Unibertsitatera joan zenean, ordea, ez zituen ezagutzen ez bata, eta ez bestea. Ondo gogoan du unibertsitateko azken urtean ikasle bat ikusi zuela gitarra klasikoa jotzen, eta orduan piztu zitzaiola interesa instrumentuarekin. Trebezia eskuratzeko asmoz, behar adina diru bildu, eta Vienako musika akademiara joan zen, bi musika pieza ikasita, Karl Scheiten ikasle izateko prest. «Ez nuen ia ezer jaten; egunean bederatzi edo hamar orduz jotzen nuen gitarra, astean zazpi egunez; hala, urtebetez».

AEBetara itzulita, jazz pianista moduan aritu zen lanean, nahiz eta gitarra ere jotzen zuen noizean behin. Brasilgo musika besterik ez, ordea. «Beti bossa nova jotzen, nire teknikak okerrera egin zuen». Beste urtebeterako itzuli zen Vienara, «arreta gehiagorekin ikasi» eta instrumentua bere egiteko helburuarekin.

Ez zen ohikoa jazz musikariak gitarra klasikoa jotzen ikustea, eta Townerrek berak pianista moduan ezagutu zuen gehiago New Yorkeko musika eszena. «Etengabe aritzen ginen taldeak eta jendea konbinatzen; guztiok inprobisatzen genuen elkarrekin». Instrumentu batek mundu oso bat zabaldu zion berehala, bestearekin aurrera egitea lortzen ez zuen bitartean, baina Townerrek lotura zuzena egiten du pianoaren eta gitarraren artean bere musikan: «Nire asmoa zen pianoa bezala erabiltzea gitarra, helburu berarekin: instrumentuaren gaineko erabateko kontrola».

Sei edo hamabi soka izan, azkenean gitarrak egin du ezagun musikaria. Duela bi urte kaleratu zuen My Foolish Heart bakarkako diskorik berriena, ECM diskoetxearekin, bere lan guztiak bezala. Gitarra klasikoarekin esperimentatzen jarraitzen du 79 urte bete berritan, hatz puntekin soinu berrietara iristeko.

KONTZERTUA

Non: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Noiz: Asteartean, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.