Literatura

Egungo Hegoafrika gogoan

Beltza, emakumea eta lesbiana. Bere errealitatetik idatzi du Koleka Putumak 'Collective Amnesia' poema liburua. Alemanera eta gaztelerara itzuli berri diote.

Putumaren liburua Hegoafrikan gehien saldutako poesia lana bilakatu da. Hamaika aldiz berrargitaratu dute bi urtean. ANDISWA MIKOSI.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aske Jaiotakoen Belaunaldikoak. Hala deitu izan zaie apartheid osteko Hegoafrikan jaioei. Belaunaldi horretako idazleen lanetan ageri den Hegoafrika, baina, arrazakeriaz, identitate krisiz eta indarkeriaz betea dago. Baita Koleka Putumaren (Lurmutur Hiria, 1993) poesia ere. «Nahi dut/ norbaitek begira diezadan/ eta maite nazan/ zuriek Mandela/ begiratzen/ eta maitatzen/ duten/ eran», idatzia du bere poemetako batean. Esaldi bakarreko alean, berriz: «Ez dut hil nahi/ eskuak gora/ edo/ zangoak zabal». Hiru ordutik behin emakume bat hiltzen duten herrialde hartan —«demokrazia kapitalista» deitu ohi dio—, senide askoko familia kristau batera jaio zen idazlea.

Putumak 14 urterekin izan zuen lehen harremana literaturarekin, eskolan, rap kanta bat idatzi zuenean; ordutik, oholtza gainean ahoskatzeko hitzak sortu ditu. «18-19 urterekin hasi nintzen nire poesia beste batzuei erakusten, mikro aurreko saioetan, irakurketetan». Antzerki eskolan sartu zenean hasi omen zen pentsatzen nolako ahotsa nahi zuen izan artista gisa. Hala, antzerkigile gisa nabarmendu da, hainbat sari jasoz arlo horretan. Slam poesiagile gisa ere bai. Jendaurrean testu propioak hiru minutuz aurkezteko eta entzuleek onena aukeratzeko lehiaketak dira Slam norgehiagokak. Hegoafrikako txapelduna da Putuma.

Duela bi urte eman zuen lehen liburua: Collective Amnesia (Amnesia kolektiboa). Hiru ataletan dago banatuta lan hori: Memoria heredatua da lehena; Memoria lurperatua bigarrena; eta Post-memoria hirugarrena. «Apartheid osteko Hegoafrikan bizi den emakume, beltz eta queer gisa bizi izandako esperientziez mintzo naiz liburuan, baina ez horretaz bakarrik». Familiarekin eta norbere buruarekin eraikitako harremanez, erlijioaz, maitasunaz, heriotzaz eta galeraz ere ari da. «Eta kolonialismoaren zeharkako kalteez».

Jarryd Kleinhansek egindako hiru bideorekin —atal bakoitzeko bat— lagundu zuen Putumak bere opera prima-ren argitalpena, paperean idatzitako hitzen dramaturgia aldarrikatze aldera. Inor ez zuen harritu, antzerkiak liburuek baino gehiago erasan izan diotela errepikatu izan baitu beti. Horregatik, akaso, poesia performatuaren eta poesia idatziaren arteko mugak ez ditu sekula izan oso argi: «Slam poesia eta spoken word poesia moduko kontzeptuek gatazka sortu izan didate, poesia idatziaren eta poesia esanaren arteko dikotomia faltsu bat markatzeko bide eman dezaketelako. Poesia idatzia, jakina, tradizioarekin, zuritasunarekin eta ikasketa maila jakin batekin lotu ohi da». Poesia esana, aldiz, joera politiko nabarmenekin, ez-zuriekin, sumindurarekin eta intelektualitate maila xeheagoarekin, Putumaren ustez. «Nire testuak txar amorratuak direla uste dute aditu batzuek; beste batzuek diote nirea ez dela poesia, beste zerbait baizik. Niri bost». Hegoafrikako Rhodes eta Stellenbosch unibertsitateetan ikasgai bihurtu dituzte haren testuak, hala ere. Baita Goteborgeko unibertsitatean ere, Suedian.

«Zure kuraia zor diezu zure ametsei». Esaldi horrekin agurtu du Putumak Twitter herria Amnesia kolektiboa argitaratu zuenetik, 2017an. Ordutik, 11 aldiz berrargitaratu diote, eta ia 6.000 ale saldu ditu jada. Kopuru izugarri ona da hori Hegoafrikako literatur sisteman —200 eta 500 ale artekoak izan ohi dira poesia liburuen edizioak—. Fenomeno bilakatzeraino. Iaz Afrikako Poesiaren Glenna Luschei saria jasotzeraino. Beste hizkuntza batzuetara jauzi egiteraino: alemanera eta gaztelaniara itzuli berri diote ingelesetik, eta danierazko itzulpena ere iragarri dute datorren urterako. Forbes aldizkariak 30. postuan sailkatu du Afrikan eraginik handiena duten gazteak zerrendan. Halakoen aurrean tentuz jokatu behar dela nabarmendu izan du poetak: «Gure ahotsak darabiltzate beren agenda sustatzeko. Buruargitasun handia eskatzen du egoera honek».

Itzultzailearen zailtasunak

Arrate Hidalgok itzuli du gaztelaniara Amnesia kolektiboa, Laurence Schimelekin batera. Lehendik ere arituak ziren elkarrekin lanean, Makhosazana Xabak prestatutako Like the untouchable wind (Haize ukiezina nola) poesia antologia gazteleratzen.«Laurencek eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar. Lan hau itzultzea proposatu zidanean, eta irakurri nuenean, poema liburu oso potentea iruditu zitzaidan. Oso kokatuta dago idazlearen identitate politikoan. Uste dut liburu horretan dauden poemek poesia maitatzeko bidea zabal dezaketela».

Ez, Hidalgok ez zuen lehendik ezagutzen Putumaren lana. Itzuli ahala ezagutu du. «Zerk hunkitu nauen gehien haren poesian? Bere burua hainbeste erakutsi izanak eta hain politikoa izateak, uste dut. Aktibista, politiko ageri da, egungo Hegoafrikaren testuinguru historikoaren kontzientzia osoz; baina, aldi berean, kontu erabat pertsonalak aipatzen ditu. Koleka Putumaren bizitza zati oso bat hor dagoela esango nuke, nahasketa horretan».

Nahasketa horretan, poetaren ahozkotasunerako joera ere sartzen da, Hidalgok nabarmendu duenez. «Bere poesia interpretatiboa da; boz gora esateko sortua da; bereziki, erritmoarekin eta kadentziarekin esateko». Horrek zailtasun erantsia ekarri dio itzulpen lanari: «Jatorri hizkuntzan daukan erritmoa itzulpenean ez galtzea, hori izan da lanik zailena niretzat».

Azkenik, Afrikako ahotsekiko begirada du aipagai Hidalgok: «Nork irakurriko duen eta zenbateraino edukiko dituen irekita begiak, irakurketa aldatuz joango da. Batzuk harritu egingo ditu. Gurasokeria handia dago, eta halaxe uzten gaituzte aldiro halako lanek, jo eta ma. Kolonialismoa indarrean dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.