Literatura

Minak irentsitako lurraldean

Ipar Irlandako gatazkan kokatu du Colum MacCann idazle irlandarrak 'Everything in This Country Must' ipuin bilduma, istorioak jende xehearen egoeretan ardaztuta

Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko mugan dagoen Mullan Village herrixkako irudi bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Colum McCann-en (Dublin, 1965) Everything in this Country Must (Herri honetako guztiak behar du, 2000) bildumari izena ematen dion ipuin luzea abiatzen denerako, Katiek 15 urte dauzka, eta dagoeneko nahikoa ohituta dago baserriko lanetan aitari laguntzera. Bere begiradak gidatzen du kontakizuna, eta hari esker daki irakurleak gaurkoa ez dela egun arrunt bat. Ohi ez bezala egin du euria azken egunetan, eta, ondorioz, ibaiak gainezka egin du. Sorotik etxerako bidean, zaldia eta gurdia ibai horretan bertan trabatuta geratu dira, ez aurrera ez atzera egin ezinda. Tragediaren eraginez, denbora mantsotu egin dela iruditzen zaio Katieri; ez du ematen aitari zaldi preziatua—baserriko bakarra, sororako zein garraio kontuetarako ezinbestekoa, aitarentzat seme baten modukoa, baina ez aurrez galdutako semea bezalakoa— inoiz ateratzerik lortuko duenik. Bestelako inpresioa jasotzen du irakurleak gertakizunaren inguruan; hain azkar jazotzen dira gertakariak, orduak minutuak direla ematen baitu: zaldia eta gurdia ibaian trabatuta; aita zaldia salbatu nahian, bietan baliotsuena; konturatzen direnerako, gaua da. Arratsaldeko lehen orduak ziren ibaia zeharkatzen hasi zirenean.

«Ibaiertzean eseri zen aita, eta gauza bera egiteko eskatu zidan. Amatxo eta Fiachraren hilkutxen gainean zegoenean baino tristura handiagoa nabaritu nuen aitaren ahotsean; Glen parean armadaren kamioi batek jo eta bertan hil zituenean baino tristura handiagoa; epaileak 'inor ez da erruduna, tragedia bat besterik ez da' esan zuen eguneko eta jarraian etorriko ziren egunetakoa baino tristura handiagoa». Ama-semeen heriotza «aspaldi» jazo zela esaten den arren, agerikoa da gertaera gogoratzen duten horiek oinazetu egiten dituela oraindik. Irlanda bitan banatzen duen mugaren inguruko landaeremuan jaio eta hazitako gainerako gizonen antzera, hitz gutxikoa da aita. Sentitu eta pentsatu egiten duen hori, bere kolkorakogordetzen du. Emaztearen eta semearen galerak bere barruanare gehiago ez ote zuen itxiarazi pentsatzen du irakurleak, Katieren gogoeten inguruan. Eta orain, zaldia ere galtzearen aukeradela-eta, behera datorrela ematen du.

Egoerak gaindituriko aitak erakutsi ezin duen lasaitasunaren jabe da Katie une oro. Aitaren mina ulertu arren, heriotzara aspaldi ohitu denaren soseguarekin jarraitzen ditu berak gertaerak. Haren begietan, naturaren parte da hiltzea, bizitzea bezala, «herri honetan guztiak behar duenez». 15 urte besterik ez du, ordea; gazteegia da tragediarihalako atxikimendurik eza erakusteko, eta horrek zerbait adierazten du bera eta bere aita bizi diren lurraldearen gainean. Hain ohikoa, hain arrunta izan behar du indarkeriak lekukoengan zirkinik ez eragiteko.

Soldaduen bisita

Etsipenean erortzear direla, argi batzuk antzeman dituzte Katiek eta aitak ondoko errepidean, haiengana doan norabidean. Baliteke egunak tragedian ez amaitzea, azken batean. Lasai hartzen du arnasa aitak, baita irribarre egin ere etorri berrien aurrean. Segundo kontua baino ez da, baina aitari bisaia aldatzen zaiola antzematen du alabak, eta haren ahotik agindua baino gehiago desesperazioak jotako deiadarra ematen duena entzuten du: «Bota ezazu, Katie, mesedez, bota ezazu. Utziozu itotzen». Esku artean duen soka, denbora honetan guztian zaldia itotzetik libratu duena, askatzeko eskatzen ari zaio. Britaniar soldaduak dira gelditu berri den kamioiko bidaiariak, orain haiengana pauso irmoz zuzentzen ari direnak. Sei dira guztira, «arma eskuan eta kaskoa buruan». Zaldiarekin laguntzera datoz, samariar onen legez, edo auzotar lagunkoi batek egingo zuen bezala. Baina soldaduak ez dira auzokoak —kanpotik datoz—, eta haien presentziak ez du karitatezko lanekin inolako loturarik lurralde honetan. Bitan pentsatu gabe uretan sartzen da haietako bat, arriskuaren jabe egin gabe edo inportako ez balitzaio bezala. Uraren korrontea bizia da; zaldia bera izututa dago. Ez, ordea, soldadua; bestelako egoera batean baserritarra tokiko susmagarritzat joko lukeen arren, haren zaldiagatik bizitza arriskatzeko prest baitago, aitaren harridurarako. Eta lortzen du zaldia ateratzea, eta aitak ezin du eskerrik asko esan. Katiek egiten du hori haren ordez, baita soldaduak etxera gonbidatu ere zerbait har dezaten, zerbaitetan lagundu dutenei zor zaien abegikortasuna erakutsita.

Baina lurralde honetan gutxitan egoten dira kanpotarrekiko abegikortasuna adierazteko aukerak, eta daudenean ere tentuz ibili behar du batek. Aita ez dago alabaren keinuarekin pozik, eta hitzik ez du esaten bisitariek tea hartu bitartean. Soldaduetako batek alabarekiko agertzen duen gehiegizko konfiantzak sutu egiten du halako batean, eta azalpenik eman gabe bota egiten ditu denak bere etxetik, ongi etorriak ez direla argi utzita. Handik gutxira aitak ere alde egiten du eskopeta eskuan.

Katie bakarrik dago etxean, eta horma-erlojuaren soinua besterik ez da entzuten orduak ematen duten minutuak markatzen. Soldaduak hiltzera aterako ote zen aita?, pentsatzendu irakurleak. Handik gutxira,bila zebilen erantzuna antzematen du Katiek «harrian zizelkaturik zegoela ematenzuen [aitaren] aurpegian». Aurrerantzean, zaldirik gabe moldatu beharko dira baserriko lanak egiteko. «[...] Eta nik leihoaren ondoan zutik jarraitu nuen... eta kanpoan euria goitik behera ari zuen oraindik, bat,bi, hiru, eta pentsatu nuen:'A zer zeru txikia hainbeste eurirako'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.