Musika

Elektronikaren historiaurrea

Jon Savage idazle eta musika adituak 'Do You Have The Force?' izeneko bilduma bat argitaratu du, 1978-1982 arteko elektronika, disco eta techno musika jasotzen duena.

Savageren Do You Have The Force diskoa eta poster bat. BERRIA.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun

Jon Savage (Londres, 1953) kazetari eta idazle britainiarra aditua da XX. mendeko kulturaren historian. Bere ibilbidean, besteak beste, nerabeen kultura, punkaren sorrera eta garapena, eta 1960ko pop kulturaren leherketa landu ditu, Teenage: The Creation of Youth Culture (Nerabea: Gazte kulturaren sorrera); England's Dreaming: Sex Pistols and Punk Rock (Ingalaterraren ametsa: Sex Pistols eta punk-rocka), eta 1966: The Year the Decade Exploded (1966: Hamarkadak eztanda egin zuen urtea) saiakeretan, hurrenez hurren. Horri lotuta, dokumentalen eta telebista saioen gidoilaria ere bada —aipatutako liburuetatik abiatuz dokumentalak egin dira, eta alderantziz ere bai—. Savagek, baina, badauka beste alde ezezagunago bat: disko bildumak zuzentzen ditu, historiako garai jakin bati lotuak edo gai jakin baten ingurukoak, betiere. Aurten landu duen bilduma interesgarrienetako bat da Caroline True Recordsek plazaraturako Do You Have The Force? (Jon Savage's Alternate History of Electronica 1978-82). Bilduma bikoitz horretan, elektronikaren, discoaren eta technoaren historiaurrea jorratu du, hamalau doinuren bidez.

 

Savageren aburuz, punka gauza berritzailea eta apurtzailea izan zen bere hastapenetan, baina diskoetxe handiek azpikulturako fenomenoen inguruan garroak zabaldu zituztenean, aspergarria eta errepikakorra bihurtu zen. Ondorioz, idazleak etorkizunean paratu zuen begirada, hau da, synth-popean, elektronikan eta dantzaren kulturan. Izan ere, 1977an Donna Summerren eta Giorgio Moroderren I Feel Love eta Spaceren Magic Fly kantuekin maitemindu zen. «Sasoi hartan entzuten ari nintzen Bowieren eta krautrock diskoekin lotu nituen; niretzat etorkizuneko soinuak ziren. Jakina, 1977ko udan, punka jada ez zen hori».

Halaber, sasoi hartan, elektronika punka baino askoz ezezagunagoa eta undergroundagoa zen. Horren erakusgarri da elektronikak prentsan zuen oihartzun eskasa, rockaren ikuspegi ortodoxoarekin lotura txikia baitzuen. Savagek berak punketik urruntzen ziren DJ saioak egiten zituen Manchester hiriko Hacienda areto ospetsuaren hasierako urteetan. Afrika Bambaataa, Suicide, Soft Cell, A Certain Ratio eta Peech Boys jartzen zituen, hala nola. «Orduan ez zen inor joaten Haciendara; beraz, oso undergrounda zen. Agian ez zen inor bertaratzen nire DJ saioengatik, baina tira, hori beste kontu bat da...».

Savagek zale baten grinaz eraikitzen ditu bildumak. «Gustuko dudalako egiten ditut. Material hau atsegin dut; agian beste norbaiti ere gustatuko zaio». Halere, hutsune eta interesguneak detektatzen saiatzen da bildumak jostean, zentzu handiagoa har dezaten: kantu ezezagunak bilatzen ditu, bertsio bitxiak lehenetsi... Jarduteko modu sinple horri jarraituz, iTunes baliatzen du kantu zerrendak egiteko. Zerrenda horiek entzun, eta, funtzionatuz gero, Caroline True Records diskoetxera, ACE Recordsera edo Heavenly zigilura bidaltzen ditu, grabazioen estilo eta giroen arabera.

Lagun bati edo amorante bati eskaintzeko asmoz etxean grabatutako kasete baten espiritua gordetzen dute Savageren bildumek. Hori dela eta, haren nortasunaren trazak eta konexio emozionalak antzeman ditzake entzuleak; esaterako, Do You Have The Force? izendatzen eta irekitzen duen The Droidsen (Fabrice Cuitad eta Yves Hayat) doinua Manchester hirian gauez gidatzen ari zela entzuten zuen idazleak, eta diskoan jasotako kantu gogokoena du. «The Droids maite ditut, hain dira makalak. Gustatzen zaidan guztia daukate: xalotasun hori, teknologiarekiko optimismo dibertigarria, eta biziki gustatzen zait sintetizadore analogiko horien soinua. Hotza eta epela da, aldi berean». Eurodisco estiloko soinua da, dantzalekuetako zorua zanpatzeko aproposa. Star Wars filmaren eraginak gordetzen ditu: laser pistolak eta R2D2 robotaren soinuak entzuten dira.

[youtube]https://youtu.be/VQVhFxGZ3Nc[/youtube]

Bestelako planeta eta galaxien harira, bildumaren lehenengo diskoan space disco edo espazioko dantza erritmoak nagusitzen dira. Sylvia Love (mauritaniar jatorriko Chantal Pierre, Frantzian edo Erresuma Batuan jaioa) abeslariaren ekoizpena espazioarekiko obsesio horren lekuko da; adi izenburuari: Extraterrestial Lover. Kantu aparta da; oinarri errepikakor eta dantzagarrietatik, instrumentazio pasarte hipnotikoak eta exotikoak loratzen dira. Klub bat hankaz gora jartzeko ahalmena dauka.

[youtube]https://youtu.be/UAG2QX9TvTM[/youtube]

Bidaia futurista

Bildumako bigarren diskoak, baina, lekua egiten die soinu paisaia ilunagoei; dantzarako espaziontziak planeta misteriotsu batean lur hartu duela dirudi. Hala, minimalismoan oinarritutako errepikapenak, erritmo industrialak eta post-punk giro itzaltsuak marrazten hasten dira: BGM japoniarren And, Konrad Becker multimedia artistak abiatutako Monoton egitasmoaren Shortwavetransmission, eta The Sea of Wires britainiarren hamabi minutuko Seascape ambient pieza, besteak beste.

[youtube]https://youtu.be/BBJgmQ0nkws[/youtube]

Halere, bidaia teknologiko eta futurista hori festa giroan bukatzen da, Mexikon argitaratutako hamabi hazbeteko batean jasotako Homenaje a Patrick Cowley nahasketa tarteko. Cowley elektronikako konpositore eta ekoizle aitzindaria izan zen, baita dantzarako kultura hauspotu zuen gay komunitateko kidea ere. 1982an zendu zen hiesak jota. «Gaixotasunak eragindako goi mailako lehen heriotzetako bat izan zen». Amaiera bizizalea da, batez ere Cowleyk gidatutako Sylvester proiektuaren Do You Wanna Funk klasikoaren emakumezko ahots beltza sartzen denean.

[youtube]https://youtu.be/KAuEnMfp2Vs[/youtube]

Cabaret Voltaire, The Flying Lizards eta Suicide dira bilduman parte hartzen duten beste izen ezagun batzuk. Alan Vega eta Martyn Rev bikote suizidaren Mr. Ray klasikoa aukeratu du Savagek. Suicideren bigarren diskokoa da, eta erritmo «obsesibo» eta «klaustrofobikoetan» sostengatzen da. Suicidek 1978an, The Clash taldearekin batera, Ingalaterran barrena egindako bira batean bizitako gertakari batean oinarritzen da: poliziak Vega haxixa edukitzeagatik atxilotu zuenekoa. «You're goin' down, to jail town» (Jaitsiko zara, hiriko kartzelara), dio Vegak hitzetan.

[youtube]https://youtu.be/fDHco20dQGY[/youtube]

Do You Have The Force? elektronikaren eta dantzarako kulturaren historiaurrean sakontzeko aitzakia da, baina goi mailako DJ saio sendo bat ere bada, 80 minututan tarte alienatuak eta dantzagarriak tartekatzen dituena, distopia eta etorkizun baikorra aurrez aurre paratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.