Melodia hauskorren xarma politikoa

AEBetako Beat Happening taldearen diskografia osoa eta taldearen inguruko argazki eta bestelakoak biltzen dituen argitalpen bat eman du Domino etxeak. Haien punk izaera eta izandako eragina nabarmendu dituzte Lopezek eta Bassmatik.

Calvin Johnson kantaria, 2004ko abuztuko irudi batean, Portlandeko antzoki batean (AEB). DANNY NORTON.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Domino diskoetxeak Beat Happening talde estatubatuarraren diskografia osoa bildu eta argitaratu du 2019ko hondarrean, We Are Beat Happening. Aurretik CD formatuan plazaratua izanagatik ere, oraingoan LP formatuan datoz hirukoteak grabatutako disko guztiak, eta taldearen biografia zabala biltzen duen 36 orrialdeko liburutzar koloretsua, argitaratu gabeko argazki, dokumentu eta artelan ugarirekin jantzia. Kaxak, halaber, Music to Climb the Apple Tree By lan bikoitza ere badakar, hainbat harribitxi biltzen dituena. Grabazio guztiak Frank Arkwright teknikariak birmasterizatu ditu, Abbey Road estudio ezagunetan: guztira, bost disko ofizialak eta B aldeak, zuzenekoak eta bestelako bitxikeriak biltzen dituen bilduma bikoitza. Emaitza osoa da, AEBetako eta planetako eszena independente undergroundean eragin infinitua izan duen talde baten ibilbide musikala eta politikoa biltzen baitu.

Beat Happening 1982an eratu zen, Washington estatuko Olympia hirian. Calvin Johnson, Heather Lewis eta Bret Lunsford musikariek, Velvet Underground eta post-punk taldeetan —besteak beste, Young Marble Giants eta The Marine Girlsen— oinarritutako pop minimaleko eta fideltasun baxuko talde bat eratu zuten, Japoniara joateko helburuarekin. Eta Japoniarako bidaia gauzatu zuten, baina, era berean, K Records diskoetxea abiatu zuten, eta punk filosofian sustengatutako pop amateur iradokitzaile eta iraultzailea fakturatu zuten, zaleen arreta irrazionala eta grinatsua bereganatzeraino; tartean, Fugazirena eta Kurt Cobainena. Taldearen itzalak oraindik badirau, baina gurean, musikalki behintzat, ez da hainbestekoa, taldearen zaleak asko izan arren.

Giorgio Bassmatti musikari donostiarrak, esaterako, Calvin eta lagunak izenburuko kantua grabatu zuen Oso Fan egitasmoaren 21':44'' diskoan, 2017an. 20 urte inguru zituela erosi zuen You Turn Me On, Irungo Bloody Mary dendan, Beat Happeningen azken diskoa, 1992an argitaratua. Hirukote estatubatuarrak emozio «izugarriak» transmititzeko duen gaitasuna azpimarratu du Bassmattik, «birtuosismotiketa soinuaren garbitasunetik harago». Analogia esanguratsua egin du, halaber, futbolarekin: «Beat Happening Txapeldunen Ligako Liverpool izango litzateke». Zutik jotako bateria bat, «Moe Tucker edo Bobby Gillespieren antzera», soka bakarra jotzen duen gitarra bat eta ahots errepikaezina, «tonuen zulo abisalean modulatzen dakien ahotsa». Horren guztiaren emaitza «munduko talderik onena da» Bassmatirentzat.

Susa argitaletxeko editore Leire Lopez ere Beat Happeningen jarraitzaile sutsua da. «Beat Happening hogeita gutxi urterekin deskubrituko nituen. Gauza asko interesatzen zaizkit haien musikatik. Melodia deskatxarratuak, kantatzeko modu desafinatu hori, baina hain afinatua beste batzuetan, Calvin Johnsonen ahotsa, eta Heather Lewisena ere bai, bateria minimo horiek. Kantuak edozein momentutan apurtu daitezkeen sentsazioa».

Punk jarrera

Hala Lopezek nola Bassmatik bat egiten dute pop taldearen punk trazetan, punka jarrera politiko gisa ulertzean. «Ziurrenik haien punk izaera da gehien interesatzen zaizkidan gauzetako bat. Popa ere punka izan daitekeela ikasi nuen haiekin. Punkak ez duela zertan izan estilo zurrun bat, eta punk zurrunen aurrean pop kontzertu bat ematea oso punka dela. Zure diskoak eta lagunenak argitaratzeko diskoetxe bat sortzea oso punka dela. Behetik eraikitako komunitate musikal autogestionatu bat bultzatzea oso punka dela. Melodia ederrekin bultzatuta ere. Egiteko moduetan dagoela punka, edo interesatzen zaidan politika. Beat Happeningen agertokian egoteko modu ez matxoa oso politikoa da, baita haien argazkiak ere, taldea bisualki erakusteko modua oro har», azaldu du Lopezek.

Bassmatik, halaber, Donostiako talde batekin lotu du Beat Happeningen ekarpena: «Erakutsi zigun popa punka dela konposizioan; 1990eko hamarkadako pop doinuekin alderatuta Aventuras de Kirlian izan zen bezala, punka popa zela, garai hartako soinuen kontraste gisara. Erakutsi zigun garaje bat Wembley estadioa izan zitekeela munduaren inguruan daukazun ikuspegi partikularra jendeari helarazteko».

Eragina, zeharkakoa

Beat Happeningek euskal musika eszenan izan dezakeen eraginaren harira, bi elkarrizketatuek antzeko erantzuna izan dute; alegia, Johnson eta lagunen itzala nabarmenagoa dela egiteko moduetan, jotzeko maneretan baino. Halere, biek ala biek azpimarratu dute euskal musikari askok maite dutela Olympia hiriko taldea. «Zeharkakoa [eragina] handiagoa da zuzenekoa baino. Haien zale diren musikari asko daude, nahiz eta gero haien musikan hainbeste nabaritu ez», dio Lopezek.

«Nire ustez, Lisabo taldea, zeina Fugaziren euskal eskola litzatekeen, Beat Happeningen oso zalea da. Gauza komun asko daude Fugaziren eta Beat Happeningen artean, kudeaketaz eta kontzertuez harago. Niretzat Beat Happening nire punka ziren, aipatutako Aventuras de Kirlian bezala. Nire erantzuna sistemari», azpimarratu du Bassmattik.

Beat Happeningekiko pasioa erakutsi du berriro Lopezek, baina etsipen ukitu batekin. «K Recordsen egoitzatik pasatu ginen, eta salgai zegoela ikusi genuen. Bollera batek 'Are you looking for Calvin?' galdetu zigun, eta guk Pottors Ta Klitoren disko bat utzi genuen atean. Eta jakin genuen K Recordsek dirutzak zor dizkiela hainbat musikariri egile eskubideetan. Eta Sarah Recordsi buruzko liburu bat erosi genuen herriko disko dendan, sinesten jarraitzeko». Bassmatik gaineratu: «Nire ustez Do It Yourself filosofiari helduta bizirik dirauen adibiderik handiena da Calvin. K Recordsetik bizitzen jakin du, egun xukadera erabiliak ere saltzen badizkizu ere kabroiak». Billy Wilderrek esango lukeen bezala, «inor ez da perfektua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.