Literatura

Hollywoodeko kontakizunak

Scott Fitzgeralden nobela bukatugabea argitaratu zela 80 urte dira aurten. Edmund Wilson idazlea arduratu zen 'The Last Tycoon' eleberriaren edizioaz.

Francis Scott Fitzgeraldek fotomatoi batean bere buruari egindako argazki bat. PRINCETON UNIVERSITY LIBRARY.
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Donibane Lohizuneko hondartzan ikasi zuen igeri egiten Scott Fitzgeralden The Swimmers (Igerilariak) ipuineko Harry Marston protagonistak. Kontakizuna The Saturday Evening Post aldizkarian argitaratu zen 1929an. Iñigo Roquek eta Garazi Arrulak itzuli zuten 2014an, Plazeraren gau ilunekoak bilduman.

Fitzgerald XX. mendearen lehen erdiko idazle nagusietako bat izan zen. Gatsby handia da idazlearen eleberririk ezagunena, 1925ean argitaratua (1990ean Xabier Olarrak euskaratua). Eta 1936ko The Crack-up artikulu saila oinaztura segida bat da (2018an Javi Cillerok itzulia). Bihotzekoak jota, 44 urte zituela hil zen Fitzgerald, 1940ko abenduaren 21ean, Kaliforniako Los Angelesen.

Bukatu gabe utzi zuen The Love of the Last Tycoon (Azken ahalguztidunaren amodioa) nobela, 1930eko hamarkadako Hollywoodeko zinema industriaren inguruko kontakizun konplexu eta zirraragarri bat.

Monroe Stahr zinema ekoizlearen lanbidea, negozioa eta amodiozko istorioak kontatzen ditu. Metro Goldwyn Mayer konpainiako buruetako bat izandako Irving Thalberg ekoizlearengan oinarrituta dago eleberriko Stahr protagonista. Eta honen bazkidea den Pat Brady ekoizlearen alaba Cecelia Brady pertsonaia da kontalaria, lehen pertsonan. «Harrapatu egin ninduten haren begi ilunek», idazten du Ceceliak, aurrez aurre Stahr ikusi zuen lehen aldi hura gogoan; «eta neure buruari galdetu nion nolakoak izango ote ziren maiteminduz gero. Begi atseginak ziren, urrunak eta, adeitasunez arrazoitu arren zurekin, apur bat nagusiak».

Lehen kapituluan, Stahr jauna New Yorketik Los Angelesera hegazkinean doa lan kontuengatik; eta Fitzgeralden asmoa zen, nobelaren amaieran hegazkin istripuan hilko zela. «Ez dut hegazkinaren eroria deskribatu behar», idatzi zuen oharretan; «Stahrren azken irudi bat ematera mugatuko naiz, aireratzeko unekoa, eta aireportuan laburki deskribatuko ditut berarekin bidaiatuko duten pertsonak». Los Angelestik New Yorkera bidean hegazkina goitik behera etorritakoan, Oklahomako mendi batean elurrak estalita geratu behar lukete hondakinek, eta 14 urteko Jim, Frances eta Dan neska-mutilek aurkituko lituzkete.

Fitzgeralden eleberri anbiziotsuena izatekoa zen Azken ahalguztidunaren amodioa. Aurreneko bost kapituluak idatzita daude, seigarrena hasita dauka, eta hamargarren kapitulura arteko asmoetatik batzuk oharretan jasotzen ditu. Nobela sofistikatu bat nola proiektatzen den ikusten da, beraz, idazlearen tailerra balitz bezala, erakustaldi zoragarri batean.

John Dos Passosek idatzi zuen: «Tragikoa da Scott Fitzgerald ez bizi izatea nobela bukatzeko. Geratu den bezala ere, iruditzen zait izango dela, kultura baten bilakaeran noizean behin agertzen diren testu literario bakan horietako bat, etorkizuneko gertaeren garapenean eragin sakona izango duen horietakoa».

Gidoilari baten abenturak

Hollywoodeko estudioetan lan egin izan zuten idazleez lerro maltzur batzuk datoz bosgarren kapituluan: «Hemen denbora gutxian jardunez gero, errespetuzko tratua ematen zitzaien; bertan geldituz gero, hondoratu egiten ziren gainerako guztiekin batera, eta bulegari mailara igarotzen ziren». Fitzgeraldek hiru alditan lan egin izan zuen Hollywooden, azkenekoz 1937 eta 1939 artean, urte eta erdiz, Metro Goldwyn Mayer konpainian. Sei gidoi: 2.400 orrialde inguru. Ez dago argi zergatik bota zuten; esan ohi da, arazoak izan zituela zentsurarekin eta Joseph Mankiewicz ekoizlearekin. Orduan ekin zion Azken ahalguztidunaren amodioa eleberria idazteari.

Asteburuak, ordea, ipuinak egiten pasatzen zituen, Esquire aldizkariko Arnold Gingrichek 250 dolar eskaini baitzizkion kontakizun bakoitzeko. Horiek dira Pat Hobbyren istorioak: hamazazpi kontakizun, bi hamarralditan Hollywooden lanean ari den 49 urteko gidoilari ezkerti bati buruzkoak. Galtzaile bat. Alkoholikoa. Birritan ezkondua, eta berehala dibortziatua. Pat Hobby gidoiak egituratzen aparta izan zen zinema mutuaren garaian. Baina orain [1940] elkarrizketak idatzi behar dira, eta berak ez du horretarako trebetasunik. Anfetaminak eta kafe ugari hartu behar ditu, apur bat idatziko badu. Komedia gupidagabe baterako pertsonaia eta gaiak eskaini zituen Fitzgeraldek.

Kontakizun haietatik bosgarrena bihurtu da denetan ezagunena: Pat Hobby eta Orson Welles izenekoa. Honela hasten da: «Nor da Welles? —galdetu zion Patek Louieri, zaldi karreren apustu artekariari—. Egunkari bat hartzen dudan aldiro Welles horrekin topo egiten dut». Eta halako batean esango diote, Orsonen izugarrizko antza daukala; eta harena bezalako bizar batez mozorrotuko dute Pat, hamar dolarren truke, zor baten ordainetan.

Zazpigarrena da, agian, hunkigarriena; estudioetara John Brown Hobby agertzen baita, Pat gidoilariaren semea. Irakurleak hor jakingo du, Delia Brownekin ezkondu zela Pat 1926an, John jaio zela, 1927an dibortziatu egin zirela, eta Indiako gizon aberats batekin ezkondu zela Delia. 14 urteko John, orain, Hollywoodeko estudioak ezagutzera joan da bere osabarekin: Sir Singrim Dak Raj, Indiako aberatsenen artean hirugarrena.

Pat Hobbyren istorioak 1940 urtarrilean argitaratzen hasi ziren Esquire aldizkarian, hilero bat. Abenduan hil zen Fitzgerald, baina hark idatzitako ipuinen pilpirak 1941eko maiatzera arte iraun zuen, bost istorio gehiagorekin. Ezpata baino ahaltsuagoa izenburua du azken-aurrekoak; honela amaitzen da: «Idazleek ez dute zer eginik hemen. Ez lukete etorri behar. Ez dituzte idazleak nahi. Gidoilariak nahi dituzte, nire gisakoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.