Hutsarteetako oharrak

Rafael Chirbesek nobelen itzurian idazten zituen egunerokoen bigarren liburukia argitaratu dute. Inguruaz eta batez ere bere buruaz uste zuenaren lekukotza bizia da.

Rafael Chirbes idazlea, 2013an, BERRIAri eman zion elkarrizketa batean, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zertan joan zait otsaila? Tarte batzuk ordenagailu aurrean, burua hutsik, eta beste guztiak iritsi beharko lukeen nobelarako baliagarri izan daitezkeen esaldiak apuntatzen. Apenas hurbildu naizen koaderno hauetara. Sikiera, Sobremesa-koei Castelloko olioen inguruko artikulu luzea entregatzea lortu dut; bide batez esanda, primerakoak dira. A! Eta zutabetxoak, duela hiruzpalau hilabetetatik hona Descobrir aldizkarirako idazten ditudanak. Bada zerbait». 2005eko martxoaren 5ean jaso zuen ohar hori koadernoan Rafael Chirbesek. Orrialde eskas bat, erdia akaso. Urte bereko azaroaren 1ean, baina, dozena bat orrialdetik gora bete zituen, orduan ere idazten egon behar lukeen nobela idazten ez egoteagatik bere burua estutzen duen idazlearen ahots ozpinduz. «Apenas lo egin dudan. Masa y poder irakurtzen eman dut ia gau osoa. Argitu duenean, ordenagailu aurrean jarri, eta nobelari esaldiak jarri eta kendu ibili naiz. Ezer askorik ez. Martxa honetan, beharbada bi urte pasatuko dira bukatzerako. Eta zer? Zerk behartuko nau, ba, martxa aldatzera? Pertsonaiari eutsi beharrak —neure pertsonaiari—. Ez baduzu eleberririk idazten —eta ez baduzu argitaratzen—, zer zara orduan? Irakurle patxadatsu bat. Edo irakurle bat, huts-hutsean; utz dezagun patxadatsuarena besterentzat. [...] Eleberrigilea naiz, aurkitzen dudanagatik baino gehiago, ihes egiten diodan horrengatik, idaztean saihesten dudan guztiagatik eta eskapatzen natzaion horrengatik».

Beste ezeren gainetik, nobela idazlea izan zen Chirbes (Tavernes de la Valldigna, Herrialde Katalanak, 1949 - Beniarbeig, Herialde Katalanak, 2015). 1988an arrakastaz atera zuen Mimoun estreinakoa, eta, beste seiren ondoren, Crematorio-rekin (2007, Espainiako Kritikaren Saria) heldu zitzaion kritikarien eta irakurleen erabateko aitortza; En la orilla-k (2013, Espainiako Narratiba Sari Nazionala) are gehiago finkatu zuena. Biriketako minbizi bortitz batek jota hil baino gutxi lehenago amaitu zuen bederatzigarren eta azken nobela, París-Austerlitz, eta 2016an eman zuen argitara Anagramak, idazlearen bizi guztiko argitaletxeak.

Nobela izan zen, nabarmen, Chirbesen buruhausteetan buruhausteena, beraz, baina oparo idatzi zuen horietatik kanpo eta horiek idatzi bitartean. Zutabeak, askotariko enkarguak eta milaka lerro solte baina konstante bere koadernoetan. 2021ean kaleratu zuen Anagramak material horren guztiaren lehen liburukia —idazleak berak publikatzeko prestatu zuena—, eta berriki plazaratu dute falta zen erdia: Diarios. A ratos perdidos 3 y 4 (Egunerokoak. Hutsarteetan 3 eta 4). Argitalpen ezinbestekoa espainiar letra garaikideetako idazlerik zorrotzenetako baten erretratua osatzeko.

Lehen liburukiak 1985etik 2005era arteko oharrak biltzen bazituen, utzitako lekutik hartu, eta 2007ko urtarrilaren 6ra iristen da liburuki berria —«Errege Magoek egun epel bat ekarri dute, argitsua, bai gozatua mahaian, goiza nobela txikitzen pasatu badut ere, deskubritzeko, ai, deskubritzeak izutzen ninduena: haren ezereza»—, eta garden erakusten du bere garaia eta bere burua ulertzeko egilearen ariketa etengabea, idazketari itsatsia beti.

Paris, Berlin, Munich

Asko bidaiatutako gizona izan zen Chirbes. 16 urterekin Madrilera Historia ikastera atera, Marokon, Frantzian eta Galizian bizitzen jarri, eta idazle ibilerek ugaritu zizkioten joan-etorriak gero. Bi zakurren konpainian, biztanle gutxiko inguru batean igaro zituen azken urteak, baina hiri handi ugari ezagutzeko aukera izan zuen aurrez, eta nabarmena da horien arrastoa koadernoetan; New York —«Manhattanen, hondoko zarata ilun bat entzuten da beti, hala gauez nola egunez»—, Berlin —«Holokaustoaren monumentuari beha geratzen naiz, asmatu nahian zer naizen: aldekoen ala kontrakoen taldekoa», Madril—«Hiriko paisaian ezer ez dator bat»—, Paris —«Parisen erdiguneko txoko bakoitza Paris osoa da»—, Munich— «Europa erdialdeko hiri hauetatik, haien itxura arrazoizkoak erakartzen nau: nola irten den garaile arrazoia haien ordenamenduan eta trazatuan»—, eta besterena.

Ikusten zuenari buruz idazten zuela esaten zuen aldiro, eta Espainiako bizitza politikoaren eta moralaren eboluzioa modu garratzean kontatu zuen bere lanetan. Ez zituen, oro har, epelkeriak batere maite —«Gero eta okerrago daramat sozialdemokraziaren aho biko hizkera hori. Progresia ondo-pentsatu hori»—.

Gainontzean, loezinari aurre egin, asko erre, gertukoekin jatorduak egin, etxean gotortu, alkohola edan —«Ajea. Eta berriz ere antsietatea, sentimenduen nahasmena, berriz ere ezin jakin non hasten den desira eta non mespretxua»—, ahal duen guztia irakurri eta berrirakurri —«Hori da egitea ukatzen ez zaidan gauza bakarra. Irakurri egiten dut, ez pentsatzearren, ez idaztearren. Idazteak ni ezgai eta beldurtu batera nakar»— eta filmak ikusten eta ikusitakoak berrikusten dituen norbait aurkezten dute egunerokoek, egarri handiz bizi dena —«Los sobornados ikusi dut, berriz. [...] Carmen Martin Gaiterekin ikusi nuen estreinakoz, duela dozena bat urte: izugarri gustatu zitzaigun»—.

Kraka garbitzea

Gaite bezala, hurbileko izan zituen zenbait idazle eta kultur munduko jende, baina, oro har, zirkulu literarioetatik aparte egin zuen bidea Chirbesek; idatzi nahi duenarentzat komenigarriagoa delakoan. Egile bat aspergarri iruditzen bazitzaion, bestea inozoa, halakoa harroputza, guztien gaineko kritikak jasota utzi zituen koadernoetan. Baina, edonola ere, idazleren baten kontra egitekotan, Rafael Chirbesen kontra egin zuen: «Zer kontaturik ez daukan ergel hori, bere porrota geroari komunikatzen tematua».

Irizten zion garaian garaiko zokorik ainubeenetan aztarrika egitea zela idazle on baten egitekoa, eta ez zuen barkatzen «izendatu» beharrean «inguratu» egiten duen lengoaia, bertan atsegin hartzen geratzen dena. Idazlearen egiazko egitekoa erretorikan «zulo egitea» zela apuntatu zuen, hala, hutsarteetako batean, bere buruari gogorarazi nahiko balio bezala. «Horixe da idazlearen lantegia: hizkuntzari eransten zaion kraka garbitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.