Musika

Arima beltzeko irlandarra

Ez zen ez beltza ez estatubatuarra, baina blues-rockaren sugarra piztuta eduki zuen hiru hamarkadaz. Gaur 25 urte dira Rory Gallagher abeslari eta gitarrista hil zela .

Rory Gallagher eta haren Fender Stratocaster gitarra. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Musikarien musikari eta rock nahiz blues artista ugariren maisu izan zen Rory Gallagher (Ballyshannon, Irlanda, 1948-Londres, 1995). Abeslari eta gitarrista maitatu eta goraipatua. Eta, halere, bere garaian arrakasta lortu eta oraindik askorentzat erreferentzia handia izan arren, haren izenak ez dauka, gaur egun, bluesa eta rocka landu duten beste musikari batzuen oihartzunik. Ez behintzat publiko zabal baten barruan. Gallagher 1995eko ekainaren 14an hil zen. Gaur 25 urte. 47 urte besterik ez zituela.

Jimi Hendrix bera izan zuen Gallagherrek miresle. 1970eko abuztuaren amaieran Wighteko Uhartean (Erresuma Batuan) egindako jaialdian bat egin zuten biek; Taste blues-rock hirukoteko buru zen orduan irlandarra, eta bere bizitzako azken egunetan zen estatubatuarra —hiru astera hil zen—. Orduko hartan Rolling Stone aldizkariko kazetari batek elkarrizketa egin zion Hendrixi, eta, bere gitarrista gustukoenez galdetuta, Electric Ladyland-en egileak ez zuen zalantzarik izan: Rory Gallagher. Artean 22 urte besterik ez zituen azken horrek.

Musika barruan eraman zuen Gallagherrek txiki-txikitatik, agian gurasoak ere musikariak zituelako. Corkera lekualdatuta, 9 urterekin, lehen gitarra akustikoa erosi zioten, eta, 12rekin lehiaketa batean irabazitako diruarekin, lehendabiziko gitarra elektrikoa eskuratu zuen. Eta, bitartean, musika jale amorratua ere bilakatu zen, irratiaren bitartez iristen baitziren haren belarrietara ozeanoaren bestaldeko blues eta rock-and-roll doinuak. Ondorioz, ez zuen denbora asko behar izan musika talde batean sartzeko, eta 15 urte zituenerako Irlanda eta Erresuma Batua alderik alde zeharkatzen hasi zen Fontana taldeko kide gisa. 1965erako, baina, bere proiektu propioa zuen buruan, hurrengo urtean aurrera aterako zuen blues-rock hirukotea: Taste. John Wilson (bateria) eta Richard Charlie McCracken (baxua) taldekideekin bi disko argitaratu zituen (Taste, 1969; eta On The Boards, 1970), baina, kideen arteko desadostasunak medio, proiektuak ez zuen asko iraun, eta 1971n bere lehenengo bakarkako diskoa argitaratu zuen: Rory Gallagher.

Jon Gurrutxaga musikariak gaztetan, «institutuko lehen urteetan», ezagutu zuen Gallagherren musika, haren anaia nagusiak etxean gitarrista irlandarraren aurreneko disko hori zuelako hain zuzen ere: «Berehala harrapatu ninduen entzun nuenean». Gurrutxagak 2006an kaleratu zuen, Paper Hotsak argitaletxearen bitartez, Rory Gallagher, kemena eta leialtasuna musikariaren biografia, eta inoiz ez du ezkutatu harekiko izan duen miresmena. Arima Beltza taldearen lehenengo diskoan bertan, Rory izeneko kantua sartu zuten: «Roryren azken diskoko The Loop kantu instrumentala jotzen genuen zuzenean, eta, lehenengo diskoa prestatzen ari ginela, kantu haren tankera hartzen genion abesti instrumental bat sortu genuen. Aproposa iruditu zitzaigun kantuari Rory izenburua jartzea, haren omenez».

[youtube]https://youtu.be/HUbLtdqdg9E[/youtube]

1970eko hamarkadan argitaratu zituen Gallagherrek bere lanik ezagunenak: Deuce (1971), Blueprint (1973), Tattoo (1973), Against the Grain (1975), Calling Card (1976)... bluesaren eta rockaren artean mugitu bai, baina beste estilo batzuetara ere tarteka irekitzen ziren lanak. Gurrutxaga: «Nik esango nuke batez ere bluesetik edaten duten estiloak zituela maite: blues akustikoa, adibidez, asko maite zuen». Baina, batik bat, musikari irekia zen, jazzari, country doinuei eta baita rock gogorragoari ere lekua uzten zekiena: «Musika kultura oso zabala zuen. Bere emanaldietan beti jotzen zituen hainbat abesti gitarra akustiko, mandolina edo dobroarekin. Jazza ere gustuko zuen, hortik zetorren saxoa jotzeko bere zaletasuna».

1970eko hamarkadan argitaratutako diskoen artean ezberdintasunak egon badauden arren, Gurrutxagak uste du Gallagherren lan guztietan daudela «kantu bikainak», konpositore gisa ez baitzen mugatzen patroi huts batzuk behin eta berriz erabiltzera: «Konposizioari garrantzi handia ematen zion; haren kantuek beti zuten zerbait esateko. Nortasun handikoak ziren, eta horiek ematen zioten izaera lan bakoitzari».

Bestalde, blues-rocka landu zuten gitarrista gehienen kasuan bezala, riffak «giltzarri» ziren Gallagherren kantuetan, baina, horiez gain, «lelo itsaskor eta gogoangarriak utzi zituen disko guztietan».

[youtube]https://youtu.be/B4X4rdyXIEw[/youtube]

Euskal Herrian, bost aldiz

Gurrutxagak liburuan jaso bezala, bost aldiz jo zuen Gallagherrek Euskal Herrian. Donostian izan zen 1974an eta 1975ean, Irunen (Gipuzkoa) 1979an, eta, azkenik, Lekeition (Bizkaia) eta Hendaian (Lapurdi) 1986an. «Harrera ona izan zuen, eta Euskal Herriko musikari ezagun asko izan ziren ikusten. 1974ko emanaldian Mikel Laboa izan zen publikoan, eta 1979koan, Anje Duhalde, Txomin Artola eta Arima Beltza taldeko Joseba Alonso harmonika jole eta laguna, esaterako».

1980ko hamarkadan segitu zuen diskoak argitaratzen, baina erritmo pausatuagoan. Izan ere, bizitzan aurrera egin ahala, hegazkinekiko izuak harrapatu zuen, eta horri gehitu behar zaio alkoholarekiko mendekotasunak ere osasun arazoak ekarri zizkiola. Hain zuzen ere, alkoholaren eta lasaigarrien arteko konbinazioak eragin zuen haren heriotza. Gibeleko transplante bat egin zioten, baina, erietxean izandako infekzio baten ondorioz, hil egin zen, 1995eko ekainaren 14an.

Musikari laudatua eta miretsia izan zen Gallagher, baina gaur egun pixka bat ahantzia dago, beste blues eta rock musikari batzuen aldean behinik behin. Gurrutxaga: «Ez zen disko berri bat argitaratu eta horko kanturik esanguratsuena jo eta su promozionatzearen aldekoa. Diskoak beren osotasunean hartu behar zirela pentsatzen zuen. Eta segur aski filosofia horrek ez zion lagundu beste hainbat musikari bezain famatua izaten». Hala ere, Gallagherren zaleak zale «amorratuak» direla gaineratu du euskal musikariak: «Zerbait berezia zuen Corkeko gitarra joleak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.